Gorka Zozaia
Kimikaria

Marokoren azken gola

Jabel Irhoud aztarnategiko aurkikuntza bat.
Jabel Irhoud aztarnategiko aurkikuntza bat. (CASABLANCA PROGRAMA)

Afrikako Koparen final laurdenak jokoan dira lerrook argia ikusten duten unean. Mali eta Senegal batetik, eta Kamerun eta Maroko bestetik, ostiralez lehiatu ziren, eta gaur, Aljeria-Nigeria eta Egipto-Boli Kostaren txanda da. Eta ez, ez da zientziaren gaineko «Begirada» hau futbol zutabe bategatik aldatu, ez eta zientzialari hau futbolzale bihurtu. Gizakiaren jatorriaren gaineko azken aurkikuntzak Afrikako Kopa jasotzen duen Marokon agertu berri direla baliatuz, futbol txapelketa horri lerro batzuk eskaini nahi izan dizkiot, ez baitu oihartzun handirik ohiko komunikabideetan. Gezurra dirudi geografikoki hain gertu dugun lurraldea, kontinente oso bat, zeinen urrun gelditzen zaigun gure zapaten zolaren azpian.

Marokoren azken gola ez da, beraz, erreferentzia futbolistikoa, baizik eta paleogenetikaren esparruak Afrikako ipar-mendebaldeari eskaini dion txute mediatikoa. Pasa den asteazkenean “Nature” aldizkarian argitaratu eta berehala eman dio oihartzuna berriari Marokoko Kultura ministroak: lehen gizaki modernoen arbaso hurbilenen aztarnak topatu ei dituzte Casablancan. Fosilak Atapuercako Homo antecessor-aren garaikideak lirateke (773.000 urte inguru), baina morfologikoki ezberdinak dira; erakusten dute ezaugarri primitiboen eta H. sapiens berantiarrean eta Eurasiako hominido arkaikoetan aurkitzen diren ezaugarri eratorrien konbinazioa. Alegia, aztarna hauek hautagai ziurragoak dirudite neandertalen eta denisovarren arbaso komun gisa, eta, beraz, gure espeziearen jatorri afrikarra babestuko lukete, hipotesi eurasiarraren aurrean.

Casablancatik 300 kilometrora den Jabel Irhoud aztarnategiak eman du lehenago ere zeresana. 1960an bertan aurkitutako zenbait aztarna Neandertalgo gizakiaren aztarna gisa katalogatu ziren lehendabizi, H. Sapiens gisa ezagutu ziren gerora, eta badira ia hamar urte espeziearen datazioa 300.000 urtera atzeratu zutela (ordura arte uste zena baino 100.000 urte lehenago). Aurkikuntza haren garrantzia ez zen izan gure espeziearen jatorria Marokon ezartzea, baizik eta egiaztatzea Afrika osoan daudela mota honetako aztarnategiak.

Zientzia gizon zuri bat dela maiz aipatu dugu eta beti kostatu zaigu gure jatorria Afrikan kokatzea. Marokoren azken gola, beraz, bada hein batean Afrikaren azken gola Iparralde Globalaren buru den gizon zuriaren aurka. Areago orain, gizon laranja gandorra oldartuta dabilenean... Baina bada ere Marokoren gola Afrikaren barruan, kontinente handian bere gailentasuna indartzea, iparra eta mendebala markatzea, eta, kanpotik barrura ere, Ameriketako Estatu Batuen posizioa indartzea.

Ikusteke dago Afrikako Kopa hau nola joango den, baina momentuz Maroko zilegitzen eta indartzen du, baita teknikoki ere, 2030ean Munduko Kopa Maroko, Portugal eta Espainiaren artean jokatzekoa baita. Horretan, baina, gu izango gara iparraldean kokatuta egongo garenak, ala? •