GAUR8

M8 Abesti Feministen Lehiaketaren edizio berri bat abiatu du Durangok

M8 Abesti Feministen Lehiaketan parte hartzeko izen-ematea zabaldu du Durangoko Udalak. Deialdira edozein musika estiloko kantak aurkeztu ahal izango dira, bi kategoriatan: 16 eta 30 urte bitartekoentzat bat, eta 30 urtetik gorakoentzako beste bat. Otsailaren 13an itxiko dute epea.

Durangoko lehiaketaren finalistak aurreko edizioan.
Durangoko lehiaketaren finalistak aurreko edizioan. (DURANGOKO UDALA)

Durangoko Udaleko Berdintasun Sailak abian jarri du M8 Abesti Feministen Lehiaketaren edizio berri bat, «musikaren bidez genero berdintasunaren aldeko mezuak aitortu eta zabaltzeko» helburuz.

Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, konpromiso soziala duen sorkuntza artistikorako gune bat eskaini nahi du ekimenak. Edizio honetan, 16 urtetik gorakoek parte hartzeko aukera izango dutela azaldu du Udalak. Bi kategoriatan banatuta dago lehiaketa: 16 eta 30 urte artekoentzako bat, eta 30 urtetik gorakoentzat, bestea.

«Bereziki ahalduntzea, sororitatea, genero aniztasuna, desberdintasunen salaketa edo indarkeria matxistaren aurkako borroka bezalako gaiak jorratzen dituzten jatorrizko abestiak baloratuko dira», argitu dute udal iturriek, balorazioan, letra zein musika kontuan hartuko direla erantsiz.

Gehienez bi abesti aurkeztu ahal izango ditu parte hartzaile bakoitzak, «propioak edo bertsionatuak» eta iraupena gehienez 10 minutukoa izan beharko da. Estilo guztietara zabalik letrak euskaraz edo gaztelaniaz ez badaude, itzulpena izan beharko dutela zehaztu dute, eta emanaldiei dagokionez, ‘a capella’, instrumentuekin edo MP3 formatuko oinarri musikalarekin egin ahal izango dira. 

Izen-ematea otsailaren 13ra arte egongo da zabalik, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Inprimakia, PDFko letra, Ikus.enztunezko grabaziorako esteka bat (YouTube) eta, finalista izanez gero, behar teknikoak aurkeztu beharko dira. 

Martxoaren 5ean argitaratuko dute epaimahaiak hautatutako hamabi abestien zerrenda, eta une horretan irekiko dute bozkatzeko epea, Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako lagunen artean. 

Finalaren ekitadia, zuzeneko emanaldiak izango dituena, martxoaren 28an izango da, 19.00etan, Plateruena Musika Aterpean. Epaia jakinaraziko dute bertan, eta sariak banatuko dira.

Sariei dagokienez, 600 euro garbi jasoko dituzte 30 urtetik beherakoen kategoriako bakarlari eta taldeko abesti onenek; eta 500 euro, 30 urtetik gorako kategoriakoek. Horiez gain, publikoaren saria eta euskarazko abesti onenaren saria eskainiko ditu lehiaketak, biak 350 eurokoak, 130 eurorekin saritutako aipamen berezia ere.