
Bermeoko berbekin jolasean aritzean datzan ‘Eingule?’ lehiaketaren edizio berri bat egingo dute irailaren 6an, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Udalak iragarri duenez, Txosna Batzordearekin elkarlanean antolatu da, eta txosnagunean bertan ospatuko da lehiaketa, 21.00etatik aurrera.
«Herritarrak berbetan jartzea» da asmoa, eta gazteen parte hartzea bultzatu nahi dute. «Lehiaketak Bermeoko hizkera, identitatea eta kultura zabaltzea du helburu, eta herritarrei nortasuna ematen dien hizkerak egunerokotasunean duen baliagarritasuna agerian utzi gura da», azaldu du udal Gobernuak.
Zehaztu duenez, parte hartzea herritar guztiei zabalik dago, eta banaka, bikoteka edo taldeka parte hartzeko aukera dago. «‘Asmazank’ formatua erabiliko da lehiaketarako», eta sakelako telefonoaren bidez jolastu beharko dela zehaztu dute.
Era horretara, «24 galdera erraz» erantzutea da gakoa. Puntuazio altuena lortzen duten lehenengo hiru parte hartzaileak izango dira irabazleak. Lehiaketan, gainera, erantzuteko denbora eta ondo erantzutea baloratuko da.
Hiru sari banatuko dira, herriko denda batean gastatzeko, 60 euroko txartela bat, 100eko bat eta 150eko beste bat.
Bideoak sareetan
Lehiaketarekin lotuta, bost bideo zabalduko ditu Udalak sare sozialetan, «herrian erabiltzen diren berba errazak» berreskuratu eta ahalik eta gehien zabaltzea da asmoa, erabilera indartzeko.
Lehiaketa egunean bertan Bermeoko esaerak gogoratzen dituzten pegatinak banatuko dituzte txosnagunean.
«Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du, eta gurea berreskuratu eta indartu gura dugu», adierazi du Iker Bilbao San Nikolas Euskara zinegotziak.