Putak, terroristak eta burundanga
Edozein herritako horma batean batek daki nork egindako poliziaren kontrako margoketa bat eguneko albiste bilakatzen den herri honetan, bi indar polizial susmopean dituen bortxaketa bikoitz batek ez du apenas oihartzunik lortu. Aurretik jarriko dut kazetari gisa auzi honek sortzen didan etsipena, dakigun apurretik aspaldi luzean Euskal Herrian gertatutako eskandalu nagusiena sumatzen baita. Auzia ez da erraz laburtzekoa, ez dago bost segundotan azaltzerik, eta bizi dugun arreta gabezia erabateko aro honetan, kontra jokatzen du horrek. Auziaren nondik norako nagusiak “zirriborratzen” ahaleginduko naiz, hala ere...
Bi emakume minduta esnatu ziren 2016ko abenduan Iruñean, ezagutzen ez zuten etxe batean. Bi gizon ere baziren eraikin berean, baina segituan alde egin zuten bertatik. Aurreko gauean gertatutakoa ez zuten behar bezala gogoratzerik Martak eta Elenak; San Nicolas kaleko taberna batean egon zirela, besterik ez, hor amaitzen ziren beren oroimenak. Erietxean bortxatuak izan zirela egiaztatu zuten sendagileek, oso era bortitzean gainera, zenbait kolpe jaso baitzituzten. Burundanga edo antzeko zerbaiten bidez sumisio kimikoa eragin zieten, inolako duda izpirik gabe.
Bi gizonak atxilotu egin zituzten; epaitu, aldiz, ez dituzte inoiz epaitu. Izan ere, balizko proba guztiak desagertzen joan dira: kaleko kameren irudiak, auzipetuen mugikorretako informazioa, poliziaren txostena… Susmagarrietako bat polizia baten koinatua da. Ikerketaren manipulazioa hain garbia izanik, iaz Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Estatu espainola zigortu zuen, biktimak babesik gabe uzteagatik. Baina epai horrek ere ez du ezer aldarazi: bortxatzaileek zigorrik gabe jarraitzen dute, eta, kasua ezkutatu dutenek, ere bai.
Niri segituan Rita M. emakumearen kasua etorri zait burura. 1995. urtean gertatu zen, Indautxuko komisarian. Jatorriz brasildarra zen emakumea bertan bortxatu zuen polizia espainiar batek, beste biren laguntzarekin, epaitegiek frogatutzat eman zutenez. Baina bortxatzailea nor izan zen jakitea ezinezkoa bilakatu zen eta laster ahaztu zen dena. Azken finean, Rita M. prostituta bat baino ez zen.
Beatriz, Amaia, Maite, Iratxe… ere etorri zaizkit burura (eta zenbait gizon). Jada zenbait txosten eta erabaki ofizialetan jasota dago poliziaren eskuetan inkomunikazio aldian bortxaketak, tratu txarrak, gehiegikeriak, torturak… jasan zituztela; hau da, nahi den kontzeptua erabilita ere, barrabaskeria latzak jasan zituztela. Eta inolako zigorrik gabe. Azken finean, “terroristak” baino ez ziren.
Hautsok ekarri dituzte lohiok. Biktimak eta prozedurak aldatzen doaz, baina hari komun bat dago, edo bi: polizia eta epaileak. Eta gero, jakina, gobernuak. Javier Remirez Nafarroako Gobernuaren eledunak esan duenez, «erabateko larritasuna» du auzi honek, baina, Martak eta Elenak ziurtatzen dutenez, foruzain bat izan zen gau hartan bi bortxatzaileekin harremanetan jarri zituena eta hurrengo egunean txat batean lagunen arteko giroan beraiekin mezu ikaragarriak trukatu zituena. Lanean segitzen duen foruzain bat, alegia, ustezko bortxatzailearen koinatua den polizia espainiarrak bezala, eta Chinchilla kaleko komisarian “desagertutako” ikerketaren arduradunak bezala. Horrelaxe gaude.
P.D.: Lerro hauek amaitzen ari nintzelarik, Espainiako Poliziaren bigarren arduradun nagusienaren dimisioaren albistea heldu da, oraingoan beste polizia bati sexu erasoa egiteko akusazioa jaso eta gero. Hau guztia ez da, ordea, “True crime” telesaila, errealitate gordina baizik. “Jarraituko du”, hori bai. Nola ez du ba jarraituko? •

