GAUR8

Chaplinen ‘The Kid’ filmeak 105 urte bete ditu gaur

Gaur bezalako egun batean, 1921ean, estreinatu zen Charlie Chaplinen ‘The Kid’ (‘Haurra’) film mutua. Euskal Herrira urte bete beranduago iritsi zen. Film hau inflexio-puntu bat izan zen Chaplinen obran, zinema sozialaren sorrera eragin zuelako genero bezala.

Jackie Coogan eta Charles Chaplin, klasiko eder honetan.
Jackie Coogan eta Charles Chaplin, klasiko eder honetan. (WIKIPEDIA COMMONS)

‘Sei bobina alai’. Horrela iragarri zuten 1921eko kartelek garai hartan mundu osoan ospetsua zen Charles Chaplinen lehen film luzea. Sei film-bobinez (35 mm-ko pelikulakoak) osatzen zen ‘The  Kid’ (‘Haurra’) luzemetraia. Chaplin bera eta Jackie Coogan haurra ziren filmaren protagonistak, eta kredituek adierazten duten legez, «irribarre bat eta, agian, malko bat sortuko dizun filmea da».

Charles Chaplinek ez zuen gogokoa izan izenburua, eta azkenean berak hautakoa erabili zen. Ordura arte egindako filmeetan lortutako ospea eta aberastasuna aprobetxatu nahi baitzuen Chaplinek, istorio sakonagoak filmatu ahal izateko.

Horrela, ‘The Kid’ gizarte-bidegabekeriak salatuko zituen filmografia eder baten abiapuntua bihurtu zen, geroago ‘Modern Times’ (1936) eta ‘The Great Dictator’  (1940) lanek erakutsi zuten bezala. Azken film horretan, Hitler edo Mussolini bezalako pertsonaia beldurgarrien aurka umorea egin zitekeela erakutsi zuen, eta, bide batez, zenbait korronte faxisteen arriskuez ohartarazi.

Filmaren abiapuntua zuzendariaren eta protagonistaren bizitza bera izan zen, haurtzaroan errotutako oroitzapenak, alegia. Aita alkoholikoa zuen eta ama hainbat ospitale psikiatrikotan ospitaleratuta egon zen.

«Londres viktoriarrean bizirauteko sena eta Dickensen nobela bat balitz bezala bizitako haurtzaro hori erabakigarriak izan ziren Charlieren nortasuna eratzeko orduan», aipatu zuen bere biloba Doloresek elkarrizketa batean. 2024an, Donostiako Zinemaldian Irizar saria irabazi zuen Dolores Chaplinek ‘Chaplin: Espíritu gitano’ dokumentalarekin.

AEBetako Kongresuko Liburutegiak «kulturalki, historikoki eta estetikoki esanguratsutzat» jo zuen ‘The Kid’ filma 2011n, eta National Film Registryn gordetzeko hautatu zuten.