Gaur 8

Michel Bond, Paddington hartzaren ‘aita’, duela ehun urte jaio zen

Ehun urte bete dira gaur Michel Bond idazlea jaio zenetik, Paddington hartz maitagarria protagonista duen Ingalaterrako haur-literaturako saga ospetsuenaren egilea. Iazko otsailean estreinatu zen zinema aretoetan literaturako pertsonaia ikoniko honen abenturetan oinarritutako azken filmea.

Paddington hartza Perura itzuli zen iaz estreinatutako filma bati esker.
Paddington hartza Perura itzuli zen iaz estreinatutako filma bati esker. (SONY)

«Bazen behin Paddington izeneko hartz bat, Peruko lurrikara batean gurasoak galdu zituena...». Esaldi honekin hasi zuen Michael Bondek (Berkshire, Ingalaterra, 1926ko urtarrilaren 13 - Londres, 2017ko ekainaren 28) haur-literaturako pertsonaia ospatuenetako baten lehen liburua. 

Gaur 100 urte bete dira idazlea jaio zenetik, baina Paddingtonek bizirik dirau. Horren adibide, iazko otsailean estreinatu zen literatura saga honetan oinarritutako hirugarren filma. Bertan, azkenik, Paddington Perura itzuli zen. Zergatik Peru? galdetu zioten Bondi elkarrizketa batean. Hau bere erantzuna: «Bururatu zitzaidan tokirik urrunena zelako». 

Kennet and Avon kanalaren ertzeko txabola batean jaioa, haurtzaroa Readingen eman zuen, Berkshireko konderrian Michael Bondek. Aita posta zerbitzuko langilea zuen. Bere bizitza, bere belaunaldiko askorena bezala, Bigarren Mundu Gerrak markatu zuen.

17 urterekin, RAF Aireko Errege Indar Britainiarrean boluntarioan sartu zen. Gero, armadan zerbitzatu zuen 1947ra arte. Gaztaroko urte gogor haietan ikusitako irudi batek betiko markatu zuen: Readingeko geltokira bakarrik iristen ziren umezurtzak. «Denek zeramaten etiketa bat lepoan, beren izen eta helbidearekin, eta kutxa edo pakete txiki batean, beren ondasun preziatuenak gordetzen zituzten», aipatu zuen ‘The Guardian’-ek egin zion elkarrizketa batean.

Paddingtoneko geltokian, Londresen, udako egun bero batean agertu zen lehen aldiz hartz txikia. Brown senar-emazteak eskolatik zetorren alabaren zain zeuden, etxera zetorrelako oporrak igarotzeko. Orduan ikusi zuten, txiki eta geldi, maleta baten gainean eserita. Kapela dotore bat zeraman, hegal zabalekoa.

«Nondik zatoz zu?», galdetu zion Brown andreak eta berak, harrotasun ukitu batekin erantzun zuen: «Peruko baso ilunetatik; egia esan, inork ez daki hemen nagoenik. Polizoi bat naiz». Gero, kartelean idatzita zegoena ikusi zuten: «Mesedez, zaindu hartz hau. Eskerrik asko».

«Paddington bera ere errefuxiatua zen, nolabait, eta uste dut ez dagoela errefuxiatuena baino irudi tristeagorik», kontatu zion Bondek kazetariari.