Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Aretxabaletan jaiaren plaza hartuko dute garaian aukera izan ez zuten emakumeek

Aretxabaletan, 18 urteko gazteek hitzordu garrantzitsua izaten dute kintoekin. Egun emakumeek eta gizonek parean hartzen dute parte, baina beti ez da horrela izan. Kinto izatea tokatzen zitzaionean aukerarik izan ez zuen emakume talde batek jai propioa antolatu du gaurko.

Garaian kinto izateko aukera izan ez zuten zenbait aretxabaletar.
Garaian kinto izateko aukera izan ez zuten zenbait aretxabaletar. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aretxabaletan kintoak garrantzitsuak dira, oso garrantzitsuak. 18 urte betetzen dituzten herritarrentzat urte berezia izaten da, haurtzarotik helduarora bitarteko pausoa herriaren aurrean ematea bezalakoa da, erritual baten parekoa. Aspalditik datorren ohitura da, denboraren joanean moldatzen eta garaian garaiko forma hartzen joan dena.

Garai batean soldaduskara joaten ziren gizonezkoek bakarrik osatzen zuten urte horretako kintada. Ulertzen zen hilabete luzeak eman beharko zituztela etxetik eta herritik aparte eta tarte baterako festak eta parrandak egiteko lizentzia zutela. Haiek ziren nagusi herrian urte hartan eta kasik nahi zuten guztia egitea baimentzen zitzaien. Soldadutzara joan aurreko agurraren modukoa zen, herriaren aurreko agur publikoa.

San Joan bezperan abiatzen da erritua, Tantaixaren Igoerarekin. Kintoak mendira joan eta zuhaitz bat botatzen dute. Lehen makala izaten zen, orain pinua. Garai batean ostu egin behar zen zuhaitza. Egun desberdina da, aurretik markatu egiten da zein zuhaitz bota. Goizean goiz egiten dute hori. Etxafuegoak entzuten dira herrian eta hori izaten da kintoak zuhaitzaren bila joan diren seinale.

Zuhaitza denen artean arrastaka ekartzen dute herriko plazaraino eta egunean zehar prestatu egiten dute. Gauean, San Joan suaren inguruan, altxa egiten dute, tente jarri, ez lan gutxirekin. Ohikoa izaten da zuhaitz luze horren puntan ikurrinak eta bestelako aldarrikapenak jartzea. Hor hasten da kintoen errituala.

Hilabete batzuetako geldialdiaren ondoren, Santa Ageda bezperan jarraitzen du kintoen festak. Bezperan baserriz baserri aritzen dira eskean, baserritar jantzita. Santa Ageda egunez, berriz, herrian egiten dute eskea, dantzariz jantzita. Egun horretan arratsaldean lehen dantza egiten dute kintoek herriko plazan. Hortik eta inauteriak arte, igandero egiten dute dantza plazan. Urtearen arabera, igande gehiago edo gutxiago izan daitezke. Eta inauterietako igandea izaten da egun handia; goizean Txino Dantza, eta, arratsaldean, kintoen dantza. Desafioa, banakoa eta agurra dantzatzen dituzte herriko plazan. Amaieran, fandangoa eta arin-arina herritar, lagun eta senideekin batera.

Gaur egunean, emakumeek eta gizonek parean parte hartzen dute kintoen jaian, baina beti ez da horrela izan. Lehen aldiz 2005. urtean parte hartu zuten emakumeek kintoetan, 1987an jaiotako emakume gutxi batzuek hain justu. Hurrengo urtean ez zen emakumerik izan kintadan eta 2007. urtetik aurrera hasi zen parte hartzea parekatzen. Horrek esan nahi du Aretxabaletako emakume belaunaldi asko daudela kinto izateko aukera izan ez dutenak.

Hortik sortu da “Aurten gu be kintta!” egitasmoa. Martxoaren 7an, adinez tokatzen zitzaienean kinto izateko aukerarik izan ez zuten 60 emakumek baino gehiagok egun osoko egitaraua antolatu dute bizitzan behin kinto izateko. 40-60 urte bitarteko aretxabaletarrak dira. Horietatik 25 inguruk egingo dute dantza plazan.

Emakume kuadrilla San Joan bezperan basoan, tantaiaren bila joanak. Mari Karmen GARRIDO REGIDOR

EMAKUMEEN PAPER PASIBOA

Borobilean eseri gara aurten kinto izango diren emakume horietako batzuekin, dantza entsegua baino lehentxeago.

Lorea Serrato Lasagabaster, 1976an jaioa. «Kintoa izan gura dut bere momentuan ez zidatelako utzi».

Axu Cardenal Garcia, 1970ekoa. «Inauterietan izan nintzen kinto. Kuadrillakoak atera ginen kinto mozorrotuta, aldarrikapen moduan. Parodia moduko bat egin genuen, neskek eta mutilek elkarrekin. Inauteriak ziren, samurragoa zen parodia hori egitea. Hala ere, irainak ere jasan genituen». 1990eko hamarkada hasiera hartan Aretxabaletako herriari zer pentsatua eman zion kintoz mozorrotu zen kuadrilla hark. Seinale bat zen, emakumeen parte hartzearen inguruko hausnarketa baten beharra bistaratzen zuena.

Itziar Arana San Miguel, 1977. urtean jaioa.«Beti izan dut frustrazio edo pena hori, kinto ez izanarena. Gure denboran inor ez zen joaten soldaduskara, eta, hala ere, gizonezkoek bakarrik jarraitzen zuten kinto izaten».

Mirari Irure Espin, 1977. urtekoa. «Garai hartan ez nuen kuestionatu ere egin kintoetan ez parte hartzea. Gerora etorri zitzaidan feminismoa ate joka. ‘Ezin bada dantzatu, ez da gure iraultza’ ideiari bueltak emanez, pentsatu nuen Aretxabaletan badugula gauza eder bat feminismoa eta iraultza dantzan ospatzeko».

Larraitz Arando Ilarduia, 1979. urtekoa. «Nik ere ez nuen dantzatu kintoetan, atera egin ninduten dantzara».

Izan ere, kintoetan ohitura da amaieran, agurra dantzatzerakoan, dantzariak jende artetik norbait ateratzea eta hari eskaintzea dantza. Urte luzez mutilek beren adin bueltako neskak atera izan dituzte plazara eta horixe izan da emakumeen parte hartzea, bigarren mailakoa.

Galdera bota dugu borobilaren erdira: «Zuen kinto garaian, emakumeak zein toki zuen festan?».

«Ikusle papera, pasiboa. Zure adineko edo adin gertuko gizonezkoak baziren kintoak, zure itxaropena zen ea dantza bukatzen zenean, plazara ateratzen zintuzten haiekin dantzatzera. Amaieran korroan egiten da dantza», azaldu du Mirari Irurek. Gizonezko kintoek aukeratzen zuten nor aterako zen plazara dantzara eta emakumeak zain egoten ziren.

Emakumeek bazuten beste egiteko bat; trikitia eta panderoa jotzea Santa Agedako eskean. «Emakumeak behar bazituzten soinua eta panderoa jotzeko, orduan emakumeekin kontatzen zuten. Beharrizanen arabera, emakumeen parte hartzea baimentzen zen, neurri batean behintzat», jarraitu du Larraitz Arondok.

Tradizioek harrizko oin pisutsuak izaten dituzte, auskalo noiz auskalo nork mugiezin jarritako zutabeak. «Batzuetan ez da samurra izaten tradizioen diskriminazio horrekin konturatzea, baina guk sumatzen genuen zerbait ez zegoela ondo. Ikusle erabat pasiboak ginen», esan du Axu Cardenalek. Bere kinto urtean, pausotxo bat eman zuten. Azaroa bueltan, ohitura da kintoek afaria egitea. Garai batean emakumerik ez zen joaten. «Gure kintadako emakumeek apurtu genuen ohitura afaritara joan ginelako. Lehenak izan ginen». Geroxeago etorri zen inauterietan, kuadrillan, gizonek eta emakumeek osatutako kintada irudikatzea. Beste urrats bat.

«Kinto izatea urtebeteko kontua izaten da, bizitzan behin eta urtebetez zara kinto. Horrek zaildu egiten du diskriminazioaren kontzientzia hartu eta borrokatzea», iritzi dio Arandok. «Niri adibidez egonezina sortzen zidan, nire kintoen urtean ez nintzen etorri ere egin. Bazen zerbait aztoratzen ninduena».

Herriko emakumeak kintoetan dantzan ikustea erabat normalizatuta dago egun, baina beti ez da horrela izan. Jon Ander ALBERDI BARMES

LOREA SERRATOREN URRATSA

Urrats sendoena Lorea Serratok eman zuen 1994.-1995. urteetan. «Nik plazara atera nahi nuen, jaiaren parte izan nahi nuen, dantzan ateratzeko eskubidea izan beste kinto guztiekin batera. Gaztetxoagoa nintzenean, 15-16 urterekin, izugarri gozatzen nuen kintoen inguruan festan. Baina oso kritikoa nintzen eta hasi nintzen kontraesanak izaten. Gizonezkoek plaza osoa bereganatzen zuten eta haiek aukeratutako emakumeak ateratzen zituzten dantzara, emakume politak normalean. Gu beti bigarren planoan, beti itxaroten, beti espazio publikotik kanpo. Nire kintoak intsumisoak ziren, soldaduskaren aurka zeuden, Kakitzat-eko kide ziren, pankartak jartzen zituzten... Mugitzen zen jendea zen. Orduan nik erabaki bat hartu nuen: ‘Aurten ni kinto izango naiz’. Eta entseguetara joaten hasi nintzen».

Bere kintadako emakumeekin hitz egin zuen eta diskurtso feminista azaldu zien gizonezkoei. «Egia esan, mutilek ez zuten kontra egiteko argudio indartsurik. Soldadutzarenak dagoeneko ez zuen balio, eta, tradizioarenak... Bakarrik nengoen arren, aurrera egitea erabaki nuen».

Serratok gogoan dauka lehen entsegua; «tentsio handikoa». Bakarrik zegoela ikusi zutelako edo, ez zioten kontra askorik egin eta aurrera egiten utzi zioten. Hirugarren entseguan etorri zen plantoa. «Giroa oso gaiztotuta zegoen. Planto egin zidaten. Hasi ziren esaten txistulariekin hitz egin zutela eta neska batek parte hartuz gero, txistulariek ez zutela txistua joko plazan. Bestetik, esaten zidaten ni etortzea ez zela arazoa, baina gainontzeko neskak etorriz gero, ez zutela izango zein atera dantzara plazan. Garbi ikusten zen ez zutela protagonismoa galdu nahi, hori zela arazoa. Eta orduan erabaki zuten bozketa egitea. Bozketa oso gogorra izan zen. Denak mutilak, berrogeitik gora, eta ni neska bakarra. Ezezkoa atera zen eta ahal nuen duintasun guztiarekin atera nintzen entsegutik. Oso-oso gogorra izan zen. Duin atera nintzen, baina behin kanpoan sekulako negar saioa egin nuen».

Orain, urteen joanean, bere kinto ugari gerturatzen omen zaio «nik baiezkoa bozkatu nuen» esatera. «Ez daukat garbi zeinek zer bozkatu zuen, baina batzuen ezezkoa oso gogoan daukat. Aldarrikapenen munduan bizi ginen denok eta min handia egin zidan batzuek nire parte hartzearen kontra bozkatu izana». Batzuekin hitz egin gabe urteak eman ditu, beste batzuek barkamena eskatu diote gerora. «Urte asko egon nintzen kintoetatik aparte, ikustera joan gabe. Emakumeek ere parte hartzen zutela ikusi nuenean bueltatu nintzen plazara kintoak ikustera».

Herrian ere ez zuen babes handirik topatu Serratok. «Etxekoak, lagunen gurasoak, inguruko emakume pila bat, gizonak zer esanik ez... jende asko aurka neukan. Kritika gogorrak jaso nituen. Pare bat lagun gerturatu zitzaizkidan nirekin zeudela esatera, baina, orokorrean, kontrakotasuna jaso nuen. Matxismoa oso errotuta zegoen gizartean eta ez zuten ulertzen nire jarrera. Oso gogorra izan zen», gogoratu du pasatako trantzea Serratok.

Bera baino gazteago zirenek herrian jaso zuten gertatutakoaren berri. «Gu baino urtebete zaharragoa da eta oso gogoan daukat bera nola saiatu zen. Heldu zitzaigun mezua honakoa zen: ‘protagonista izan nahi du’. Bere saiakeraren atzean zegoen mezu feministarik ez zitzaigun iritsi. Lorea bakarrik zegoen eta bere saiakera gutxietsia izan zen herrian, hori da guk jaso genuena, tamalez. Ikusi genuen zer nolako jipoia eman zioten eta segur aski horrek kikildu ere egin gintuen. Ea zein emakume ausartzen zen berriro...», gogoratu du Mirari Irurek.

1996. urtean, Irunen lehendabizi eta Hondarribian gero, emakumeek alardean parte hartzeko saiakera egin zuten, gerora denboran luzatu den korapiloa lehen aldiz kalera eramanez eta herritarren bistara ekarriz. Lorea Serratoren saiakera bakartiaren ondotik etorri ziren borroka horiek indarra eman zioten. «Alardearen afera kaleratu zenean, horrek sekulako hauspoa eman zidan. Orduko kinto batzuk, nire parte hartzearen kontra bozkatu zuten batzuk tartean, konturatu ziren zelako matxistak izan ziren. Edo konplizeak, berdina dela. Gogoan daukat sekulako indarra eman zidala alardearen borrokak, sentitu nuen nik ere arrazoia neukala. Hor betirako ahaldundu nintzen. Eta Aretxabaletan jende askok ulertu zuen zer gertatzen zen gure herrian ere. Niri sekulako indarra eman zidan. Sufrimendua gogoratzen dut, baina indarraldi hori ere gogoratzen dut. Hor babesa jaso nuen», gogoratu du Serratok.

Martxoaren 7an kinto izango diren emakumeetako batzuk. Andoni CANELLADA | FOKU

2005. URTERA ARTE, PAUSA

Lehen aldiz 2005. urtean parte hartu zuten emakumeek Aretxabaletako kintoetan gizonen pare. Lorea Serratoren saiakera hartatik hamar urtera hain justu. Bitartean? «Ezer. Oso plano zegoen egoera. Borroka mugatua zen, kintada bakoitzak egin behar zuena», nabarmendu du Arandok.

2005. urtean, lauzpabost emakumek parte hartu zuten kintoetan, gizonezkoek gonbidatuta. Egia da jaiotze-tasak behera egin duela azken urteotan eta batzuetan lana izaten dela kopuruz kintoen kuadrilla osatzea. Segur aski faktore horrek izan du bere partea. 2006. urtean, ez zen emakumerik izan kintoetan. 2007. urteaz geroztik, gizonek eta emakumeek parekidetasunez parte hartzen duten herriko erritual maite horretan. Egungo aretxabaletar gazteen begietara, segur aski beti izan da parekidea jaia. Baina 18 urteak lehentxeago bete zituzten emakumeek ederki dakite hori ez dela horrela izan.

PLAZA PUBLIKOA HARTZEKO EGUNA

Martxoaren 7an, zegokien garaian kinto izateko aukerarik izan ez zuten emakumeek, kinto festa egingo dute. «Ez ziguten aukerarik eman eta, horregatik, aukera hori guk sortzea erabaki dugu», esan du Axu Cardenalek. Aurten eta behin bakarrik egingo da “Aurten gu be kintta!” ekimena. 10.00etan abiatuko da eguna, Herriko Plaza apainduz eta kantuan. Gero etorriko dira hamaiketakoa eta triki-poteoa. Bazkaritarako Basaben egingo dute geldialdia, eta, arratsaldean, dantza Herriko Plazan.

«Aldarrikapena eta jaia elkartu nahi izan ditugu. Emakumeek festarako espazio publikoa hartzeko daukagun eskubidea aldarrikatu nahi dugu», nabarmendu du Irurek.

«Gure seme-alabek normaltasunez bizi dute nesken eta mutilen parte hartzea. Nire alaba kintoa izango da laster eta desiratzen dago, baina ez da kontziente aurretik emakume askok ezin izan dugula kinto izan. Mezu hori ere helarazi nahi diegu gaurko gazteei», esan du Itziar Aranak.

«Hala ere, esanguratsua da festan 60 emakumek baino gehiagok parte hartuko dugun arren, dantza nagusia egitera 25 inguru baino ez garela animatuko. Oraindik kostatu egiten zaigu emakumeei plaza publikoa hartzea», egin du gogoeta Irurek.

Herrian harrera ona izan du martxoaren 7ko ekimenak, baina kritikak ere entzun dituzte. «Duela 30 urte entzuten nituen argudio berberak entzun ditut baten baten ahotik», kontatu du Serratok. «Zertarako? Zein behar daukazue? Guk ederki pasatu genuen dantza egin ez arren...». Martxoaren 7an kinto izango diren emakumeek garbi ikusten dute aldarrikapena. «Espazio publikoa eta jaia emakumeona ere bada eta horixe aldarrikatu nahi dugu», jarraitu du Cardenalek.

18 urte bete zituztenean ukatu zieten plaza beren egingo dute 60tik gorak emakumek. «Memoria historikoa egin gura dugu, nondik gatozen gogoratu eta kintoetan parte hartzea ukatu ziguten belaunaldiak interpelatu nahi ditugu», esan du Serratok.

«Gaur egun Aretxabaleta neska askok pentsatuko dute emakumeak betidanik atera direla kintoetan eta ez da horrela izan. Garrantzitsua da hori kontatzea. Eta plazan agertzen garenean martxoaren 7an, agian horrekin konturatuko dira», iritzi dio Cardenalek.

«Adin nagusiko emakume asko gerturatu zaizkigu oso harro daudela esanez eta martxoaren 7an plazan egongo direla esan digute. Baina garrantzitsua da jende gaztea ere gerturatzea plazara. Hori da gure erronka», amaitu du Arandok.