
53 preso errepublikano atera ziren Iruñeko Presondegi Probintzialetik duela 89 urte. Gehienak Iruñeko errepublikanismoaren eta sindikalismoaren intelektual eta buruzagi nabarmenak ziren; baina hildako presoen artean baziren beste herri batzuetakoak ere, Auritzekoak, Larragakoak, Obanoskoak eta Alesbeskoak.
Kartzelako patioan zegoen funtzionario batek izenen zerrenda bat irakurri zuen, lerroan jar zitezen. Aske aterako zituztela uste izan zuten. Baina erreketeek eta falangistek, presoak, binaka eta besoak bizkarrean zituztela, lotu ondoren, bi autobusetara igo zituzten eta Bardeako bidea hartu zuten.
Caparroson, Iruñetik 70 kilometrora dagoen lur idor batean, gelditu eta giltzapetu zituzten gauera arte. Gauean, hamarnaka aterata, 52 preso hil zituzten. Bizirik atera zen bakarra Honorino Arteta izan zen, gertatutakoa kontatu izan zuena.
Zauritua zegoen, bala batek jo zuelako hanka batean, baina bizirik zegoen. Bere kideari lotzen zioten sokak apurtzea lortu zuen, gainerakoak errematatzen zituzten tiroak gero eta hurbilago entzuten zituen bitartean. Korrika hasi zen, ihes egin zuen eta zuhaitz batera igo zen bere bila zenbiltzaten bitartean. Aragoi ibaitik gora egin zuen, Pirinioetara iritsi eta muga pasa zuen. Kataluniara joan zen handik, Errepublikaren alde borrokatzeko.
Sarraskiaren bezperan, 3,5 metro zabal eta 7 metro luze zen hobi komun handi bat ireki zuten. Hantxe gelditu ziren gorpuak. Bertan eraikitako memoriagunean, hau irakur daiteke: «Valcalderako hilobia 1959an ireki zen, ahaideei horren berri eman gabe eta beraien baimenik gabe, gorpuzkiak Erorien Haranera eramateko helburuarekin. Halaber, hara eraman zituzten Nafarroako beste herri batzuetako pertsona erailen gorpuzkiak. Franco hil eta gero, ahaideak antolatu egin ziren beraienak ziren gorpuzkiak eskatzeko, eta, 1979an, Nafarroara eramateko baimena lortu zuten Cuelgamurosen gaur arte egin den exhumazio bakarrean. Halere, oraindik ez da jakin itzuleran non hobiratu zituzten azkenean eta horrek errepresaliatu talde hau bortxazko desagerpenen ondorioen ikur bihurtu du».
Zauriak zabalik jarraitzen du oraindik, beraz. Horregatik, urtero omenaldia egiten zaie hildakoei Iruñean eta Bardeetan.