Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Entrevue
SABINO ASTIGARRAGA
ARRAUNEKO TEKNIKARIA

«Arraunlariak ezin dira Eroskin erosi, nahiz eta mezenas batek finantzaketa handia eskaini»

Santurtzi gorengo mailara itzulita, Sabino Astigarraga etxera itzuli da, Mundakara, Urdaibai eskualdera. Hain zuzen ere, bertako harrobia indartzeko proiektuan murgilduko da.

Sabino Astigarraga, elkarrizketarako ateratako argazkian.
Sabino Astigarraga, elkarrizketarako ateratako argazkian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Harrobiaren uretan mugitzen da gusturen Sabino Astigarraga (Mundaka, 1963). 25 urterekin arraun egiteari utzi zionetik, teknikari gisara jardun da: 20 urte Mundakan, Elantxoben, Bermeo-Arkoten, Kaikun lanak tartekatuz, eta guztira, beste hamar urte Santurtzin, bi etapa ezberdinetan. Azkenengoan, sei urtetan zehar, denetik bizi izan du Soteran: loria, jaitsiera eta igoera. Itzalean egin du lan, batzuetan nahi baino itzalerago, baina argi du harrobia landu ezean arrauna akabatua egongo zela -edota egon daitekeela-. Nahi eta behar horrekin konbentzituta, etxera itzuli da orain, Urdaibai eskualdeko herrien harrobia lantzera, TKE Ligako “Bou Bizkaia” traineruaren amua gertu baitaukate. Urdaibairen lau harrobiko eta 16 kanpoko proportzioa «aldatzeko» egingo du lan, eta espero du eskualdeko eragileen (klub, arraunlari...) babesa izatea.

Mundakan elkartu gara berarekin, Santurtzin zein bere jaioterrian bertan, Musutruk elkartearen eskutik, omenaldi bana jaso ostean. «Oso eskertuta» agertu da: «Urte asko eman ditzakezu arraunaren munduan, baina badirudi ez zarela existitzen. Ez da ospe bila zabiltzala, baina batzuetan ez da baloratzen hor goian daudenen lana baino, banderak lortzen dituztenena».

Oso gazte utzi zenion arraun egiteari.

Lehen adin horretan uzten zen. Lanean hastean, ezkondu ere adin horretan egin nintzen... Arraunlarien artean orain dagoen bizitza-luzera, kasurik gehienetan, soldata baten ondorioa da, edo arraunlaririk onenak elkartzen ari direlako klubik onenetan eta soldatapean, eta errazagoa da ibilbidea luzatzea.

Errazagoa da sakrifizioak egitea, beraz.

Hala da. Denok argi izan behar dugu arraunak sakrifizio ez pertsonalak dakartzala berekin, guk gustura egiten dugu, baina gure ingurukoek jasan behar dituzte albo-kalteak. Eramangarriagoa da etxean esatea ordu pila bat faltako zarela baina soldata bat daukazula, ordu pila bat falta eta soldatarik ez jasotzea baino.

Santurtzin azken urteetako hiru mugarrietan egon zara: bi TKE Liga eta Kontxa bat irabazi duenean, jaitsieran eta TKE Ligara itzuleran.

Traineruak dagoeneko funtzionatzen zuen urteetan hasi nintzen lanean, 2020 eta 2021ean. Esango dizut, halere, 2022tik aurrera erraztasun gehiago eduki nituela. Nik ere pentsatzen dut urte horretan klubeko agintariak benetan konturatzen zirela harrobia garrantzitsua dela, bat ez delako Santa Barbarara igotzen trumoiak jo arte. 2022an oso ahul geratu ginen, eta inoiz baino kontzienteago gaude lana egin behar dela.

Urte horretan, Mikel Portularrumeren alboan egiten nuen lan, behin gazteen denboraldia bukatu zenean. Sasoi ona izan zen, jubenilekin Espainiako txapeldun izan baikinen. Mikeli lagundu nion eta traineruarekin ere udara ona egin genuen, 10. geratu eta kanporaketak saihestuta. Hurrengo urterako, berarekin ez kontatzea erabaki zuen zuzendaritzak; sekula ez dut ulertuko erabaki hori.

Oso urte konplikatuak izan ziren, zor ekonomikoa zegoen tartean.

Bai, baina Mikelek ez zeukan horren errurik. Guztia irabaztetik gentozen, baina ze preziotan! 2022an maila mantendu ostean, Javi Polo etorri zen. Teknikari purua zen, ni prestatu nintzen laguntzen jarraitzeko, baina ez zuen beharrezkoa ikusi. Eta 2024an, Alexander Estebanen gidaritzan, berriro sartu nintzen lehen taldearen dinamikara.

Eta «Itsasoko Ama» maila gorenera itzultzea lortu duzue, estropada batzuetan eskifaia 9 harrobikorekin osatuta.

Ligako azken-aurreko estropadan, -azkena Castron izan baitzen-, taldeko harrobiko arraunlari guztiak lehiatu ziren, bederatzi. Beteranoenak 29 urte zituen, eta beste guztiek 22 urtez azpitik. Zortzi gazteenak nirekin egon dira azken etapa honetan, gaztetxoak zirenetik.

Eta nola lortzen da?

Lan eginez. Beraiek ni jasaten eta nik haiek. Orduak sartu behar dira, ez dauka misterio askorik. Niri beti jarri didate exijente etiketa, baina berez, otsoz mozorrotutako bildotsa naiz, neure burua errespetarazteko. Eta gazteek hori nabaritzen dute. Ikusten badituzu bidali zizkidaten mezuak, negar egiteko modukoak dira (erabat hunkituta).

Lan egin behar dute, baina ez edonola lan egin. Ez du ezertarako balio 20 gazte senior mailara igotzeak, gutxieneko kalitate batekin egin behar dute. Ez da kantitatea bakarrik landu behar, kalitatez iritsi behar dira. Guk lortu dugu aurten senior mailan igo diren gazteak KAE1en banderak irabazten egotea. Ez du balio soilik igotzeak.

Eta gazte gutxi daudenean?

Zailagoa. Baliabideen kontzentrazioa. Denak du bere alde ona eta txarra. Gutxi badituzu, arreta eskaintzen diezu, guztiei ematen dizkiezu aukerak, beharra bertute bihurtzen duzu, besterik ez zaizulako geratzen, eta gainera, maila ematen dute. Denean gertatzen da, e. Begira Bartzelonak, ez zuen dirurik, harrobitik tira egin behar izan dute eta funtzionatzen ari dira. Batzuetan indarrez urkatu egiten dute, eta mutilengandik tiratu behar duzu. Eta asko badira, akaso zortzi on horiek hogeiko talde batean sakabanatuta, sei bidean galtzen dira aspertuta. Ez dakizu nola asmatu.

Nik badakit arraun-klubetan, batez ere prestakuntza-kategorietan, gizarte-lana egin behar dutela, baina hau lehiaketa-kirola da, ez dira boy scout-ak, irabazi nahi diguten beste batzuei egin behar diegu aurre. Hau lehiaketako kirola da eta serioak izan behar dira.

(Aritz LOIOLA / FOKU)

Santurtzikoa bezalako helburua daukazunean play-offean sartzeko edo irabazteko lehian dagoen eliteko traineru bat, errazagoa da. Baina Mundaka batean...

Horregatik. Urdaibaiko traineruaren estimulua erabiliko dugu eskualdeko gazte guztientzat, hori da ideia, hori da nire asmoa. Niri deitzen didatenean baldintza batzuk jartzen ditut eta horien artean, hori da denok proiektuan sinistea, Urdaibai elitean mantentzean eta lau harrobiko eta kanpoko 16 izan beharrean, proportzioak alda daitezela. Niri proportzioa aldatzea gustatuko litzaidake.

Derrigor aldatu behar da hurrengo denboraldirako.

Bai, baina ez dugu egin behar aginduzko egitateagatik bakarrik, baizik eta beharragatik. Behartuta gaude, kluben egoismoagatik bada ere, gazteekin lan egitera, bizirik iraun nahi badugu.

Esan daiteke Urdaibaik orain eskualdearen beharra duela, hitzarmen hau sinatzeko beharra? Hau da, agian duela bi urte ez zen posible izango?

Konbentzituta nago baietz. Duela bi urte Urdaibairen egoera antzekoa zen, bi ñabardurarekin: harrobiko jokalari bat gutxiago behar zuela eta taldeak irabazten zuela . Garaipenek miseriak estaltzen dituzte, baina Urdaibain harrobikoen eskasia behin eta berriz gertatu da, ez da inoiz harrobiko arraunlaririk sobera egon. Une honetan Urdaibain eskualdeko harrobia landu behar da, eliteko trainerura iristea helburu izanik. Urdaibaiko harrobiko txartela lortu ahal dutenek (behe-mailatan gutxienez hiru urtez lehiatuta) beti izango dute abantaila txiki bat, eta ez dutenek, berriz, onak izan behar dute. Arraunean egiteko bi modu daude Urdaibain: harrobikoa edo ona izanda.

Gaztetxoekin lan egin behar da, hor baitago zure etorkizuna klub bezala, eta baita arraunarena ere. Arraunlariak ezin dira Eroskin erosi, nahiz eta finantzaketa handia eskaintzen dizun mezenas bat etorri. Hogei arraunlarirengatik borroka egingo genuke klub askok.

Eta nola ikusten duzu arraunaren eta harrobiaren egoera? Askok diote osasuna ez dela ona.

Osasuna ez da ona, beherantz doalako. Aurten, 2009an Kaikurekin jada irabazi zuten bi arraunlarik irabazi dute Kontxa, Salvagno eta Medina uruguaitarrek. Horrek zerbait esan nahi du. Azken bost urteetan Iker Zabalak bost Kontxako Banderako irabazi ditu, eta azken bost urteetan Kontxa irabazi duten arraunlariak 30 izango dira, eta ez bost bider 14, 70. Jende bera kamiseta aldatzen doa; Santurtzitik Bermeora sei pasatu ziren.

Aurten antzerako zerbait gertatu da Oriorekin, jende beteranoa batu da.

Beti ari gara onenak batzen irabazteko. Ongi dago, baina saiatuko gara arraunlari hobeak gehiago egon daitezen. Eta hori lan eginez bakarrik lortzen da.

Eta nola handitzen da harrobiko kantitatea?

Ez da posible banderak irabazten ari den klub batek oinarririk ez izatea. Banderak irabazten dituen klub batek atea irekita izan behar du. Kontxa irabazi ostean, arraunean egin nahi duen umeen ilararik ez badugu, zerbait gaizki egiten ari gara.

Zer ari da gaizki egiten?

Kontxa irabazteko 10 euro gastatu ditugunean, datorren urtean 11 euro gastatu nahi ditugu irabazten jarraitzeko, oinarrirako 2 utziko ditudala esan beharrean. Arraunaren arazoa da arrautza guztiak saski berean jartzen ari garela, traineruan, eta beste guztia ahaztu egiten dugula.

(ITSASOKO AMA ARRAUN ELKARTEA)

Zer iruditzen zaizu TKE-ren harrobikoen neurria?

A priori era guztietako inposaketen aurka nago. Ez lukete harrobiko arraunlariak egoteko eskatu behar, eskatu gabe egin behar genuke. Baina eskatzen ez badigute, ez dugu egingo. Ez dakit zein den eredua, baina argi daukat harrobiko arraunlarien gutxieneko kuporik egongo ez balitz, gaur egun harrobikorik gabe lehiatzen arituko liratekeela klub batzuk. Jendeari ez zaio nahikoa iruditzen gazte batek etorkizun ona edukitzea, jada ona den arraunlariak nahi dira.

Elitean, dena emaitzen arabera baloratzen da.

Epe laburrekoak gara, emaitzei soilik erreparatzekoak. Entrenatzaileek euren postua dute jokoan, klubetara zuzendaritza berriak iristen dira eta euren arrastoa utzi nahi dute.

Ego asko dago?

Bai. Denok izan behar dugu gure ego puntua, bestela ez duzu honetarako balio. Kontua da oso argi izan behar duzula denak ez duela balio.

Zerk egin zaitu zoriontsuago aurten, igoerak edo harrobiaren emaitzak?

Nola igo garen. 22 urtetik beherako zortzi gazterekin, modu aktiboan parte hartu dutenak, hazten ikusi ditudanak...

Arrauna asko aldatu da, zertan nabaritzen duzu?

Kirol aukera zabalagoa dago. Gu arraunean hasi ginenean ez zeuden gimnasioak, kirola egin behar bazenuen klub baten diziplinan sartu behar zinen, eta ez zegoen gehiegi ere.

Eta elitean, nola aldatu da?

Exijentzia handiagoa da, sakrifizioa. Gaur egun arraunlariak oso argal daude, asko zaintzen dira. Eta beste kontu bat, orain ondoen korritzen duten taldeak ez dira taldeak, selekzioak baizik. Lehen taldeak zeuden, maila txarxeagokoak, baina herrikoak ziren.

Herri nortasuna trainerura eramaten zen, batasuna indartsuagoa zen.

Jakina, herri txiki bat indartsuago egiten da, nik neure burua defendatzen dudalako edo inork ez nauelako defendatzen. Kanpoko jendearekin ere arraun egin daiteke, baina eskifaiaren bizkarrezurra herrikoa izan behar da. Herriko jendeak bere trainerua ikusi behar du eta jendea ezagutu behar du. «Gure mutilak», esaten zen antzina. Harrobiko lauzpabost jokalari izan beharrean, buelta emango diogu: lauzpabost horiek kanpokoak izan daitezela, esperientzia puntu hori eman dezatela eta gazteei ofizioa eta kalitatea erakutsi diezaietela.

Bideragarria ikusten duzu?

Bai, noski, baina horretan inbertitu behar dugu. Denok. Eta hori lortzeko, laugarren edo bosgarren postuak ontzat eman behar dira. Irabazteak ez du lehentasuna izan behar. Hondarribiak urte asko daramatza egiten, kanpoko jendea ere baduela argi izanik. B traineruan harrobikoen masa ia %100ekoa da, A mailako traineruan %70-80, eta laugarren egiten ari da. Ez da ezer gertatzen. Diru guztia A trainerura bideratuko balu, ziur izan txapeldun izango litzatekeela.