
Bilboko Udalak gazteei zuzendutako proiektu berri bat jarri du martxan, ‘Bilbao GazteDenda’ izenburupean, tokiko merkataritzara hurbiltzeko eta kontsumo arduratsua sustatzeko.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, hiriko gazteen artean kontsumo arduratsuko ohiturak sustatzeko sentsibilizazio ekintzak garatzeko beharretik antolatu da ekimen berria, gazteen kolektiboa «funtsezkoa baita erabakiak hartzeko eta hiriko merkataritzan kontsumo eredu jasangarriak eraikitzeko».
Sentsibilizatzeaz gain, proiektuak Bilboko gazteen artean kontsumo arduratsu eta jasangarriaren kultura sustatzea du helburu, erosketa ohiturei buruzko hausnarketa kritikoa bultzatuko duena. Gainera, ‘Bilbao GazteDenda’ tokiko merkataritzaren aurkikuntza sustatzeko eta auzoetako merkatariekiko harremana indartzeko ere sortu da.
Proiektuaren lehen edizioa 14 eta 16 urte bitarteko gazteekin egingo da zortzi ikastetxetan –barruti bakoitzeko bana–, bi fasetan banatutako goizeko saioetan: lehenengo fasean jasangarritasun eta erosketa ohiturei buruzko hausnarketa egingo da, dinamizatutako ihesgelaren dinamikaren bidez; bigarrenean, auzo bakoitzeko merkatariekin elkartuko dira, gazteek eta merkatariek ideiak trukatu eta tokiko kontsumoari buruzko sinergiak sor ditzaten.
Berrio Otxoa, El Carmen Indautxu, Urretxindorra Ikastola, Gabriel Aresti BHI, Deustuko Ikastola, Artxandape Ikastola, Eskurtze BHI eta Zorrotza BHI dira aste honetatik eta Gabonetako oporrak hasi arte egingo den lehen edizioan parte hartuko duten zortzi ikastetxeak.

«Oraindik ikasten ari naiz, amonari baratzean laguntzen zion ume mukitsu hori naiz»

Miren Garbiñe de Diego, fotokazetaritzak badu etorkizuna

Elay Taldeak Mexikon 25 urte bete ditu, bere txikian irakaspen handiak utzita
