GAUR8

Sektore guztietako 30 enpresa bilduko ditu Arabako Enplegu Azokak hilaren 26an

Sektore ezberdinetako 30 enpresa egongo dira azaroaren 26an Araban egingo den Enplegu Azokan, Lanbide Heziketako (LH) titulua duten ikasleei eta herritarrei zuzenduta, enplegagarritasuna hobetzeko helburuz. Parte hartzeko izena eman behar da.

Arabako Enplegu Azoka, irudian.
Arabako Enplegu Azoka, irudian. (Arabako Foru Aldundia)

Sektore guztietako 30 enpresa inguru bilduko dira azaroaren 26an Gasteizen egitekoa den Enplegu Azokan LHko titulua duten ikasleekin eta herritarrekin. Arabako Foru Aldundia, Lanbide, Ikaslan eta Hetel daude antolatzaileen artean. 

‘LH ON LH’ lelopean, «Arabako LHko enplegagarritasunari buruzko jardunaldiak» hilaren 24tik 28ra egingo dira. Helburua da Arabako LHko ikasleen «laneratzea edo enplegagarritasuna hobetzeko ikaskuntza eta truke espazio» izatea, lan merkatuaren beharretara hurbilduz.

Horretarako, hainbat prestakuntza proposamen izango dira, bai eta Araban giltzarri diren hainbat enpresa eta eragile publiko ere.

Jarduerak bi kolektibori zuzenduta daude. Alde batetik, LHko ikastetxeetako tailerrak azaroaren 24, 25, 27 eta 28an egingo dira –26a libre utziko da azokara joateko–, fokua Arabako ikastetxeetako Lanbide Heziketako ikasleetan jarrita. Batez ere haien lan orientazioan oinarritutako jarduerak egingo dira.

Beste alde batetik, Enplegu Azoka LHko titulua duen edozeinentzat izango da. Batez ere hautagaien eta ekitaldi honetan parte hartzen duten 31 enpresa arabarren arteko elkarrizketak hitzartzeko baliatuko dute.

Jardunaldiak Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazio Sailak antolatzen ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta EAEko Lanbide Heziketako zentroen –Ikaslan Araba eta Hetel– sarearen babesa dute.

Zehazki, Enpleguaren Azoka azaroaren 26an izango da, asteazkenez, 16.00etatik 19.00etara.

Azokara doan joan nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena www.fponlharaba.eus webgunean, azaroaren 23ra arte, familia profesional guztiak ordezkatzen dituzten enpresekin hitzordua izateko.