Azken hilabeteotan NBEn aurka abiatu duen presio kanpainan urrats erabakigarria eman du Israelgo Gobernuak. UNRWAren egoitza nagusia suntsitu du Jerusalemgo Sheikh Jarrah auzoan.
Rolando Gomez NBEen Prentsa eta Kanpo Harremanetarako Ataleko buruak ohartarazi duenez, Israelek egindako NBEren eta honen helburuen aurkako aurrekaririk gabeko eraso baten aurrean gaude, eta nabarmendu du horren xedea, palestinar errefuxiatuen egoera are eta zailago bilakatzea dela.
Ravina Shamdasani NBEko giza eskubideen batzordeko bozeramaileak berretsi du palestinar errefuxiatuei babesa ematen dieten egitura humanitarioen aurkako kanpaina daramala Tel Avivek, besteak beste Mugarik Gabeko Medikuak elkartea ere jomugan baitute.
Israelek, ordea, legezko jabetza dutela eta eraikina legez kanpo deklaratu dutela adierazi du. Haien ustez, UNRWAko langile batzuk Hamasen eta Jihad Islamiarraren kideak dira, eta agentziaren instalazioak tunelak egiteko eta erasoetarako erabili direla.
Bere atzean zituen hondeamakinek UNWRAren eraikina eraisten zuten bitartean, herri juduarentzako «pozik egoteko egun historikoa» dela esan du Itamar Ben Gvir segurtasun nazionaleko ministro eta kolono ultrasionistak palestinar herria eta hauen alde lerratzen direnak humiliatzeko saiakera berri batean.
Palestinako Agintaritza Nazionalak, bere aldetik, eraisketa salatu du, nazioarteko zuzenbidea urratzen dela adieraziz. Nazioarteko Justizia Auzitegiak ere argi utzi du Israelek ez dituela frogatu lotura horiek, eta Gazako biztanleen oinarrizko beharrak bermatu behar direla adierazi du.

