Adiskidetze ituna: haustura barik, ahanztura
Bost egun barru Francisco Francoren heriotza oroituko da. Gogoan dut orain dela 50 urteko egun hura, baina ez nekien 30 eguneko dolu ofiziala deklaratu zela, edo ahaztuta neukan; ondo gogoan dut, aldiz, dolu hura hiru eguneko jaia izan zela gazteontzat, eta bestela ere poza, 15 urterekin bai baikenuen politikaren gaineko gutxieneko ezagutza eta frankismoaren gaineko irizpiderik.
Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Entitateak, gertaerak, prozesuak, joerak, kontuak, fenomenoak, alegia. Gauzaren arabera. Gaurkoan hizpide duguna, mende batetik bestera ere ez. Noiz amaitu zen frankismoa? Bada Carrero Blancoren heriotzaren data ezartzen duenik, baina diktadura ez zen orduan amaitu. Artean bizirik zegoen diktadorea, eta diktaduretan egiten diren gauzak egiten jarraitu zuen azken hatsa eman arte. Beraz, Francoren heriotza, trantsizioaren hasiera izan zen.
Zertarako trantsizioa, ordea? Historiografia ofizialak gogaitzeraino errepikatu digunez, demokraziarako trantsizioa. Hauxe da gertakarien kontakizuna «trantsizio eredugarriaren» ikuspegitik: Espainiako Bigarren Errepublikan ezkerraren eta eskuinaren arteko ezinikusiak zirela-eta, liskarrak izan ziren. Penagarriena, espainolen arteko liskarrak zirela, anai-arreben artekoak, politikak dena makurrarazten baitu. Liskar horiek areagotu egin ziren, gerra piztu zen eta bi aldeek gehiegikeriak egin zituzten. Diktadura amaitutakoan, ordea, trantsizioak adiskidetzea ekarri omen zuen, demokrazian denak berdinduz.
Trantsizioa noiz amaitu zen, horretan ez dago erabateko adostasunik. Batzuek diotenez, 1975ean bertan, Juan Carlos I.aren koroatzearekin batera. Baina aurrerantzean ere diktaduretan gertatzen diren gauzak gertatuko ziren. Beste batzuek 1977ko hauteskundeen data jartzen dute, edo hurrengo urtean bozkatu zen Konstituzioarena, baita 1981eko estatu kolpearena ere... Gehienek, baina, 1982ko urriko hauteskundeak, PSOEk irabazi zituenak. Ezkerra Gobernuan, kotoiaren froga. Bada Estatu espainola Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zeneko data jartzen duenik ere. Baina ordu arte bezala aurrerantzean ere diktaduretan gertatzen diren gauza asko gertatuko ziren.
Frankismoko garaile eta garaituen eskema ez zen ukitu ere egin. Hobi komunetan lurperatutako dozenaka mila gorpuak ahanzturan utzi ziren, etxerik, ondarerik gabe geratu zirenak hala hil ziren edo hala bizi dira demokrazian, eta besteren etxeez eta ondareaz jabetu zirenak ere hala segitu zuten. Frankismoaren botere aparatuak beren horretan utzi dira gaur arte, oligarkia frankista bat-batean eredugarri bihurtu zen, baita politikoki ere... Horiek ez zuten antza trantsiziorik behar, adiskidetzeko prest omen zeuden.
Eta hori pixka bat mugitu denean, memoria legeak egiten hasi direnean, ultraeskuina eta eskuina aztoratuta eta harrotuta ageri dira, beren pribilegioak aipatu ordez immigranteak eta «proetarrak» seinalatuz.
Adiskidetzea diote, 50 urteko ezti-jario horri eutsita. Oraindik gezur galant bat apaindu nahian. Eta azkenaldi honetan isilik zeuden errepublikano juancarlistak erasora itzuli dira berriro, oraingo erregeaz mintzatzeko erretolika melenga bera erabiliz. •



