«Gaza deskribatzeko burura etortzen zaidan lehenengo hitza ‘erresilientzia’ da»
Nur Alhaddad irailean iritsi zen Euskal Herrira senarrarekin. Zerotik bizitza berri bat hastea ez da erraza izaten ari. Erronka horiei buruz mintzatu da GAUR8rekin, baita genozidioari buruz ere.

Nur Alhaddad eta senarra, Ahmed Alhaddad -Sol Band musika taldeko gitarra jotzailea-, irailean iritsi ziren Euskal Herrira. Oraindik ez dute asilo babesa lortu eta agiririk gabe ezinezkoa dute lan egitea edo etxe bat alokatzea. Gurasoak eta gainerako ahaideak Gazan ditu.
Genozidioa hasi zenean kanpoan ikasten ari zen Alhaddad. Etxetik, familiatik eta herrikideetatik urrun egoteak eragiten zion ezintasunari buelta emateko, Apricot irabazi-asmorik gabeko elkartearekin kolaboratzen hasi zen boluntario gisa. Helburua, Gazan bizi diren diseinatzaileak, software ingeniariak eta beste Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) enpresekin harremanetan jartzea. Iaz 70 gazatar baino gehiagok lortu zuten lan kontratu bat atzerriko enpresekin Apricot elkarteari esker.
Alhaddad luze mintzatu da GAUR8rekin. Mahai gainean, gai zerrenda luzea: genozidioa, zer den errefuxiatu gisa bizitzea eta zerotik hasi beharra izatea, Apricot elkartea...
Nola izaten ari da bizitza berri bat eraikitzeko prozesua?
Hona iritsi ginenetik, gauza mordoa ikasten ari gara, den-dena desberdina baita: kultura, hizkuntza... Agiriak lortzea ez da erraza izaten ari, are gutxiago etxebizitza bat. Aldi berean, kezka eta erronka pila dituzunean, zerotik hasi beharra gogorragoa egiten da. Batetik, hemen bizitza berri bati aurre egin behar diogu, eta, bestetik, gure senideak oraindik Gazan daude bizi-baldintza izugarri gogorretan; ondasun guztiak galdu dituzte genozidioan. Beraz, gure beldurrak eta kezkak biderkatu egiten dira. Ez zait batere erraza egiten zure galderari erantzutea, zeren prozesu horren barruan murgilduta gaude erabat, eta, egia esan, ez dugu tarterik horri buruz hausnartzeko ere. Hilabete batzuk barru, gure egoera egonkorragoa denean, errefuxiatu baimena lortzen dugunean, etxebizitza bat aurkitzen dugunean, agian nire erantzuna desberdina izango da, baikorragoa. Une honetan esan diezazukedana da oso zaila dela beste herri batean zure bizitza eraikitzea. Egoera normal batean, zure familiaren babesa izan dezakezu. Atzerrira ikastera edo lanera joaten diren gazteek, adibidez, beraien gurasoen laguntza ekonomikoa eta sustengu emozionala dute. Gure familiek ezin gaituzte lagundu, dena galdu dute eta. Guztiok ari gara bizitza berri bat eraikitzen, han eta hemen.
Zer ari da izaten zailena?
Pertsona guztiok ez dugu balioa duen pasaporte batekin jaiotzeko zortea. Pasaporte baliotsua duen herrialde batean jaiotzeko zortea baduzu, ate gehiago irekiko zaizkizu. Nire pasaporte palestinarrarekin ezin dut inora bidaiatu, hasteko. Beste batzuek denbora gutxian lor dezaketena, esaterako atzerrira bidaiatzeko bisa bat, guri askoz gehiago kostatzen zaigu eta asko borrokatu behar dugu lortzeko; pasaporte palestinarra izateak tramiteak zaildu egiten ditu. Lan egiteko edo bizitza berri bat eraikitzea ahalbidetzen dizkizuten agiriak lortzeko, urteak behar ditugu. Beste batzuek, ordea, nortasun agiri edo pasaporte baliotsu bat dutelako, denbora gutxiago behar dute; ez da gaitasun kontua, dokumentu kontua baizik. Gure kasuan, ez dira aintzat hartzen gure hezkuntza maila, gure gaitasunak, gure jarrera… Senarra eta biok asiloa eskatzeko prozesuan murgilduta daude. Eta agiririk ez dugunez, ezin dugu lanik egin, ezta etxerik alokatu ere. Orain arte, leku batetik bestera mugitzen egon gara, jendearen eskuzabaltasunari esker. Baina etxebizitza egonkorra topatzea premiazkoa dugu.
Nola bizi duzu genozidioa?
Oso gogorra izan da. Hasi aurretik Gazatik irten nintzen ingeniaritza informatikoan masterra egiteko, baina nire familia bertan egon da eta dago. Genozidioa hasi zenean desiratu nuen ez irtetea eta bertan egotea familiaren ondoan. Familiaren etxetik gertu zeuden tokiak behin baino gehiagotan bonbardatu zituzten. Gurasoen etxea bonbardatu egin zuten. Hilda egon zitezkeen eta ni ez nengoen bertan eurekin. Haurtzaro osoa igaro nuen aitonaren etxea ere bonbardatu egin zuten. Egia esan, oso zaila da deskribatzea zer sentitzen den zure etxea suntsituta, hondakin bihurtuta ikustean.
Zein egoeran daude Gazan?
Nire gurasoak adinekoak dira, eta lanik eta etxerik gabe gelditu dira. Urteetako lanari esker lortutako guztia galdu dute; orain haiek behar dute gure laguntza, baina guk ezin ditugu lagundu, hori frustragarria eta mingarria da. Anaia bat Egiptoko unibertsitatean ikasten ari da, besteak aurten bukatzen du bigarren hezkuntza Gazan. Hezkuntzak garrantzi handia du palestinarrontzat. Gurasoak ahaleginak egiten ari dira anaia gazteenak unibertsitatean ikasi ahal izateko dirua biltzeko. Baina benetan zaila eta nekeza da genozidio bat pairatu berri duzunean.
Genozidioak 20.000 haur baino gehiago hil ditu 2023tik hona. Zer trauma mota utziko ditu haurtzaroan?
Bi edo hiru belaunaldi beharko dira genozidioak utzitako traumari aurre egiteko. Haurrek beraien haurtzaroa galdu dute, eskolara joan beharrean, ur edangarriaren edota jatekoaren bila atera beharra baitute. Asko umezurtz gelditu dira eta beraien anai-arreba txikien zaintzaren ardura hartu behar izan dute. Gogoan dut 12 urteko neskato baten bideoa. Gurasoak eraso batean galdu zituzten eta bere hiru anaia txikiak zaindu behar ditu orain. Bideoan haientzat kozinatzen ari zen. Diru-sarrerarik gabe, gauzak saldu behar zituen bizirauteko. Haur askok gorputzeko atalen bat galdu dute aire erasoen erruz. Gurasoen babesa eta goxotasuna jasotzeko garaia izan beharko luke haurtzaroak, ikaskideekin jolastekoa, eskolara joatekoa... Baina Gazan ez da horrelakorik gertatzen. Genozidioak haurtzaroa lapurtu die.

Errefuxiatu kanpaleku batean hazi zinen.
Nire familia jatorriz Beerseba herriko da. Palestinako desertuan kokatuta dago. 1948ko hondamendian, Nakban, nire aitona-amonak beraien lurretatik eta etxetik bota zituzten, eta Gazara heldu ziren errefuxiatu gisa. Beraz, nire aitona, aita eta ni neu errefuxiatuak gara berez. Baina, ez nintzen errefuxiatu sentitzen, gehien-gehienok hala baikara; gehienon aitona-amonek pairatu zuten Nakba, beraz, denok ditugu memoria partekatuak. Nolakoa zen gure bizitza Gazan? 2005era arte, nire aitonaren etxea, errefuxiatuentzako kanpaleku batean kokatuta, kolonoen etxeetatik gertu zegoen. Familia osoa bizi ginen elkarrekin. Maiz kolonoen erasoak pairatzen genituen. Jaio nintzenetik, Israelen okupazioa gure egunerokotasunaren parte izan da. Haurra nintzela, soldadu israeldarrak etxeetan sartzen ziren bat-batean. Halako batean, nire aita eta osabak hartu eta torturatu egin zituzten. Horrek beldur asko eragin zizkidan. 2005. urtean kolonoak Gazatik kanporatu zituzten. Lasaitasun pixka bat ekarri zigun, baina orduan Israelek Zerrendaren kontrako blokeoa ezarri zuen eta erasoaldiak bata bestearen atzetik etorri ziren. Hegazkin baten zarata entzuten dudan bakoitzean, beldurra sentitzen dut eta gerra hegazkin bat dela pentsatzen dut, nahiz eta orain leku seguru batean egon eta jakin ez dudala aire erasorik jasango. Gogoan dut 2008ko bonbardaketa. Laugarren mailan nengoen. Eskolarako bidean nindoan bonbak nonahi erortzen hasi zirenean. Imajina ezazu 9 urteko haur batek zer sentitu dezakeen! Okupazioak zure ametsak zapuzten ditu. Umea nintzenetik margotzea izan da nire pasioa, baina, blokeoa dela eta, ez zegoen margo eskolarik, materialik edo bestelako aukerarik nire zaletasuna garatzeko. Horregatik, software ingeniaritza ikasi nuen. Batzuek pentsa dezakete software ingeniariek diru asko irabazten dutela, eta hala da; hori bai, Gazan izan ezik! Palestinarra bazara, ez dituzu besteek eduki ditzaketen aukera berberak. Ez zaituzte ikusten talentua duen pertsona bat bezala, lan on bat egiteko gai den norbait bezala.
Gazan ez zenuen zure burua errefuxiatutzat. Hemen, bai.
Hala da. Nahiz eta nire familia Nakba garaiko errefuxiatu familia izan, ez nuen nire burua horrela ikusten. Hemen hitz horren esanahiaz jabetu naiz, zer den identitaterik gabe sentitzea. Gazan guztiok gara errefuxiatuak modu batera edo bestera, baina guztiok dugu hizkuntza bera, kultura bera. Hemen, aldiz, ez dugu ezta agiririk ere. Gainera, ez zait gustatzen “errefuxiatu” etiketa, hori egitean pertsona klaseak ezartzen ari zarela baitirudi, errefuxiatuak direnak eta ez direnak, guztiok ditugunean ametsak eta gaitasunak. Ni pertsona ikasia naiz, lan egin dezaket, hizkuntza berriak ikas ditzaket. Azken batean, errefuxiatuak garenak eta ez direnak berdinak gara.
Nola gauzatzen da palestinarren arteko laguntza sarea diasporatik, are gehiago egungo testuinguruan?
Genozidioa pairatu dugun palestinarrak gure artean laguntzen saiatzen garen arren, ez da erraza, norberak dituen arazoen bolumena izugarria baita: ez dugu inolako ondasunik, diru-sarrerarik… Genozidioak guztiok kolpatu gaitu. Baliabide ekonomikorik eta ongizate emozional propiorik ez baduzu, nola lagun diezaiekezu besteei? Eta diasporan egonik, are zailagoa da. Donostian, 30 bat palestinar gaude uneotan; gehienak arrazoi medikoengatik egindako ebakuazioetan etorri dira seme-alaba txikiekin, Gazan gainontzeko seme-alabak eta senarrak utzita. Dena den, egoera latz honetan egonik ere, elkarri laguntzeko formulak eta bitartekoak aurkitzen ditugu, palestinarrok eskuzabaltasuna eta gure herriarekiko maitasuna ezaugarri ditugulako.
Nire kasuan, genozidioa hasi zenean Gazatik kanpo nengoen ikasten. Gertukoei eta nire herriari laguntzeko beharra nuen. Telebistan Askatasunaren Flotilla bezalako elkartasun ekimenak ikusten nituen, baina ezin nuen parte hartu, ez dudalako horretarako pasaporterik. Buruan galdera bakarra nuen behin eta berriro bueltaka: «Ados, ezin dut genozidioa gelditu nire kabuz, baina zer egin dezaket laguntzeko?». Horrela iritsi nintzen Apricot elkartera. Genozidioaren aurretik Gazan bizi diren palestinar askok telelana egiten zuten Europako, AEBko, Saudi Arabiako… enpresentzat. Baina genozidioarekin beraien lanpostuak galdu zituzten, eta ondorioz baita beraien diru-sarrerak ere. Apricotek Europako eta AEBko enpresak Zerrendan bizi diren palestinarrekin harremanetan jartzen ditu. Talentu asko dago Palestinan eta lan egiteko aukera bat merezi dute. Boluntario gisa bitartekari lan hori egiten baliagarri sentitzen naiz, nolabait lagundu dezakedala sentitzen dut.
Zer balantzea egiten duzu?
Apricot duela urte eta erdi martxan jarri zen eta iaz 70 gazatar baino gehiagok telelana egiteko kontratu bat lortu zuten atzerriko enpresekin. Pertsona horiek beraien familiei lagundu ahal izateko diru-sarrera bat dute orain, laguntzeko bitartekoak dituzte. Hori asko da. Momentuz, gehienbat genozidioaren kontra dauden eta palestinarrak kontratatzeko nahia azaldu duten AEBko enpresekin egiten dugu lan, baina espero dugu aurrerantzean palestinarrak laguntzeko prest dauden Europako enpresa gehiago jartzea harremanetan Apricot elkartearekin, baita Euskal Herrikoak ere.ldi berean, jende askok beraien lanpostuak galdu dituzte genozidioaren kontra publikoki egiteagatik, edo genozidioa babesten duten enpresetan egiten dute lan. Nahiz eta zure enpresaren irizpideekin ados ez egon, oso zaila da lana uztea ez baduzu alternatibarik. Langile horiek genozidioa babesten ez duten enpresekin harremanetan jartzen ditugu, egon badaudelako.
Esan beharra dut ere, enpresa batzuk palestinarrak kontratatzeko beldur direla, ez baitute sekula palestinarrekin lan egin eta aurreiritziak baitituzte. Talentu handia dago Palestinan, baina palestinar askok ez dute talentu hori garatzeko edo erakusteko aukerarik; batetik, okupazioarengatik, eta, bestetik, aurreiritziengatik. Enpresa batzuek ez dute uste palestinarrek prestakuntza nahikorik dutenik nazioarteko korporazioetan lan egiteko. Baina behin lotura sortzen denean, feedback positiboa jaso dugu. Palestinarrak kontratatu dituzten enpresak pozik agertu dira eta beste batzuei gauza bera egiteko aholkatzen diete.

Margotzea zure pasioa da, baita musika ere. Euskal Herrira irisi berri, Errenteriako Atlantikaldia jaialdiari hasiera emateko Sol Band taldeak eman zuen kontzertuan parte hartu zenuen. Zure senarrarekin batera, Mikel Laboaren «Txoriak txori» kanta herrikoia abestu zenuen euskaraz. Otsailaren 28an Bilboko Euskalduna jauregian Saharari Kantari kontzertuan esku hartuko duzu.
Lehenik eta behin, oso zoriontsu egiten nau nire sen artistikoa garatzeko aukera izateak, eszenatoki baten gainera igo ahal izateak nire senarrarekin batera -Ahmed Hadda Sol Band musika taldeko gitarra jotzailea da-, bai eta gure herriaren historia jendearekin partekatu ahal izateak. Eszenatoki batera igotzea eta musikaren bidez Gaza, Palestina, ezagutzera ematea aldarrikapen ekintza bat ere bada, ez da soilik kanta bat abestea. Hala ulertzen dugu guk. Eskoletan Palestinari buruzko hitzaldiak eman ditugu. Beraz, norbait edo ikastetxeren bat interesatuta badago, gure burua eskaintzen dugu Palestinari buruz, medioetan ageri ez den errealitateari buruz hitz egiteko. Baita genozidioa gertatu aurretik Gazan bizitza nolakoa zen kontatzeko ere, gehienek “Gaza” hitza automatikoki heriotzarekin, saminarekin, lotzen baitute. Duela gutxi 130 haurrekin hitzaldia eman genuen Usurbilen. “Gaza” hitza entzutean zer zetorkien burura galdetzean, denek erantzun zuten heriotza, tristura, bonbardaketak. Ulergarria da, hori baita hedabideetan ikusten dutena. Baina Gaza genozidiotik haratago doa. Kultura eta tradizio aberatsak ditugu kontatzeko, eta horiek musikaren bidez zabaldu nahi ditugu.
Zoritxarrez, munduan gatazka eta sufrimendu asko dago. Okupazioaren eta zapalkuntzaren pean bizi zarenean, errazago enpatizatzen duzu egoera berean dauden beste borroka eta herri batzuekin. Beraz, palestinar garen aldetik, gure betebeharra da zapalkuntzapean bizi diren beste herri batzuei laguntzea, kasu honetan, sahararrari.
Gaza genozidiotik haratago doala diozu. Nola deskribatuko zenuke?
Gaza deskribatzeko burura etortzen zaidan lehenengo hitza “erresilientzia” da. Genozidio asko pairatu ditugu, ez bakarrik oraingoa. Baina, hala ere, bizitza sortzen genuen: 365 kilometro karratuko eremu batean bost unibertsitate genituen, hezkuntza tasa oso altua genuen. Merkataritza-guneak, kafeak… genituen, bizitza sozial aberatsa genuen. Dantza, folklore eta tradizio propioak ditugu. Egia esan, oso zaila egiten zait Gaza hitz gutxitan deskribatzea, gainera hitzekin azaltzea baino, hobe da irudietan, argazkietan edo zuzenean sentitzea. Dabkeh dantza, esaterako, taldean dantzatzen den dantza herrikoia da. Horrela esanda, hotz gelditzen zara, baina zuzenean ikusiko bazenu, igortzen duen energia sentituko zenuke; musikarekin gauza bera gertatzen da, entzun egin behar da sentitzeko, ez da nahikoa nik gure ohiko instrumentuak zeintzuk diren deskribatzea.
«The eyes of Gaza» liburuan, Plestia Alaqad kazetariak palestinarrak zenbait eremu administratibotan banatuta daudela eta horren arabera sailkatzen dituztela ohartarazten du, herri beraren parte izango ez balira bezala; Gazako palestinarrak, Zisjordaniako palestinarrak, Jerusalemgo palestinarrak…
Israelek Gazaren kontra ezarri zuen blokeoaren ondorioz, gazatarrok ia ezinezkoa dugu Zerrendatik atera eta berriro sartzea. Palestinarra izanda, ez naiz inoiz egon Zisjordanian, ezin izan dut nire aitonaren jaioterria ezagutu. Blokeoaren erruz ez dugu gure artean komunikaziorik. Eta ezin ditugu ahaztu diasporan dauden palestinarrak, okupazioak beraien lurretatik kanporatu eta Egipton, Jordanian edo hurbileko beste herrialde arabiarretan babesa aurkitu dutenak. Bizitza oso desberdinak ditugun arren, guztiok dugu faktore komun bat: sufrimendua.
Su-etena indarrean jarri zenetik, Israelek gutxienez 530 gazatar hil ditu, tartean ehun haur baino gehiago. Iritzi publikoan, ordea, genozidioa amaitu den irudia zabaltzen ari da. Protestek behera egin dutela iruditzen zaizu?
Ez dago su-etenik. Egia da orain ez daudela egunero ehun bonbardaketa, baina egunero-egunero daude aire erasoak Gazan. Pasa den astean, 32 pertsona hil zituzten egun bakarrean, tartean haurrak eta familia bereko zazpi senide. Jendeak hiltzen jarraitzen du muturreko hotzagatik eta uholdeak eragin dituzten euriteengatik. Jendeak ez du aterpetzeko etxerik, kanpin dendetan bizi da kaleetan; ospitaleak gainezka daude, ez dago botikarik, ezta janaririk ere. Iritzi publikoan genozidioa amaitu den ideia finkatu bada ere, ez da horrela. Ideia horrek ondorioak ditu, eta ondorio horiek ez dira soilik munduan zeharreko mobilizazioen eta Israelen aurkako presioaren murrizketan islatzen. Gure asilo eskaeren tramitazioa, adibidez, genozidio betean iritsi ziren palestinarrena baino askoz motelagoa da, 130 bonbardaketa izaten baitziren egunero.
Adibidez, genozidiorik ez dagoela pentsatzen dutenei, edo orain herritarrak kanpin dendetan daudelako egoera jada ez dela txarra pentsatzen dutenei, kanpin denda bat hartzeko esango nieke, ez ondo hornitutako bat, baizik eta sinple-sinple bat, eta pasa dezatela neguko gau bat bertan, kalean, berokirik gabe, mantarik gabe, janaririk gabe... Oso gogorra egingo litzaieke. Jendeari eskatzen diot bestearen lekuan jartzeko eta milaka pertsonaren sufrimendua ulertzeko edo palestinarrekin enpatizatzeko.
Zer egin daiteke?
Apricot elkarteko boluntario gisa, Palestinari elkartasuna agertu nahi dioten enpresei esango nieke Gazan talentu handia duten pertsona asko daudela, diseinatzaileak, software ingeniariak eta beste. Telelanean aritzeko haiek kontratatzera animatuko nituzke. Norbanakoek, berriz, inguruan dituzten errefuxiatu palestinarrak lagundu ditzakete. Haiei sustengua ematean, Gazako jendea laguntzen ari zara. Elkartasuna adierazteko eta zuzeneko laguntza emateko modu asko daude.



