Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

Biologia aitzakia

Patriarkatuaren menderatze-teknologien artean, esentzialismo biologikoa da bereziki kaltegarrienetako bat: gizonak eta emakumeak kategoria natural, betiereko eta aldaezin gisa ulertzen ditu, eta, horrekin batera, natura bera eraldaketatik kanpo legokeen esparru finko gisa aurkezten du. Ikuspegi horrek ondorio politiko zuzena du: zapalkuntzaren izaera historiko eta soziala lausotzen du, eta hura ezinbestean onartu beharreko errealitate natural gisa agerrarazten du.

Testuinguru horretan kokatu behar da Mendebaldeko feminismoak luzaroan egin duen sexuaren eta generoaren arteko bereizketa: generoa eraikuntza sozial eta politiko gisa pentsatzeko aukera ireki badu ere, sexua sarritan oinarri natural, finko eta dikotomiko gisa utzi du, auzitan jarri gabe. Horrek arrisku bat dakar: zapalkuntza sostengatzen duen “naturaltasunaren” markoa bere horretan mantentzea. Horregatik, ez da nahikoa generoaren eraikuntza soziala aztertzea; beharrezkoa da sexuaren kontzeptua bera ere berrikustea, haren ustezko naturaltasuna, finkotasuna eta neutraltasuna auzitan jarriz.

“Ar” eta “eme” kategoriak klase natural gisa hartu ahal izateko, baldintza sendo bat bete beharko lukete: esentzia biologiko unibertsal bat izatea, hau da, kategoria bakoitzeko banako guztiek partekatuko luketen eta beste taldearekiko desberdina izango litzatekeen propietate intrintseko bat konpartitzea espeziea edozein izanik ere.

Anisogamia (gametoen tamainaren arteko desberdintasuna) “ar” eta “eme” kategorien oinarri biologiko gisa aurkezten bada ere, ez da nahikoa bi kategoria horiek esentzia biologiko unibertsal eta egonkor baten adierazpen gisa ulertzeko ere. Zergatik? Anisogamiak ez duelako gaitasunik beste ezaugarri esanguratsu batzuk modu koherentean azaltzeko eta aurreikusteko (morfologikoak, portaerazkoak, ugalketari lotutakoak). Horregatik, “ar” eta “eme” sailkapenerako tresna erabilgarriak izan daitezkeen arren, ezin dira zentzu sendoan klase natural gisa ulertu.

Sailkapen kategoria hauek naturalizatzean binarismo heterosexualak aniztasun biologiko zabala bi klase finkoetara murrizten du, gorputz oro bi kategoria hertsitan sarraraziz eta kanpoan geratzen diren kasuak salbuespen edo anomalia gisa tratatuz eta patologizatuz. Horrek agerian uzten du kategoriak ez direla datuetatik modu neutroan sortzen, baizik eta datu horien interpretazio heterosexualak gidatuta. Arazoa ez da soilik biologikoa, epistemologikoa ere bada. Kategoriak beharrezkoak dira zientzian, baina erabilgarriak izateak ez du esan nahi errealitatearen egitura sakona islatzen dutenik (hori existituko balitz). Horregatik, zilegi da galdetzea ea baden beste sailkapen-modurik hobeto islatzen duenik bizidunen aniztasuna.

Anne Fausto-Stearling, Lu Ciccia, Sara S. Richardson, Malin Ah-king, Joan Roughgarden edo John Dupre bezalako ikertzaileak lan horretan daude, eta transfeministok adi jarraituko diegu zapalkuntza heterosexuala desnaturalizatzen lagunduko diguten ekarpen zientifiko eta filosofikoei. Baina zuek jarraitu biologiaz ezer gutxi jakinda antizientifikoak garela esaten, jarraitu biologia den zientzia konplexua binarismo sinplistetara erreduzitzen, jarraitu zientzia dogma gisa erabiltzen zuen interes politikoak justifikatzeko. Bitartean, aurrean izango gaituzue, biologiaz mozorrotu nahi dituzuen zuen kasketaldi patetikoei barre egiten. •