
Roger Lapébie (Baiona, 1911ko urtarrilaren 16a – Pessac, Gironda, 1996ko urriaren 12a), txirrindulari profesionala izan zen. Arrakastarik handiena 1937an lortu zuen, Tourra irabaztean; proba horretan guztira bi aldiz izan zen podiumean eta bederatzi etapa garaipen lortu zituen hainbat urtetan.
Lapébie Baionan jaio zen aita, trenbideko makinista, bertan lanean zegoelako. 6 urte zituenean familia Bordeletik gertu bizitzera joan zen. Hantxe egin zen txirrindulari eta hantxe bizi izan zuen bizitza osoa.
Gure txirrindularitzaren lehen garaipen handiaren egilea izan zen, 1937ko Tourra irabazi zuen –polemika artean, hori bai; garai hartako txirrindularitza horrelakoa zelako– eta gerora euskal figurek jarraituko zuten bidea ireki zuen Lapébiek.
1939an izandako istripu batek eta II. Mundu Gerraren hasierak amaiera eman zioten bere ibilbideari.
Gurean ia ezezaguna da, dena den. Ximun Larrek eta Francis Lafargue-k ‘L'histoire du cyclisme en Pays Basque Nord’ (Elkar) lana argitaratu zutenean, Gaur 8n egin zitzaien elkarrizketan Francis Lafargue-ri buruz galdetu zitzaien espreski, zaleentzat ezezaguna izan daitekeen ziklistaren bat delako.
«Erabat ezezaguna ez nuke esango, baina bai agian guk, eta zer esanik ez gaur egungo gazteek, ezagutu ez ditugunak. Ziur gaur egungo gazte gehienek ez dakitela Roger Lapebie izeneko baionar batek Tourra irabazi zuela 1937an, eta Baionan izen hori duen kale bat dagoela horregatik. Arraroa izan liteke, baina hori da egoera. Pentsa ezazu Tour irabazle hori bilbotarra edo donostiarra izan balitz zein desberdina izango zatekeen oihartzuna», hausnartu zuten.

