
Hogei urte luzeko gerraondo baten ondoren, Euskaltzaindiak lortu zuen Bertsolari Txapelketa bat (‘Campeonato Mundial de Bersolaris’ zioen afixak) antolatzeko baimena 1960an. Centro de Atracción y Turismo, hau da, Donostiako turismo bulegoaren laguntzarekin egin zen.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren III. edizioa izan zen eta 1936an egin zenaren ondoren lehenengoa. Euskaltzaindiak intentzio osoz eman zion lehiaketa izaera.
Ordurako Euskaltzaindiak 1958ko eta 1959ko Bizkaiko Txapelketak antolatu zituen, irabazlea Balentin Enbeita izan zen bietan, eta aurretiko kanporaketak antolatzen hasi zen, kasu batzuetan txapelketa probintzialak izango zirenak.
Orduko 9 bertsolari onenak igo ziren Victoria Eugenia aretoko oholtzara 1960ko abenduaren 10 hartan. Inazio Eizmendi ‘Basarri’ suertatu zen irabazle eta, bere atzetik, Manuel Olaizola ‘Uztapide’, Jon Azpillaga, Fernando Aire ‘Xalbador’, Mattin Treku, Andres Narbarte ‘Xalto’, Joxe Joakin Mitxelena, Jon Mugartegi eta Juan Perurena.
Alfonso Irigoienek egin zituen gai-jartzailearen lanak. Epaileak: Martzel Andrinua, Antonio Arrue ‘Urrea’, Fernando Artola ‘Bordari’, Pedro Diez de Ulzurrun, Migel Goitia, Aingeru Irigarai, Mixel Labegerie, Juan Mari Lekuona, Koldo Mitxelena, Antonio Pagola eta Antonio Zavala.
Inazio Eizmendi ‘Basarrik’ irabazi zuen, bere bigarren txapela izan zena. Txapela eta hamar mila pezeta, Gobernadore jaunaren kopa eta Donostiako Joyería Astrain-ek emandako pattar-ontzia, poltsan eramatekoa, izan ziren jasotako sariak.

