GAUR8

Hobekuntza berriak egin ditu Mañariko Udalak herriko frontoian

Segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko asmoz, hobekuntza lan berriak egin ditu Mañariko Udalak herriko frontoian. Besteak beste, instalazioak margotu eta harmailak konpondu dituzte, legealdi hasieran ezarri zuten helburua betez. Iaz, frontoiko argiztapena LED sistemara egokitu zen.

Hobekuntzak egin dituzte herriko frontoian.
Hobekuntzak egin dituzte herriko frontoian. (MAÑARIKO UDALA)

Instalazioen segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko helburuz, herriko frontoia eraberritzeko zenbait lan egin ditu Mañariko Udalak azken asteetan.

Gobernu taldeak legealdi hasieran finkatutako helburuen artean zeuden herriko frontoiko hobekuntzak. Ezarritako konpromisoa jarraituz, frontoia berriro margotu dute, berdez, lurzorua leundu dute eta harmailak konpondu dituzte, zehaztu dute Udal Gobernuko iturriek prentsa ohar batean. 

Egindako hobekuntzen artean, sabaian segurtasun linea bat (bizitza-linea edo ‘linea de vida’ deritzona) jarri dela zehaztu dute, «mantentze lanak egiten direnean langileen segurtasuna bermatzeko». Aipatutako lan guztiek 53.000 euroko inbertsioa behar izan dute.

Azken hobekuntza hauei iaz energia eraginkortasuna handitzeko, frontoi osoa LED sistemara egokitzeko jarri zen argiztapena gehitu behar zaie.

Bestalde, azaroaren 17tik abenduaren 9ra zabalik egongo da Mañarian baserri guneetan putzu septiko zaharrak berritzeko edo berriak egiteko diru-laguntza eskatzeko epea. Udaletxean aurkeztu behar dira eskaerak, 7.30etik 11.00etara, eta edozein ordutan, egoitza elektronikoa erabiliz. 

Diru-laguntza antolatzen duen araudia Udalaren web orrian dago eskuragarri.