Ikusi eta ikasi
Abenduaren 16an, asteartearekin, Russ Vought, Etxe Zuriko Kudeaketa eta Aurrekontu zuzendariaren hitzak ekarri zituen lehen lerrora “USA Today” egunkariak: «The National Science Foundation will be breaking up the National Center for Atmospheric Research in Boulder, Colorado». 1960an sortua, Ikerketa Atmosferikoaren Ikerketa Zentro Nazionala (NCAR) mundu mailan erreferentea da klima eta eguraldiaren aldaketa ikertzen. Zentroa kudeatzen du etekin gabeko konsortzio batek, AEB eta Kanadako 130 unibertsitatek osatua, baina finantzaketa gobernu federaletik jasotzen du. Trump administrazioaren ordezkariaren hitzetan, asmoa da superkonputazio zerbitzuak eta eguraldiari loturiko ikerketak lekuz aldatzea eta, bide batez, klima aldaketarekin loturiko programak bertan behera uztea, ulertzen baitute, arlo horretan, NCAR dela «one of the largest sources of climate alarmism in the country». Bistan da, klima aldaketari buruzko berriek alarma asko pizten dituzte. Baina alarma ez da ikerketa zentroaren ardura. Etsigarriak ikerketen emaitzak dira. Baina kontrakoa ere izan daiteke. Adibidez, National Science Foundationen orrian bertan beste berri hau aurkitu daiteke: «Protecting the ozone layer is delivering vast health benefits». Ikerketa zentroko superkonputazio zerbitzuak baliatuz, ikerlariek simulatu dute Montrealeko Protokoloaren aplikazioak ekarri duen onura 1890 eta 2100 bitartean jaio eta jaioko diren pertsonen osasunean eta ondorioztatu dute, harturiko neurriek minbiziak eragindako 2,3 milioi bizitza salbatzen lagundu dutela. Hau da, datuek argia ematen digute, gure ekinbidea eta haren eraginak ikusiz, ikasteko aukera.
Abenduaren 16an, asteartearekin, aurkeztu zuen Gaindegiak Ipar Euskal Herriko datuekin osaturiko txostena, Estian, Bidarteko Teknologiaren Institutuan. Aurkezpen lanetan ibili ziren pertsona ezagunak. Xabier Oleagak, zuzendaritzako taldeko idazkariak, eman zuen sar hitza. Anjeles Iztuetak, batzorde zientifikoaren arduradunak, azaldu zituen adierazleen zerrenda eta zerrenda osatzeko egindako lanak. Iparraldeko datuen xehetasunak aurkezteko ardura hartu zuten zuzendaritza batzordeko Iparraldeko ordezkariek, Olga Irastorzak eta Beronika Larrek. Datuei erreparatuz gero badira elementu interesgarriak. Adibidez, Iparraldean dagoen ikasketa maila altua edo biztanleko enpresa kopuru handia. Badira ere, errepikatuagatik ere mingarriak izaten jarraitzen duten datuak. Txostenak 2004tik 2024ra emandako bilakaera aztertzen du. Euskararen ezagutzan eman den beherakada oso kezkagarria da. Edonola, berritasun nagusia ez dago Iparraldeko datuetan, adierazleetan baizik. Nik dakidala behintzat, lehen aldia da Euskal Herri osoko datuak adierazle sistema berdinarekin biltzen direla demografia edo ekonomia bezalako arloetan. Hori posible egiteko adierazgarria da lantalde teknikoak egin behar izan duen xinaurri lana (Aztiker ikerketa zentroaren laguntzarekin), jada eskuragarri dauden iturrietatik edanez (INSEE edo Eurostat, EUSTAT eta NASTAT), adierazle zerrenda bateratua osatu eta datu fidagarriak eskaintzeko. Datu horiei esker konparatu ahal ditugu egoera eta joerak, demografia edo ekonomia, Araban eta Zuberoan, adibidez. Hartzaileak, bagara, eta esker onez gainera, Euskal Herria analisirako unitate daukagun ikerlariok, baita Euskal Herria ekinbide duen eragile eta herritar oro ere.
Finean, datuek gure ekinbidea ikusi eta ikasteko aukera ematen digute; itsuki, aldiz, atzera bakarrik joan gintezke. •

«Arlo ekologikoan gauza batzuk oso azkar, anbizioz eta eskala handian egin behar dira»

«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»

«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»

«Nire erabakia ez da gai pisutsuei ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea»

