GAUR8

Auzo krosa egingo dute igandean Bilboko Alde Zaharrean, kaleak auzokideei itzultzeko

II. Zaharrean Berri Auzo krosa egingo dute Bilboko Alde Zaharrean igandean, kirola egin eta auzoa auzokideena dela aldarrikatzeko. «Animatu, agurtu, irri egin eta gozatu, auzoa gurea da» adierazi dute, herri ekimenean parte hartzera deitzeko.

Zaharrean Berri Bilboko Alde Zaharreko Jai Batzordeak eta Auzotarrok auzokide elkarteak antolatuta, ‘II. Zaharrean Berri Auzo Krosa!’ egingo dute igandean (hilak 30) Bilboko Alde Zaharreko kaleetan.

Auzoaren bizitasuna aldarrikatzen duen herri ekimenean parte hartzeko, 10.00etan antolatu dute izen ematea, Zamudioko atarian, eta gune horretatik bertatik abiatuko da krosa 11.30ean.

«Auzokideok bizi dugu auzoa, guk egiten dugu auzoa», adierazi dute antolatzaileek, bizikideak herri krosean parte hartzera deituz. «Animatu, agurtu, irri egin eta gozatu, auzoa gurea da», azpimarratu dute deialdian.

Igandeko hitzorduaz azaldu dute «lasterketa bat baino gehiago» dela. Izan ere, nabarmendu dute aukera bat dela kirola egin eta gozatzeko, eta batera, kaleak auzokideenak direla aldarrikatzeko eta auzokideen arteko zaintza lantzeko. 

«Euskaraz eta euskaratik» izerdi egin

«Aurten berriro egingo dugu, lasterka aterako gara. Kaleak hartuko ditugu, txokatuko gara turista talde erraldoien kontra, saltatuko dugu gure auzoaz aprobetxatzen ari diren pisu turistiko eta hotelen gainetik, izerdi egingo dugu euskaraz eta euskaratik, eta, batez ere, elkarrekin auzoa irabaziko dugu», azpimarratu dute.

Bi ibilbide izango ditu auzo krosak, 1,5 kilometroko bat era 4,5 kilometroko beste bat, eta zehaztutakoaren arabera, oinezkoen kaleetatik egingo dira biak.

Arropa gordetzeko aukera egongo dela aurreratu dute.