
Amurrioko Udalak web-inprimaki bat prestatu du, hurrengo jai-egitaraua egiteko proposamenak jasotzeko,. «Herritarrek jaiei buruz duten iritzia» ezagutzea da Gobernu taldearen helburua, eta horretarako 2026ko jaietarako dituzten proposamenak jasoko dituzte.
Ohar baten bidez jakinarazi duenez, balorazioak eta proposamenak formularioaren bidez aurkeztu ahal izango dira irailaren 30era arte.
Laguntza behar izanez gero, Amurrioko Udaleko lehenengo solairuan dagoen Jai Eremura joan ahal izango dira herritarrak, astelehenetik ostiralera 8.00etatik 14.00etara edo 629 42 33 06 telefonora deituta.
Naiara Barallobre Jai eta Kultura zinegotziak inkestan parte hartzeko deia egin du, «guztien artean programa biribil bat diseinatzeko». Adierazi duenez, «herriak bere jaien definizioan parte hartu behar du», bere «nortasunaren parte delako».
Balorazioa eta proposamenak aurkezteko epea amaituta, horiek jaietako lantaldean landuko dira, eta kontuan hartuko dira 2026ko programa definitzerakoan, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa, balio kulturalak eta sozialak eta publiko desberdinen arteko oreka kontuan hartuta, besteak beste.
Barallobrek azaldu du jaietako lantaldea talde irekia dela, eta hileko bigarren astelehenetan biltzen dela, 18.00etan, Amurrioko udaletxeko osoko bilkuren aretoan, nahi duten guztiek parte har dezaten. Bilera urriaren 7an, azaroaren 10ean, abenduaren 15ean, urtarrilaren 12an, otsailaren 9an, martxoaren 9an, apirilaren 13an, maiatzaren 11n eta ekainaren 8an egitea aurreikusten da.