GAUR8

Hamar hektarea baso lehengoratu dituzte Garaio parkean, baso suteak prebenitzeko

Arabako Foru Aldundiak bultzatu ditu Garaio parkeko ingurua leheneratzeko proiektua, eremu degradatuetan zuhaitz autoktonoen landaketa eginez eta hobetze mozketak bezalako lanak eginez. Suteak prebenitzeaz gain, zuhaitz masen egitura hobetzea izan dute helburu.

Lndaketa berriak Garaio parkean, Ondoriz aldean.
Lndaketa berriak Garaio parkean, Ondoriz aldean. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

Arabako Foru Aldundiak Garaio parkeko eremu degradatuak leheneratzeko lanak amaitu ditu, Ondoriz inguruan. Guztira, 10,87 hektarea baso leheneratu eta hobetu dira, eta 2,35 hektarea berri landatu, espezie autoktonoekin, baso suteak prebenitzeko. Helburua, era berean, zuhaitz masen egitura hobetzea da.

Aldundiak ohar batean azaldu duenez, alde batetik «erkamezti basoberako sastrakak kendu dira, hobetze mozketak egin dira eta beheko adarrak inausi dira». Bestetik, eremu degratauetan espezie autoktonoak landatu dituzte. Esku hartze biak Klima Araba 2050 Estrategiaren helburuen barruan daude.

Aldundiko iturriek nabarmendu dute, halaber, landaketekin landare-pantaila bat sortzea lortzen daela, funtzio anizkoitza betetzen duena eta lixibiatuen aurrean urtegiko iragazki berde gisa jokatzen duena.

Gainera, landare-geruza horrek karbonoa finkatzeko aukera ematen du, «ingurumen eta paisaia ezaugarriak hobetzean inguruko espezie askorentzat habitata eta babeslekua hobetzea lortzen baita», azpimarratu du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasun Saileko  diputatuak.

Degradatutako eremu horiek antzinako luberritzeak eta Garaio herri zaharreko laborantza-eremu abandonatuak dira, foru-erakundeak adierazi duenez. Denborak aurrera egin ahala, batzuk pixkanaka modu naturalean birsortu dira, baina zenbait eremutan, hainbat arrazoirengatik, espezie autoktonoen birsorkuntza naturalak errefortzu bat eskatzen du.