Nerea Godoy
Hezitzailea eta Bizipozako kidea

«Urteten jake, urteten jakena»

Euskararen aldeko elkarretaratzea Bilbon.
Euskararen aldeko elkarretaratzea Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Zorionez, denon ahotan dabil EAEko unibertsitatera sartzeko probetan gertatutakoa. Zorionez, diot, euskararen aurkako oldarraldi honen aurrean irmo agertu garelako euskaldunok, hiztunok eta zaleok, pizkunde honetan indarrez eta kontzientziaz beterik. Euskarari bortizki egin zaio eraso eta, hau idatzi eta argitaratu bitartean behintzat, ez dago auziaren behin betiko erantzunik. Laburbilduz, zera gertatu da: euskaraz ez dakien ikasle talde batek 0 atera du Euskarako azterketan; ikastetxe horietako ikasle eta irakasleek gazteleraz salatu dute gertatutakoa; eta, behin-behinean, bakoitzak ikasi nahi duen graduan sartu ahal izateko emaitza hori baliogabetu dute. «Ez bailitzateke bidezkoa euskaragatik nahi duten gradu horretatik at geratzea». Horren aurrean, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako hiriburuetan kontzentrazioak egin dira eta EHUko errektoretzak egoera salatu du, auzitegietara egunkari batean argitaratutako gezurrak eraman dituztelako emaitza baliogabetzeko froga gisa (eta horiek, onartu…). Jendetza bildu zen aurreko astean Bilbon, Donostian eta Gasteizen “Euskal Herrian euskaraz” oihupean, euskara banderatzat duten agintariek sarri ahazten dutelako gurea euskara dela eta ez «el euskera».

«Esto parece ser que es un poco una caza de brujas». Jarraian, EITBk ikasle eta irakasleei egindako erreportajean bildutako zenbait esaldi bildu ditut, ataltxo honen izenburutik hasita: «nik huts bat daukat edo, bueno, atera dut, eta ez dut pentsatzen nire nota da hori», «oso txarra iruditzen zait gu publika bat joan nahi badugu, ezin dugu», «¿qué exigimos? ¡Revisión!», «jendea euskararekiko daukan konfiantza galdu du osorik». Txarrenari onena atera nahian, egoerarik zitalenean ere, dozenaka meme eta bideo egin dituzte ikasle horien akatsez beteriko esaldiak direla eta. Haserrea eta amorrua umorearen bidez kudeatu, eta protesta tinkoen bidez salatu du gizarteak egoera. Dena den, ez dut inor entzun, ergatiboa A ereduko ikastetxean ahaztuta, euskararekiko konfiantza galdu duela (jendeak, oro har) esan zuen horri buruz hizketan. Gaztetxoak dio berak euskara sustatzeko ahal duen guztia egiten duela, baina honen ostean oso zaila egingo zaiola horri eustea. Hara! Jakingo bazenu euskarari zenbat milaka eta milioika aldiz egin zaion eraso mendeetan zehar eta oraindik ere! Baxoa euskaraz egitea debekatu zaien ehunka ikasle daude, Irulegiko eskuaren ingurukoak asmakeriak direla dioten beste horiek, hezkuntzan gazteleraz den lanpostu bat eskaintzeko euskarazko profila dutenak baztertzea erabaki izana… eta aipatuko ez ditugun beste hamaika, beharbada, “euskara sustatuko” bazenu ezagutuko zenituzkeenak, konfiantzarik galdu gabe. Bide batez, horrela ere irakasle horrek ondo jakingo luke «caza de brujas» “sorgin ehiza” esaten dela. Baina euskaldunok oso harro gaude sorgin izateaz, akelarrearen inguruan oihuka eta irrintzika.

Sorpresa! Ikasle horiek sekula ez omen dute 0rik atera bere irakaslearekin eta ezusteko galanta hartu zuen hark berria jasotakoan. Nola liteke hori? Batetik, A eta B ereduek euskararekiko duten jarrera baztertzailea agerikoa da, sorpresa gutxi alde horretan. Bestetik, irakasteko eta ebaluatzeko moduak duela 50 urtetik hona behar du garbiketa sakon bat (eredu guztietan, autokritikarako tartea eginez). Euskara ez delako sinonimoak eta berridazketak, ezinezko aditz eta deklinabideak, ez da «las jaias» eta folklore hutsa, gaztelerazko artikuluak edozein hitzen aurretik jartzea eta txapelaz dantzatzen jakitea. Euskaltzaindiak “euskañol” hitza onartu berri du eta ez dakit ospatu edo negar egin behar dugun, bizirauteko deabruarekin sinatu beharreko hitzarmena den edo munduko gazta bola honetan gure zatitxoari eman dioten beste hozkada bat. Gaztelania eta Literatura ikasgaian Pio Barojaren olerkiak, “El árbol de la ciencia” liburua eta “La casa de Bernarda Alba” antzezlana ezagutu behar baditugu, zergatik ez Leire Bilbaoren olerkiak, “Amaren eskuak” liburua eta “Miñan” antzezlana? Euskarak badu-eta literatura, narratiba, poesia eta abar, eta abar. Historian ere, Bastillako kartzelaren aurkako erasoa eta frankismoa ikasi behar izan ditugu eta hemen gaude, euskara defendatzen eta inposatzaile deitzen digutenen aurrean. Akaso, “Kutsidazu bidea, Ixabel” irakurri edo ikusi beharko lukete, euskaraz eta euskarari buruz ikasten hasteko. Primeran plataforman ikusgai, doan. Baina argi izan: euskara ez dago salgai! Segi suaren inguruan dantzan, sorginok! •