GAUR8

Rock and rolla familia giroan dastatzeko proposamena, Legution, Gasteizen eta Eltziegon

Rock and rollaren xarmara hurbildu, familia giroan bizi eta beluanaldi ezberdinak modu atseginean konektatzea helburu dituen programazioa da Rock & Txikis, eta otsailean abiatuko da saio ezberdinak eskainiz, Legution, Gasteizen eta Eltziegon.

Irudian, Azkena Rock jaialdia.
Irudian, Azkena Rock jaialdia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Rock & Txikis musika ziklo didaktikoaren hiru saio egingo dira otsailean haur eta helduak «rock and rollaren historian barrenara» hurbiltzeko, Arabako Foru Aldundiak sustatutako adin guztientzako hezkuntza esperientzia dibertigarri baten bitartez.

‘Soinu bidaia’ Legutio (otsailak 6), Gasteiztik (otsailak 7) eta Eltziegotik (otsailak 8) igaroko da programazioa, doako sarrera duen ikuskizun batekin, «familian rockaz gozatzeko, deskubritzeko eta ikasteko».

Proiektuaren maskota den El Oso Rosendoren eskutik, bertaratzen direnek generoaren klasiko handien jatorria, protagonistak eta pasadizoak ezagutuko dituzte, eta rockaren historiako izar handiak bezala karakterizatutako musikari profesionalen talde batek zuzenean interpretatuko ditu The Beatles, AC/DC, Queen, Tina Turner, Oasis, Green Day edo Joan Jetten abestiak, besteak beste.

«Belaunaldi ezberdinak konektatzeko modu atsegina, gure herri kulturaren parte diren abestiak ezagutzen eta beren testuinguru historiko partikularrean kokatzen ikasiz», ziurtatu dute.

Ikuskizun musikala haurrentzako tailerrekin osatuko da, eta bertaratzen direnek rockaren estetika ikonikoan inspiratutako lepokoak edota eskumuturrekoak egin ahal izango dituzte.

Parte harztera animatzen direnek aukera izango dute, gainera, azal klasikoak berrinterpretatuz disko azalak sortzeko, generoa definitzen duen arte bisualari buruz ikasteko, aldi baterako tatuajeak egiteko edo taldeen logoak asmatzeo.

Sarrera librea da, iritsiera ordenaren arabera eta edukiera bete arte. Legutioko Kultur Etxean, Gasteizko Zabalgana gizarte etxean eta Eltziegoko eskoletako atio estalian izango dira saioak.