GAUR8

Haur eta gazteekin literatura bitartekaritzan ari direnei tresnak eskaintzeko ikastaroa Bilbon

Literatura bitartekaritzan ari direnei tresnak emateko helburuz, ‘Haur eta Gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak’ ikastaroa prestatu dute. Liburuzainei, irakasleei, gurasoei, editoreei eta gaian interesa duen edonori zuzenduta dago.

Literatura bitartekaritzan aritzen direnei zuzenduta dago ikastaroa, hala nola, liburuzainak, irakasleak, editoreak edota gurasoak, besteak beste.
Literatura bitartekaritzan aritzen direnei zuzenduta dago ikastaroa, hala nola, liburuzainak, irakasleak, editoreak edota gurasoak, besteak beste. (Iñigo URIZ | FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri elkarteak ‘Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak’ izeneko ikastaroa antolatu dute, haurrekin eta gazteekin literatura bitartekaritzan ari diren bitartekariei tresnak eskaintzeko helburuarekin.

Ikastaroa Artxibo Historikoaren egoitzan izango da, Bilbon, martxoaren 4tik ekainaren 17ra, asteazkenetan, 17.00etatik 20.00etara. Ikastaroa presentziala izango da, eta ikasleei %80ko bertaratzea eskatuko zaie. Galtzagorri elkarteko Miriam Luki izango da arduradun akademikoa, antolatzaileek jakinarazitakoaren arabera.

Ikastaroan alde teorikoari helduko zaio, baina ardatza bitartekaritza praktikak izango dira, eta arreta berezia jarriko zaio gazteekin egiten den irakurketa bitartekaritzari. Horrela, ikastaroak tresnak eskaini nahi dizkio bitartekariari haurrekin eta gazteekin irakurtzen dutenean erabil ditzaten. «Tresna teorikoak ezinbestekoak dira, baina praktikoei egingo diegu azpimarra», adierazi dute.

Helburua da bitartekariak «maleta bete tresna» ateratzea generoak lantzeko, ikuspuntu anitzak baliatzeko, obrak aukeratzeko eta haiek ere irakurtzen ikas ditzaten. Saio gehienak euskal adituek eta arituek egingo dituzte, eta kanpotik ere etorriko dira puntako adituak hemengoen jakintza aberastera.

Bitartekaria da liburuaren edo irakurketaren eta haurraren edo gaztearen artean dagoen profesionala, amateurra edo gurasoa. Hartzaileak, horrenbestez, bitartekaritzan ari direnak dira, hau da, liburuzainak, irakasleak, liburu saltzaileak, editoreak, irakurleak, idazleak, ilustratzaileak, gurasoak eta haur eta gazte literaturaren bitartekaritzan interesa duen edonor.