Plastiko politika
Amatxi jaio zenean ez zegoen plastikorik inguruan. Ez zegoen kexatzerik botilen tapa botilara lotuta datorrelako, Bruselan norbaiti horrela egitea bururatu zaiolako. Ez eta paperezko lastotxoak ezerosoak direla eta plastikozkoak faltan botatzen dituela esaterik ere. Garai hartan ez zegoen birziklapena sustatu eta itsasertzen kutsadura eragozteko politikak garatzen zituen instituziorik.
Gazte zenean ere ez zegoen plastikorik nonahi. Orduz geroztik 11.000 milioi tona plastiko ekoitzi dira munduan, eta horietatik %71 2000. urtetik aurrera bakarrik. Ekoitzi eta bota. Erabili, degradatu eta ingurumenean askatu. Gaur egun mikro eta nanoplastikoak daude uretan, airean, mendi tontorretan eta gure gorputz eta lagunen zuntzetan. Makroplastikoak, berriz, itsasoan uharte flotatzaileetan pilatuz doaz, besteak beste.
Plastikoen ekoizpenean 16.000 osagai kimiko baino gehiago erabiltzen dira. Horietatik gutxienez laurdena oso arriskutsutzat jotzen da, eta beste laurden baten kalte potentziala ezezaguna da. Ekoizpenean gehitutako aditiboak -BPA, PFAS, adibidez- organismoetan sar daitezke plastikoa degradatzen denean. Aditibo batzuk kantitate txikietan ere disruptore endokrino izan daitezke, eta haur txikien garapena erasan dezakete. Beste zenbait osasun-arazorekin lotu dira: gaixotasun neurologikoak, minbizia, eta abar.
2022az geroztik, Nazio Batuen Erakundeak munduko plastiko kutsadura desagerrarazteko akordio bat negoziatzen dihardu. Lehenengo bi urteetan itxaropentsu joan da prozesua, Mikeno bezala belak zabalik. Planetaren eta giza osasunaren alde, plastikoen ziklo osoa eragitea da helburua -diseinua, ekoizpena, (ber)erabilera eta zaborren kudeaketa eta birziklatzea-, material hauek murrizteko. Baina bidean oztopo nabarmena agertu da; negoziazioek plastiko ekoizleen industriaren arreta piztu dute.
Aurtengo abuztuan akordioa adosteko saiakerak huts egin du bigarren aldiz. Lobbyen presioak izan dira oztopo, eta emaitza airean dago oraingoz. Aktore batzuentzat, plastikoa murriztu behar da gizartean. Besteentzat -irabazi handiko industria batentzat-, ekonomia zirkularrean dago enfasia: material plastiko berriak garatu, birziklapena sustatu, baina ekoitzitako plastikoen bolumena murrizteko intentziorik ez. Industria petrokimikoaren presio-taldeen ordezkariak gobernuen ordezkariak baino gehiago izan dira aurtengo negoziazio batzordean.
Hemen industria petrokimikoa da nagusi, naturalki: plastikoen %99 petroliotik dator, eta petrolioaren eskariaren %12 inguru plastikoen ekoizpenerako erabiltzen da. Haien estrategiak anitzak dira. Alde batetik, narratiba publikoa burutsu gidatzea, akordioaren alde daudela erakustearren: plastikoen birziklapena bultzatu bitartean, plastikoen ekoizpena mugatzeko beharrari ez ikusiarena egitea. Bestetik, oztopo diren pertsonak beldurrarazteko estrategia darabilte, adibidez, plastikoen ekotoxikologia ikertzen duten zientzialarien aurka.
Iritsezina dirudien nazioartekoan akordioarekin bueltaka diharduten bitartean, gure ingurura begira dezakegu. Plastikoez inguratuta egongo zara seguruenik, ni bezala. Ia ezinezkoa da gaur egun hori saihestea. Eta egungo zabor kudeaketa sistemak ez dira nahikoa plastikoaren kutsadura ekiditeko. Baina bada nondik hasi.
Ekoizpenaren zati handiena erabilera bakarreko plastikoak dira, pentsatu janari puska hura biltzeko plastiko zorro horretan eta beste hainbat bilgarritan, eta hauek ekiditeko dauden hamaika ekintzatan. Halaber, zuntz sintetikodun arropak eta plastiko ontzietan berotutako janaria dira gure mikro eta nanoplastikoaren eguneroko dosiaren iturri nagusiak. Horra nondik hasi. •

Adina ez da oztopo, eta Euskal Selekzioa munduko txapelketa gogotsu jokatzen ari da

«Gatazkaren memorian gazteek beraien ikuspegia inportantea dela sentitu behar dute»

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

