GAUR8

Gaurko irratiko aurrerapenean, Marina Garces filosofoari aipamena

Marina Garces filosofo kataluniarrari eskaini diogu aste honetako alearen azala, euskaratu dituzten bere azken bi liburuen aitzakian Mikel Urdangarinek elkarrizketa sakona egin diolako.

Pentsalari eta idazle oparoa da Marina Garces (Bartzelona, 1973). Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakasle izateaz gain, ‘Espai en Blanc’ eta beste hainbat ekimenetan parte hartu izan du. Mikel Urdangarinek egin dion eta bihar argitaratuko dugun elkarrizketaren sarreran aipatzen denez, «filosofia ‘modu ironikoan’ erabiltzea gustatzen zaio Garcesi, eta beste hainbat galdera eta metafora zirikatzaile ere proposatzen ditu bere idatzietan».

Badalab, Jakin, Euskalgintzaren Kontseilua eta TEKS erakundeek bultzatuta, bere beste bi liburu euskaratu ditu Olatz Mitxelenak: “Ilustrazio erradikal berria” eta “Promesaren denbora”. Aurrez, “Filosofia amaitu gabea” ere itzuli zuen, "Denbora bizigarri baterako” izenburu orokorrarekin bilduma osatuz.

«Beste modu batera egin genezake: denok ingelesez hitz egin, irakurri eta komunikatzeko aukera izango genuke. Baina hor gauzen izatea mezuaren edukira murrizten arituko ginateke. Eta nik uste dut inongo genero, ezta filosofia ere, ez dela eduki bat bakarrik: harremanen, egoeren, ekonomien, hizkuntzen eta abarren sare bat da», dio Garcesek elkarrizketan bere testuak euskarara ekartzearen garrantziaz.

Urdangarinek gogoratzen duenez, «garaiko dogmen aurrean, ‘intsumisiorako jarrera erradikala’ aldarrikatzen du» elkarrizketatuak, eta horixe, bere horretan, bada nahikoa arrazoi dioena arretaz irakurtzeko. Gonbidapena egina dago.