
Larre berdeak etxe zuri teila gorriak, jendarme autoa, bidean; bildots artean, pasatzen. Ruperren kanta horrekin lotu izan dut beti “euskal paisaia”-ren ideia. Euskal Herriaren aniztasunak gorabehera, ideia sinplifikatu batekin laburtzerakoan, ikurrinaren koloreak dituen koadro bat datorkigu gehienoi burura, muino berde batean dagoen baserriarena.
Euskal Arkitektura Institutuan “Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain” erakusketa dago ikusgai irailaren 14ra arte. Bertan, baserriaren historia eta eraikuntza metodoak ezagutzeaz gain, haren inguruan emandako erromantizazioari buruzko gogoeta ere egin ahal izango dugu, eta, etorkizunean jokatuko duen paperaren inguruko eztabaida irekitzera gonbidatzen gaitu.
Arkitekturaren bidez identitate nazionala irudikatzea XVIII. mende bukaeratik aurrera Europa osoan nagusitu zen erromantizismoari zor diogu. Arrazoiaren ordez, sentimenduen pertzepzioan oinarritutako mugimendu artistikoa izan zen, Ilustrazioaren eta Neoklasizismoaren aurkako erreakzio modura sortua. Hasieran nazio estatu berrien irudia erakusiko zuen estiloa bilatu zuten herrialde askok eta Gotikora eta Barrokora jo zuten eraikin instituzionalak egiteko. Baina XX. mende hasieran, ideia erromantikoak indarra hartzen ari zen industrializazio eta modernitatearen aurkako mugimendu bihurtu ziren, bertakoaren, tradizionalaren irudia berreskuratzea bilatuz.
Gurean, korronte erregionalista horrek “Neovasco” izena hartu zuen, eta, eraikin publiko batzuk utzi baditu ere, nagusiki burgesiaren villa eta jauregietan izan zuen eragina. Baserriaren modelo hori, garaiz garai eguneratuta, gaur egun arte ailegatu da, zuriz margotutako eta egurrezko apaingarriz atondutako hormigoizko txaleten edo teila gorrizko bi isuriko estalkia duen gasolindegi baten forman.
Baserriaren irudia eguneratu eta erreproduzitzen zen bitartean, baserria bera galbidean zegoen. XIX. mende bukaerako industrializazioak oso pobretutako landa eremuko jende asko hirietara mugitzea ekarri zuen, milaka baserri abandonatuta. Exodo hori apaldu bada ere, baserriari zentzu eta izaera ematen zioten nekazaritza eta abeltzaintzan gero eta jende gutxiagok dirau eta baserrien biziraupena inoiz baino kinka larriagoan dago. Egiturazko arazo horri baserrientzako etorkizun posibleak mugatzen dituzten beste oztopo batzuk ere gehitu behar zaizkio. Oztopo horietako batzuek araudi forma dute eta betiko moduan, kontraesan propioak ere izaten dituzte.
Batetik, baserri eta landa eremuan nekazaritza eta abeltzaintza ez diren beste erabilera gehienak debekatuta egon ohi dira, eta baserri edo landa eremuko eraikinak bizitoki bihurtzea ere ez da erraza izaten. Bestetik, ondare eraikia babestera bideratutako lege eta irizpideek eraikinak mantentzera derrigortzen duten bitartean, haien eguneratze funtzionala baldintzatu eta garestitzen dituzten irizpideak ezartzen dira, laguntza ekonomikoak oso urriak direla. Hirugarrenik, nekazaritzan jarraitu nahi duten horientzat, osasun eta ingurumen legeek animalia esplotazioak herriguneetatik urrundu beharra ezartzen dute, baserrien alboan ukuilu berriak eraikitzea ezinezko eginez testuinguru askotan. Horiek landa guneak pairatzen dituen mila arazoetako hiru besterik ez dira, eta baserri beste istorio aurki ditzakegu.
Hirigintza araudi gehienek landa eremua Arkadia bukoliko baten modura ulertzen jarraitzen duten bitartean, XXI. mendeko Euskal Herria metropoli saretu bat da gero eta gehiago. Mendi magaleko baserrian bizi denak haraneko hiribilduan bizi denaren alboko mahaian egiten du lan bulegoan eta errealitate misto hori islatzen duten araudiak beharrezkoak dira landa eremuak bizirik irautea bermatzeko. Nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera, jarduera “hiritar” askok, eskulangintza edo gozogintza bezalako ofizioek edota grabaketa estudio zein coworking-ek bikain funtziona dezakete landa eremuan.
Dibertsitate horrek inguru horietako biztanleriaren loratze bat ekar dezake, eta, herriek bizirik irauten laguntzeaz gain, jarduera tradizionaletan dihardutenen belaunaldi aldaketari bidea irekitzen dio. Abeltzainaren semea ingeniari egin zen moduan, bihar, agian, ingeniariaren semeak behiak jetziko ditu. •