
Arantzazuko santutegia, Oñatin, erreferentziazko tokia da Euskal Herriaren bizitza erlijioso eta kulturalean. Herri-kondairak dioenez, Errodrigo Baltzategi artzain gazteak, 1468. urtean elorri zuri baten gainean zegoen Ama Birjinaren irudi bat aurkitu zuen toki horretan. Ama Birjinaren harrizko irudiak 36 cm-ko garaiera du; erreginaz jantzirik eta eserita dagoen dama bat irudikatzen du, eta ezkerreko belaunaren gainean Jesus Haurra du biluzik.
Irudiaren aurkikuntzaren berri zabaldu ahala, erromesak iristen hasi ziren, eta kapera bat eraiki zuten laster toki hartan. 1514. urteaz geroztik, frantziskotarrek zaintzen dute Arantzazuko santutegia. Hasierako kapera xume horretatik gaur arte aldatuz eta hedatuz joan da eraikina. Suteen ondorioz, santutegia hiru aldiz eraiki behar izan da. 1553. urtean gertatu zen lehenengo sutea, 1622. urtean bigarrena, eta azkena eta okerrena Lehen Karlistaldian izan zen, 1834ko abuztuaren 18an, Rodil jeneral liberalaren aginduz. Birrinduta geratu zen Arantzazu hamaika urtez.
Rodil jeneral liberalaren aginduz, eta antzuolarra omen zen Anselmo de Iñurrigarro komandantearen gidaritzapean zeuden "Voluntarios de Guipúzcoa" izeneko soldaduek sua eman zioten Arantzazuri, gaueko 4:00retan, ustez bertan karlistak-edo gordetzen zirelakoan. Birrinduta geratu zen Arantzazu, nahiz eta antzinako elizak eta kanpandorreak zutik iraun. Amabirjina aurretik jaitsi zen Oñatira.
Antonio Zabalak (1992) ‘Karlisten leenengo gerrateko bertsoak’ izeneko liburuan, berriz, berak ere hango eta hemengo informazioa erabiliz (`kondaira edo entzuna´), bertsio hau eman zuen:
“… Gau hartan, Rodil gaiztua zetorrela jakin zutenian… Antzuelako semia Iñurrigarro (apenas izan bear zuen tresna zuzena), eta Rodillen ordenaz ori juan omen zan Arantzazura pesetero soldaduakin (liberalekin)… Arantzazura jun eta bapo jan da edan egin ondorian, Aita Guardianuari esan omen zion erre ein biar zuala Rodillen ordenaz, eta Amabirjina atera nai bazuten ateratzeko, eta bestela etzeuala ezetarako astirik. Ala su eman eta Ama atera omen zuten eta praille gizajuak negarrez zijuazela… Edo kondaira edo entzuna da…".
1845. urtean, hala ere, berriro eraikitzeko lanak hasi eta 1846. urteko azaroaren 19an Oñatin jasoa zegoen Ama Birjinaren irudia berriro santutegira eraman zuten. Fraideek 1878. urtetik aurrera eraikin berri bat egiteari ekin zioten, eta ordutik aurrera santutegiaren ospea eta garrantzia areagotzeko lan egin zuten etengabe.