Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Norvegia izan nahi dugu, ez Espainiaren aurkaria

Maltzurra behar du, gero, Espainiako selekzioaren hiru partida sanfermineko bederatzi gauetan kokatu zituen gidoilariak (Mikel Merino iruinxemea espainiar heroia izango zela idatzi bazuen, are gaiztoagoa). Zurrunbilo eroan gertatu da, alkoholak sentimenduak lehertzeko punturaino eraman ohi dituenean, hiria bisitariz beterik dela (jatorria ezkutatzen duen “mozorro” zuriarekin) eta aurtengoan, gainera, bero jasangaitza lagun, tentsioa larriagotuz. Identitate nazionalen arteko talka saihetsezina zen. Eta elkarbizitzarako muturreko proba, estres test moduko bat, gertatu da.

Iruñeko zezen plazan den-dena eskala erraldoian gertatzen da, filtrorik gabe, gordin. Zorionez uztailaren 6an, Espainiaren eta Portugalen artekoa jokatu zenean, ez zen oraindik zezenketarik eta suziria lehertu ostean festan buru-belarri genbiltzan, futbol kontuetan baino. Arreta handiagoa ekarri zuen hilaren 10eko Espainia-Belgika norgehiagokak. Plazaren eguzkipeko harmailetan “Puta España, puta selección” leloa erakutsi zuten. Itzalpetiko eserlekuetan batzuek «yo soy español» abesteari ekin zioten. Hirugarren atala: uztailaren 14an, ika-mika nabarmenagoa. Peñen aldean ikurrinak, Nafarroako banderak eta euskal selekzioaren aldeko aldarrikapenak azaldu ziren, kalejira baten ostean; lau egun lehenagokoa baino ekimen zabalagoa eta zentzudunagoa, nire ustez. Baina aurrean ere antolatuta zeuden: dozena bat Espainiako bandera agertu zen jende artetik, automatikoki.

Hiruzpalau xehetasun gehiago. Bata, aspaldiko partez ikusi dira piperpotoak Iruñeko zezen plazan, ia Francoren garaietatik ez zen horrelako irudirik. Bigarrena, Nafarroako bandera guzti-guztiak eguzkipean zeuden: abertzaleen eskuetan, beraz. Hirugarrena, toreatzaile bati (ez du axola nor den) bandera gorria helarazi zioten publikotik eta txalo artean astindu zuen; hurrengo toreatzaileari (ez du axola nor den ere) Espainiako bandera bat bota zioten baina ez zuen hartu nahi izan, bazekielako horrek ikusle asko aurka jarriko zituela, nahiz erabaki hori txistuka aurpegiratu zioten eskuindar Espainiazale batzuek. Laugarrena, Espainia-Frantzia jada jokatzen ari zela, plazan zeuden gehienak bertan geratu ziren festak agurtzeko asmoz, urtero legez, besteak beste, “Ikusi mendizaleak” abestuz. Une horretan bertan, Espainiak (Oyarzabalek) 1-0koa egin zuen; inortxo ere ez zen enteratu.

Futbol norgehiagokak amaitu ostean, itzalpekoak eguzkipekoak baino alaiago zeuden, jakina. Ez dut uste hori garrantzitsuena denik. Identitate nazionalen arteko partida beti jokatu da Nafarroan, amaierarik gabekoa da. Elkarbizitzarena da aurretik amai litekeena. Joko arau garbiak izatea, ez da horretarako besterik behar, eta lehena argia da: nazio-selekzio guztiek jokatzeko eskubide berdina izan beharko lukete. Hori onartzen ez denean, edozein kasutan, eraginkorragoa dirudi etengabe salatzea eta aldarrikatzea nazio uka-tzailearen selekzioak gal dezan amestea baino. Hobe da Norvegia (edo Uruguai, Eskozia, Curaçao...) izateko egunero ahalegintzea, bi urtean behin Espainiaren betiko arerioa izatearekin konformatzea baino. •