Abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa: prest al gaude?
Eguzki-eklipse oso bat. Erraz esaten da, baina ulertzen duenak ondo daki gertatzea ez dela esatea bezain erraza. Une historikoa; askok bizitzan behin ikusiko duena. Ailegatu da astronomia zale askok beti amestu izan duen unea. Eguzki-eklipse oso bat izango da abuztuaren 12an Iberiar penintsulan.

Eklipsearen puntu gorenak bi minutu baino gutxiagoko iraupena besterik ez du izango; baina denbora hori nahikoa izango da dena hankaz gora jartzeko. Abuztu betean, mundu osoko milaka astronomia zalek egingo dute bidaia Iberiar penintsulara, eta bertako herritarrei ohiko turistak ere batuko zaizkie. Hotelak beteta dira jada eta gobernuak hartu beharko dituen neurriak bereziak bezain ezohikoak izango dira. Hilabete gutxi faltan, ordea, inor gutxik hitz egin du osasun prebentzioaz: prest al gaude?
1912ko apirilaren 17an izan zen azkena. Orduan ere Euskal Herriko hainbat txokotan eguzki-eklipse totala ikusteko aukera izan zuten herritarrek. Ez zen izan hura, ordea, urte batzuk lehenago, 1905eko abuztuaren 30ean, izandakoa bezain osoa. 1905eko eguzki-eklipse osoa berezia izan baitzen, eta bere berezitasunak orduko prentsaren arreta ere bereganatu zuen. 1905eko “Euskal-erria” aldizkariak eklipseari buruzko informazioa ekarri zuen, Hego Euskal Herriko hainbat herritan gertakaria zein ordu zehatzetan hasiko zen zehaztuz eta noiz amaituko. Eta idatzian bertan ohartarazten zien irakurleei: «1912ko eguzki-eklipsearen garrantzia, ikuspuntu zientifikotik handia izango den arren, ez da izango herritarrentzat 1905ekoa bezainbestekoa».
Izan zuen berezitasunaren seinale da, esaterako, 1905eko eklipse hark ekarri zuen istorio kuriosoa. Izan ere, eguzki-eklipsea ikertzeko asmoz, Almansa herrira (Albacete, Espainia) bidean zihoan Camille Flammarion astronomo frantses ezagunak geldialdia egin zuen Donostian. Miramar jauregian errege-erreginekin egon ostean, haien zalgurdia erabili omen zuen Igeldoko behatokia ikustera joateko. Bertako zuzendariak, Juan Migel Orkolaga hernaniarrak, eguraldia iragartzeko erabiltzen zituen gailu guztiak erakutsi zizkion, eta orduko “Euskal-erria” aldizkariaren arabera, astronomoak Orkolaga zoriondu egin omen zuen. Ondoren, Igeldoko itsasargira igo eta bertako paisaiaz gozatu ostean, bidaiarekin jarraitu zuen astronomo frantsesak. Guztia prentsa madrildarraren argazki kameren begiradapean.
2026ko abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipsearekin antzekotasunak bilatzen hasiko bagina, ordea, XIX. mendera jo beharko genuke: 1860ra, hain zuzen ere. 1860ko uztailaren 18an izan zen eguzki-eklipse osoak abuztuan izango dugunaren antzeko eremua hartu zuen, eta garai hartan ere, egun bezala, bazen zer ikertua eguzki-eklipseen inguruan, baita Euskal Herriko orduko zientzialarien artean ere. Hala, Anton Abadiak Hendaiako behatokian zituen gailuak hartu eta Briviescarako (Burgos, Espainia) bidea egin zuen, Marseillako, Bordeleko eta Varsoviako astronomoekin batera. Garai hartan, oraindik ere, eguzkiaren inguruan ziren protuberantzien jatorria ezezaguna zen, esaterako; eta Abadiak ez zuen galdu nahi izan eguzki-eklipse osoa ikertzeko aukera bikaina.

EKLIPSE BAT BAINO ZERBAIT GEHIAGO
Eguzki-eklipse oso bat ez da eklipse arrunt bat, eta, beraz, gisa horretako gertakari batek merezi duen atentzioa jaso beharra du. Bizi garen lekutik asko mugitu gabe, eguzki-eklipse totala ikusteko aukera oso urria izan ohi da pertsonaren bizitzan eta guk abuztu honetan gurea izango dugu, abuztuaren 12an, hain zuzen ere. Arratsean, 20:30ak aldera, izango da maximoa. Hurrengoa, 2180ko azaroaren 7an izango da, baina hori ikusiko duenik ez da oraindik jaio.
Izan ere, eguzki-eklipse oso bat gertatzeko, eguzkia, ilargia eta lurra lerrokatu egin behar izaten dira, baina ez 28 egunetik behin ilargi berri bakoitzean gertatzen den bezala. Lurretik eguzkira begiratzen dugun unean, ilargiak eguzkiaren pare-paretik pasa behar du eguzki-eklipse osoa ikusteko. Modu horretan, ilargiak eguzkiaren disko osoa tapatzen du eta eguzki koroa bakarrik ikus daiteke. Eta horixe da, hain zuzen ere, eguzki koroa eta koroari loturiko fenomenoak (protuberantziak barne) modu naturalean ikusteko aukera bakarra. Abadiak eta bere laguntzaileek, beraz, ondo asko zekiten eklipseak zuen garrantzia.
Hala, eguna gaua bihurtzen da une batez, eta denbora gutxian, berriz ere, eguna itzuli egiten da. Eta hori, arestian aipatu den moduan, ez da gertakizun ohikoa izaten. Are gutxiago, jakinda, munduaren leku konkretu batzuetatik baino ezingo dela ikusi eguzki-eklipse oso hori. 2026an ikusiko dugunak eta 1860an Anton Abadiak ikusi zutenak, antzekotasun hori zuten: gertatuko den eremua oso antzekoak dira.
Euskal Herrian bertan, Baionan, Donibane Garazin, Donostian, Iruñean eta Maulen ez da eguzki-eklipse totalik ikusiko. %99tik gorakoa izango da, hori bai; baina ez oso-osoa. Gasteizen eta Bilbon, ordea, osoa ikusteko aukera izango da. Gasteizen minutu pasatxoko iraupenarekin. Bilbon, ordea, ozta-ozta iritsiko da minutu erdira. Besteak beste, Tutera da Euskal Herrian eguzki-eklipse osoak gehien iraungo duen guneetako bat: minutu eta 20 segundoz, hain zuzen ere.
Gertakizunaren arrarotasun hori dela medio, Iberiar penintsulako eta zehatzago, Euskal Herriko toki jakin batzuetan jende ugariren pilaketak gertatzea aurreikusten da. Mundu osoko astronomoek begiz jota dute eguna, eta aspalditik eklipsea ikusteko eremurik onenak aztertuak eta aukeratuak dituzte. Abuztua izanik, ohiko turismo andanari, gertakari astronomikoak erakarrita datozenak batuko zaizkie. Hori dela eta, neurriak hartzen hasiak dira jada leku askotan. Eta zu, hasi al zara?

HEZKUNTZA ZERURA BEGIRA
2025eko maiatzean, etorkizunean zetorrenari aurre hartu nahian, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko Berritzegune Nagusiko aholkulariek eta EHUko ikertzaileek bilera bat egin zuten. 2026rako, 2027rako eta 2028rako Iberiar penintsulan aurreikusten diren hiru eklipseak kontuan izanda, horiei buruzko materiala sortzeko eta formazioa emateko beharra ikusten zen hezkuntza arloan, eta hala, bilera horretan gaia nola heldu adostu zen.
Elvira Gutierrez EHUko ikertzailea egiten ari den hezkuntza arloko eklipseei buruzko tesia oinarri, irakasleak eklipseen gaian formatzea adostu zen, betiere zientziaren didaktikaren ikuspegia jorratuz. Eta, hala, 2026ko urte hasieran Euskal Autonomia Erkidegoko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hainbat irakaslek formazioa jaso dute gaiaren inguruan; eta ikasi dute, eklipsea aitzakia moduan hartuta, eguzki-sistemako izarra (eguzkia), gure planeta eta bere satelitea, ilargia, alegia, nola mugitzen diren, zeintzuk diren beren faseak eta mugimendu horien ondorioz zein motatako eklipseak sortzen diren. Eguzki-ilargia-lurraren modeloa eta zientziaren didaktika, ikasleekin lantzeko moldatuta landu dira.
Egun, hainbat ikastetxe ikasitakoa ikasleekin ari dira lantzen, eta, Elvira Gutierrezen tesiari esker, horien jarraipena egiten ari da EHUko ikerketa taldea, prestatu duten material didaktikoaren egokitasuna testatzeko. Formazio horien ondorio da ere, Berritzegune Nagusiaren Zientziaren Didaktikaren barruan EHUko ikertzaileek prestatu duten ikas-egoera, gai honi loturikoa.
Apirila eta ekaina artean, eklipseen gaiak ez du etenik izango Hezkuntza Sailean, eta, hala, aurreikusten da irakasleei zuzenduriko aukera gehiago ere sortuko direla etorkizun hurbilean. Horiez gain, ordea, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak martxan jarri du webgune berezi bat (www.eklipsea.euskadi.eus) Euskal Autonomia Erkidegorako informazio ugarirekin eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, berea propioa, Euskal Herri osoa hartzen duena: www.aranzadi.eus/eu/eklipseak. Aranzadi Zientzia Elkarteak berak, hilean behin eklipseari buruzko hitzaldi bat emango du, interesa duen orok gaiari buruzko informazio gehiago jaso dezan adituen eskutik.
Zerua eta eklipsea, ordea, ez dira helduei zuzenduriko gaiak soilik eta Aranzadik berak, Astronomia Saileko Virginia Garcia eta Karmele Gorroño ilustratzailearen eskutik, umeei zuzenduriko “Eklipsea” liburua publikatu du. Garciak berak, Katxiporretako lagunekin batera, “Zerua lapurtu dute!” liburua eta diskoa atera ditu. Argi kutsaduran eta eklipseetan jarri dute fokua eta gai horiek txiki-txikitatik jorratzeko aukera bikaina eman. Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Sailak garbi duelako zerua guztion ondare naturala dela.
Eguzki-eklipse totala aitzakia ederra izan daiteke, beraz, pertsona zerura begira jartzeko, bizi den planeta eta kokatuta dagoen sistemaren funtzionamendua ezagutzeko, zientzia egiteko eta… besteak beste, baita herritarrak arriskuez ohartarazteko ere. Izan ere, gertakari berezi honek izango baitu beste alderdi bat ezinbestean landu beharrekoa: osasun prebentzioa.
PREST AL GAUDE?
2024ko apirilaren 28an, Ameriketako Estatu Batuetako eremu jakin bateko herritarrek eguzki-eklipse totala ikusteko aukera izan zuten. Egun hori igaro ostean, azterketa batek eklipseak sorturiko osasun ondorioak agerian utzi zituen. Azterketa sinplea bezain originala izan zen: Google bilatzailean, apirilak 1 eta 12 artean, estatubatuarrek “My eyes hurt” (“begietan min dut”) esaldia zenbatetan bilatu zuten ikertu zen eta emaitzak oso argigarriak izan ziren. Ethan Waisbergek “Nature” aldizkarian publikatu zituen horiek.
“My eyes hurt” esaldia bilatu zutenen kantitatea oso nabarmenki igo zen eklipsearen eguneko 15:00etan, eklipsearen osotasunarekin batera, eta, batez ere, eklipsea ikusteko aukera izan zuten lurraldeetan. 0-100 balioen artean batez beste 5-6ko bilaketa bolumena izan ohi duen galderak, Vermont-en, denbora tarte berean, 100ekoa izan zuen! Arkansas-en 79koa, Michiganen 78koa, Ohion eta Indianan 77koa... Alegia, eguzki-eklipse totala ikusteko aukera izan zuten herrialdeen mapa eta begien minarekin arduratuta ziren herritarren bilaketa kantitate handienak zituztenen mapa gainjarrita, hein handi batean bat egiten zutela ikusi zuten.
2024ko Ameriketako Estatu Batuetako azterketak agerian utzi zuena da, beraz, hasiera batean eguzki-eklipse total batek ekar zitzakeen osasun ondorioei aurre egiteko prest beharko lukeen herrialde batean, izan zirela prebentzioa hartu ez zutenak, eta ondoren begietako minari aurre egiteko arrazoi bila ibili zirenak.
Izan ere, eguzki-eklipse osoaren aurrean, herritarrek eklipseaz gozatzea bada egin beharreko deia, baina, era berean, informazioak zuzena behar du eta argi eta garbi adierazi beharra dago: eguzki-eklipse totala ikusteko neurriak hartu behar dira, batez ere ikusmen arazoak saihesteko.
EKLIPSEAK EZ GAITZALA ITSUTU
Agian aurretik ere nabarituko zenuen, eguzkira zuzenean inoiz begiratu baduzu, sortzen direla begietan halako orban beltzak, argitasunak berak eragiten dituenak. Eguzki-eklipse osoan, argi esposizio luze baten ostean, erretinan arazoak sor daitezke eta erretinopatia sortu. Arestian aipaturiko orban horiek, esaterako, unean bertan agertu daitezke edota baita geroago ere, batzuetan minarekin batera, eta, neurririk hartu ezean, gure ikusmenean luzerako sor daitezkeen kalteak eragiteko arriskuarekin.
1999an Erresuma Batuan izandako eklipsearen ostean, Michaelides ikertzailearen lantaldeak eklipse erretinopatia ikertu zuen. 70 kasuren jarraipena egin zuten eta ikusi zuten arazoak izan zituztenen herenek bi eguneko epean izan zituztela lehenbiziko sintomak. Sei hilabetera, guztien ikusmena normaltasunera itzuli zen. Eklipse berarekin, Wong ikertzaileak eta bere taldeak hogei pertsonaren jarraipena egin zuten. Kasu horretan, zazpi hilabetetara, hiruk oraindik eskotoma edo ikusmen galera zuten eta arazo horiek ez ziren 21 hilabetera arte konpondu.
Hori dela eta, eguzki-eklipse totalaren aurrean, ezinbestekoa da begietako osasuna zaintze aldera, prebentzio neurriak hartzea eta populazioa behar bezala informatzea. Gertakari historiko honek ez gaitzala itsutu!
Helburua, alabaina, ez da erraza. Abuztuaren erdian, 20:30ean, herri askotako festak ospatzen diren garaian, herritar asko oporretan diren unean eta turistaz beteriko herrialde batean, nola saihestu halakorik ez gertatzea? Prest al gaude?
Euskal Herriko ikertzaileek prest egon beharko dute kasu horien jarraipena egiteko… Oftalmologoak prest daude?

EKLIPSE OSOA NOLA (EZ) IKUSI
Abuztuak 12an eguzki-eklipse totala ikusi nahi badugu, aurretik prebentzio neurriak hartzea komenigarria da. Begi hutsez ikusteko aukera izan ohi da ohikoena, beraz, kasu horretan, eklipseak ikusteko eguzkitako betaurreko homologatuekin (ISO 12312-2-2015) ikustea da onena. Betaurreko berezi horiek salgai dira jada hainbat lekutan. Modu segurua bezain praktikoa dira gertakaria lasaitasunez eta egokitasunez behatu ahal izateko.
Bigarren aukera, prismatiko, argazki kamera, mugikor edo monokular bidez ikusi nahi dutenei zuzenduta dago. Kasu horretan, inondik inora ezin da begi hutsez begiratu gailuetatik eklipsera, nahiz eta gure begien eta eklipsearen artean kamera edo dena delako gailua egon. Izan ere, argia modu zuzenean iritsiko da gure begietara, eta horrek arazo berdinak sortuko dizkigu, beraz, kasu horretan gailuei homologaturiko filtro bereziak jartzea da egokiena.
Hirugarren aukera, eta azkena, proiekzio bidez ikustea da. Kasu horretan, hainbat teknika bidez, eklipsea bera beste eremu batean proiektatzen da (pareta zurian, pantaila batean edo dena delakoa), eta, hala, prozesu guztia ikusteko aukera legoke, baina begiak eguzkiaren argira zuzendu gabe.
Hori dela eta, eguzki-eklipse osoa ikusteko aukera bikaina galdu nahi ez bada, komeni da aurretik lanak eginak izatea, eta unean bertan saihestea begi hutsez begiratzea, edota eguzkitako betaurreko arruntekin, mugikorrarekin, kamerarekin edo beste edozein gailurekin egitea. Ez da komeni ere, askotan zabaldu izan den moduan, erradiografiekin begiratzea.
Eguzki-eklipse osoak, bestalde, badu bere sekretu txikia ere. Gertatzen den prozesuan zehar, bai baitago unetxo bat non ezer gabe begiratzeko aukera dagoen, eta hori, justu, ilargiak eguzkia bere osotasunean estaltzen duen momentua da. Tartetxo horretan begiak primeran egokitzen dira ilargiak estaltzen ez duen eguzkiaren koroak igotzen duen argitasunera. Ondoren, ordea, segituan hartu beharko dira ostera ere prebentziorako neurriak.
Gure begien osasuna zaindu nahi bada, beraz, eguzki eklipse osoaren aurrean informatu, animatu, baina arriskuez ohartarazi ere egin beharko da gizartea.
GALDU EZIN DAITEKEEN AUKERA
Euskal Herri gero eta urbanoago batean, jada zaila egiten da argi kutsadurarik gabeko eremuak aurkitzea. Argi artifizialek konkistatu dute gaua, eta horrek berak, itzali ditu zeruko izarren argi txikiak. Hiri eta herri handietan, jada, kosta egiten da zeru izartsuak ikustea. Natura ondare bat ikusteko aukera galtzen ari gara. Nola maitatu, ordea, ikusi ezin dugun hori?
Izarrak, gizakia espazioan kokatzen duten elementu horiek ikusten ez dituen gizarte honen aurrean, umeak zerura begira jartzea ezinbesteko eginbeharra bihurtu da. Nor naiz ni mundu honetan? Nor naiz ni unibertsoan? Pertsona munduan kokatzen laguntzen dute horrelakoek, eta bere txikitasuna agerian utzi, bere zilborrari begira dagoen gizarte gero eta berekoiago batean.
Batek daki, eguzki-eklipse osoari begira jartzeak, zein galdera sortuko dituen une berezi hori ikusten ari den pertsona bakoitzaren burmuinean. 1860ko Anton Abadiaren pasio bera duen astronomotik, orduko edozein herritarren kuriositatea duen pertsonara, egungo gizartean ere kolore askotakoak izango dira egun horretan zerura begiratuko duten begiak.
Itzal ditzagun argiak eta eman diezaiogun distira berri bat gizarteari, eta baliatu dezagun une historiko eder hau unibertsoa gure buruetan sartzeko, eta bide batez, zergatik ez, gizakia bera unibertsoan kokatzeko.


