«Nakbarekin hasi zuten ibilbideari oraintxe eman nahi diote bukaera»
Jamal Juma Stop The Wall mugimenduko koordinatzailea da (Apartheid harresiaren aurkako Palestinako herri kanpaina), baita BNCko idazkaritzako kidea ere (Nazioarteko Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak kanpainako Nazio Batzordea).

Stop The Wall mugimenduko koordinatzailea den Jamal Jumak (Jerusalem, 1962), ibilbide militante eta profesionala komunitate palestinarrak ahalduntzera bideratu du, eta Nazio Batuetako hainbat bilkuratan hartu du parte, Palestinako gizarte zibila ordezkatuz. Pasa den hilabetean Euskal Herrira etortzekoa zen bira politiko bat egitera, baina Palestinan pairatzen ari diren egoera lazgarriak bidaia bertan behera utzarazi zion. Horiek horrela, bideodei bidez egin dugu hitzordua Jamal Jumarekin.
«Euskal Herrira joateko irrikan nengoen, baina beldur nintzen etor zitekeenagatik». Bere burua desenkusatuz hasi du elkarrizketa. Ezinbestean, azken asteotako egoeraz hasi gatzaizkio galdezka.
Zisjordaniatik iristen diren albisteak kezkagarriak dira. Israelgo Administrazioak legezkotasun bermea eman nahi dio bertako eremuen anexioari. Egoera ezin okerragoa dela esan genezake?
Ezin da inoiz esan «ezin okerragoa» dela; izan ere, hala dela uste dugunean, okerrera egiten du beti. Beti da okerra baino okerragoa!
Eta zer da zehazki gertatzen ari dena?
Israelgo Gobernuak ebazpen berri bat kaleratu du, inoizko arriskutsuenetakoa. Batetik, lurren erregistro bat egiteko izapideak jarri dituzte abian, eta hori Zisjordania anexionatzeko aurrerapausoa da. Horixe esan nahi du «lurren erregistroak». Ideia bat egin dezazuen. Israelek Zisjordania okupatu zuenean, 1967an, automatikoki 900.000 dunam (900.000 kilometro koadro) lur eremu bereganatu zituen, otomandarren garaietako erregistroen arabera Estatuarenak zirelako. Gero, badira ere beste eremu batzuk jendearenak direnak, baina, «segurtasun arrazoiak» tarteko, Estatuaren jabetzatzat hartzen dituzte, kanpaleku militarrak ezartzeko-eta. Orduko proiektu koloniala hedatzen joan da, koloniak eraikiz joan dira, kolonia horiek zabalduz... Kokaleku aurreratuak sortu dira, apartheid errepideak, harresia… Etengabe jarraitu dute kokaleku bidezko proiektu kolonialarekin. Helburua palestinarren eremua gero eta murritzagoa egitea da.
Uneotan, momentu gako batera iritsi dira, palestinarrak kanporatzeko egitasmoari behin betiko amaiera emateko momentura. Lehenbailehen. Egitasmoak hiru ardatz dauzka. Lehenengoa, dagoeneko eraikita dauden koloniak eta kokaleku aurreratuak ahalik eta gehien zabaltzea da. Bigarrena, kokaleku mota berri bat eraikitzea, artzain-kokalekuak deritzotenak, “C eremutik” bortxaz mugiarazi dituzten komunitate palestinarrak ordezkatzeko. Eta hirugarrena, legedia. Azken ardatz hori oso interesgarria da; izan ere, Netanyahuren Gobernu faxista indarrean sartu zenetik, Bezalel Smotrich da Finantza ministroa. Berak 1967tik aginte militarraren menpe zeuden Zisjordaniako eremuen gobernantza administrazio zibileko ardurapera pasatu du. Egin zuen lehenengo gauza izan zen administrazio zibileko presidente bat izendatzea; eta kargu horretan Geva Binyamin jarri zuen, kolonia bateko alkatea izandakoa. Beraz, kolono hori gobernadoreorde bihurtu zen, eta, administrazio zibilarekin lotutako ardurez gain, eskumen militar guztiak ere esleitu zizkioten. Hori baliatuta, kolonoen talde armatuak antolatzen hasi zen.
Zer eragin du talde paramilitar horien jardunak herritar palestinarren bizimoduan?
Bada, talde terrorista horiek 1948an aritu zirenen antzekoak dira. Gero eta gehiago dira, Zisjordania osoan zabaldu dira, eta komunitate palestinarrei eraso egiten hasi dira. Besteak beste, “C eremuetako” herri txikietako sarrera-irteeretan kokatzen dira. “C eremuak” diogunean, Zisjordaniako azaleraren %60 edo %62az ari gara, eta bertan izaten dira palestinarren nekazaritza-baliabide guztiak. Azken urteotan talde armatu horiek eraso basatiak egin dituzte. Nekazari asko erail dituzte, edo uzta lapurtu diete. Beste askotan zuhaitzak erretzen dituzte, edo erauzi, eta izua zabaltzen dute herrixka palestinarretan.
Horrek esan nahi du palestinarrei baliabide ekonomiko estrategiko bat lapurtzen ari zaizkiela: oliba-olioa. Garai batean 5.000 eta 15.000 tona artean oliba-olio esportatzen genuen urtean. Aurten, aldiz, lehen aldiz inportatu egin behar izan dugu, Espainiatik edo Italiatik gehienbat. Egoera bereziki larria da Jordan ibarrean. Hor komunitate beduinoak dituzte jomugan. Mehatxu armatuak pairatzen dituzte etengabe, eta, azkenean, alde egitera behartzen dituzte. Egunero jasotzen dugu alde egiteko mehatxua jaso duen komunitateren baten berri. Badakizue zer esan nahi duen horrek? Abeltzaintza eta nekazaritza ekoizpenak gainbehera handia pairatu duela. Baina ez da hori bakarrik. Indar okupatzaileek ur-iturriak ere kontrolatzen dituzte.
Begira, atzo bertan, Hebrongo hegoaldean, kolonoek ardi-etxalde bati eraso egin zioten. Ez zituzten barrutietako ateak ireki, ez, ardiei su eman zieten. Zer zentzu dauka horrek? Ardiei tiro egiten diete, astoak akabatzen dituzte… Bizirik den oro hiltzen dute! Hori ezin du egin gizatasun pixka bat duen norbaitek.
Zuen mugimendua harresiaren eraikuntza abiatzearekin batera hasi zen antolatzen. Zer bilakaera izan du ordutik palestinarrak kanporatzeko estrategiak?
2002an, apartheid harresia eraikitzen hasi zirenean, Zisjordania ghettotan zatikatu zuten. Orain, egiten ari direna, berriz, zatiketa hori egonkortu eta indartzea da. Helburua da palestinar guztiak ghetto horietan kontzentratzea eta isolatzea. Horrela, baliabiderik gabe izango dira, Gazan gertatu bezala. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Gazak milaka tona fruta, barazki eta zitriko esportatzen zituen herrialde arabiarretara. Setiatu zutenean, aldiz, landaketa guztiak suntsitu eta basamortu bihurtu zituzten. Itsaso bidezko komunikazio kanalak ere eten zituzten, eta ur iturriak kontrolatu. Horrela, Gazako Zerrenda aire zabaleko kartzela bihurtu zuten. Orain, Zisjordanian ere gauza bera egiten ari dira. Israelgo Gobernuak kaleratu duen azken lege erreformak automatikoki 550.000 dunam (550.000 kilometro koadro) lur eremu bereganatzea ekarriko du. Eta orain arte lapurtutako lurrari legezkotasun bermea emango dio. Horrela, palestinarren lurretan eraikitako 240 kokaleku aurreratu legeztatuko dituzte.
Eta nola legeztatzen dituzte?
Garai batean, Zisjordania Jordaniako Administrazioaren menpe zegoenean, lege jordaniarrak debekatu egiten zien eskualde horretan lurrak erostea palestinarrak ez zirenei, edo palestinarrenak ez ziren enpresei. Azken bost hamarkadetan enpresa faltsuak erregistratu dituzte. Israelgo Administrazio Zibilak zein kolonoek enpresen agiriak faltsutzen zituzten, eta enpresa faltsu horien bitartez akordioetara iristen ziren, bertako biztanleen lurrak bereganatzeko. Orain, trikimailu horiek ez dira beharrezkoak: edozein kolonori ematen diote aukera lur palestinarrak bere izenean erregistratzeko. Kolonoak joan daitezke erregistroetara, eta lur bat aukeratu eta jabea jazartzen has daitezke, harik eta saltzera behartzen duten arte. Saldu ezean, larrutik ordainaraziko diote.

Eta lege erreforma horrek, palestinarrak desjabetzeaz gain, zer ondorio dauzka Zisjordaniako kontrolean?
Ebazpen hori funtsean Zisjordaniako zati handi bat anexionatzeko erabiliko dute, baina, horrez gain, beste ondorio bat ere izango du: Hebron eta Betleem hiriei leku sakratuen gaineko eskumenak kenduko dizkiete. Hor badira leku esanguratsu batzuk ikuspegi erlijiosotik, besteak beste, Haram Al-Ibrahimi (Abrahamen hilobia) Hebronen eta Bilal Ibn Rabah (Rakelen hilobia) Betleemen. Leku horiek orain arte “A eremuan” zeuden, hau da, Palestinako Administrazioren eskumenpean, baina okupazioak hartu egin ditu. Zisjordaniako leku arkeologiko esanguratsuen gaineko eskumena ere kendu diote Palestinako Aginte Nazionalari. Kontuan hartu behar da Palestinan leku arkeologikoez ari garenean, nonahi daudela, baita hirietako erdiguneetan ere. Beraz, hori guztia beste zentzu batean ere krudela da: apurka-apurka eskumen administratibo guztiak kentzen ari zaizkio aginte palestinarrari. Zertarako? Aginte Nazionala jazarpen indar modura baliatzeko, bere herriaren gainean gizarte kontrola ezar dezan. Horixe da bere eskumen bakarra.
Apartheid harresia, lege erreformak, talde paramilitarren jazarpena… Zer beste jazarpen tresna baliatzen ditu Israelgo Administrazioak palestinarren kontra?
Azkenaldian areagotzen ari den beste gauza bat militarren kontrolguneak dira. Ehunka kontrolgune militar daude Zisjordania osoan. Bertan jendea iraindu eta deshumanizatu egiten dute. Demagun Ramallahtik atera nahi duzula, orduak eman beharko dituzu kontrolgune militarretan. Askotan sei ordu edo gehiago. Eta horrek presio ikaragarria eragiten du, estresa, frustrazioa, haserrea. Baina ez hori bakarrik, mugikortasunaren murrizketa horiek sekulako eragina dute ekonomian, enpresei ere eragiten baitiete; asko itxi egin dituzte.
Hortaz, lurra kontrolatuta dago, ura ere kontrolpean, eta langileen mugikortasuna ere bai. 200.000 langile inguruk duela bi urte arte Israelgo aldean lan egiten zuten, eta orain langabezian daude. Horrek esan nahi du 200.000 familia inguru muturreko pobreziara bultzatu dituztela. Oso nabarmena da, kalean ere ikusten da. Gidatzen zabiltzala, eskean etortzen zaizu jendea. Oraintxe bertan alde egin du lagun batek bulegotik. Eskean etorri zait, gizon arrunta zirudien, adinekoa. Zera esan dit: «Ez naiz eskalea, baina hitzematen dizut ez daukadala zentimo bat bera ere etxean. Duela hilabetetik kozinatzeko gasik ere ez daukat». Eta negarrez hasi da. Egoera izugarri tristea da, deprimitu egiten zaitu.
Zisjordanian egoera latza bada, nolakoa da Gazan?
Gaza hiltzen ari da. Egunero jendea hiltzen ari da. Laguntza humanitarioko kamioien kopurua 100era murriztu dute. Beharko luketen eguneko gutxieneko kopurua, ordea, 600ekoa da. Medikamenturik ere ez da sartzen, ezta kanpin-dendarik ere… 300.000 kanpin-denda behar dira. Izan ere, Gazan ez dago etxerik, ez da eraikin oso bat ere geratzen. Jendea etxeen hondakinen artean bizi da. Aurtengo neguan ikusi duguna ikaragarria izan da. Asko hil dira ekaitz bortitzen ondorioz, umeak batez ere. Eta epe luzeago batean Gaza gaixotasun foku bat izango da. Hondamendi itzela dago Gazan, benetako hondamendia. Egunez egun jarraitzen duen genozidioa da. Ez da bukatu. Genozidio ikaragarria da. Gure historiako momentu latzenetako bat bizitzen ari gara. Nakbaren ondoren latzenetako bat. Nakbarekin abian jarri zuten ibilbideari oraintxe eman nahi diote bukaera.
Testuinguru horretan, zein da zuen elkartearen eginkizuna? Zer baldintzatan ari zarete gaur egun lanean?
2002ko apartheid harresiaren eraikuntzaren hasiera proiektu kolonial masibo baten abiapuntua izan zen. Ordura arte sekula ikusi gabeko lur suntsiketa maila ikusi genuen, txikizio itzela… Apartheidaren oinarriak eraikitzen ari ziren. Gu ere antolatzen hasi ginen. Herri batzordeak bultzatzen hasi ginen komunitateetan.
Hondeamakinen aurkako protestak antolatu genituen, eta nekazariei laguntza legala ere eskaini genien, auzitegietara jo zezaten, harresia geldi genezakeelakoan. Eta, nolabait, lortu genuen prozesua moteltzea. Esango nuke mugimenduaren momentu gakoa 2002a izan zela. Orduan, armada okupatzaileak Zisjordania inbaditu zuen, eta egoera benetan odoltsua eragin. Tankeak nonahi zeuden, eta egunero hiltzen zuten jende asko. Testuinguru hartan, erronka handia izan zen herri manifestazioak, martxak eta gisa horretako protesta ez-bortitzak antolatzea. Baina esperientzia hark erakutsi zuen herri palestinarrak, eskarmentuagatik eta senagatik, badakiela zein den momentu bakoitzean erresistentzia bide eraginkorrena. Beraz, bai, herri erantzuna bikaina izan zen.
Harresiaren eraikuntza iparraldean hasi zen. Nekazari eskualdea da hori, Zisjordaniako elikagai iturri garrantzitsuena. Horregatik, jende asko biltzen zen herrixketako protestetan. Ordura arte palestinarrok terroristatzat hartzen gintuzten, baina lortu genuen horri buelta ematea, eta erakustea Israel zela apartheid sistema bat ezartzen ari zena. Horrela, nazioarteko bultzada eman genion kanpainari. Ekintzaile solidarioak hasi ziren etortzen, Nazioarteko Elkartasun Mugimenduaren (ISM ingelesez) bitartez, eta ekimenak nazioarteko dimentsioa hartu zuen.
Orduan, Hegoafrikako eredua inspiraziotzat hartuta, nazioarteko komunitateari boikoterako deia egin genion, eta BDS (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpaina jarri genuen abian.

Nola sortu zenuten BDS kanpaina?
Garai hartan arlo akademikoan hasi ginen boikota lantzen. Omar Barghouti, Birzeit-eko Unibertsitateko beste irakasle batzuekin, eta beste hainbat erakunderekin batera, hasi ziren kanpaina horretan lanean. Urtebetez-edo, eztabaida prozesu bat jarri genuen abian Palestinako komunitateetan. Prozesu horretan mamitu ziren nazioarteko zuzenbidean eta Nazio Batuetako ebazpenetan oinarritutako hiru aldarrikapen nagusiak: okupazioaren amaiera, Israelgo eremuaren barruan bizi diren palestinarren arraza-bazterkeriari amaiera ematea, eta errefuxiatuek jaioterrira bueltatzeko duten eskubidea bermatzea. Hiru aldarrikapen horiek dira, hain zuzen ere, Palestinako herri osoa batzen dutenak. Horrexegatik esaten dugu hiru aldarrikapen horiek biltzen dituen mugimendua palestinarren ordezkari osoena eta zilegiena dela. Egiaztatzen ari gara boikotak funtzionatu egiten duela. Bereziki eraginkorra izan da azken bi urteotan gertatu den eta gertatzen ari den genozidioaren testuinguruan. Milaka lagun atera dira kalera, eta gu ere horren parte izan gara. Mundu osoko jendeak abiatutako ekimenekin bat egiten dugu, ekintzaileekin, nonahi lanean ari direnekin.
Azken urteotan, Palestinako gizarte zibileko erakunde askok okupazio erregimenaren jazarpena pairatu dute. Nola bizi izan duzue zuek kriminalizazio kanpaina hori?
Stop the Wall erakundeari dagokionez, erasoak pairatu izan ditugu, beste eragile palestinarren antzera. Bereziki larria izan zen 2009tik 2010era bitarteko tartea. Orduan, Israelgo Gobernua gure elkarteko kideak atxilotzen hasi zen. Ni neu 2019ko abenduaren 16an atxilotu ninduten. Gure bulegoari bitan egin zioten eraso, eta artxibategi guztiak lapurtu zituzten. Gertaera hark saminez beterik utzi ninduen, garai hartako jazarpenak dokumentatzen zituzten artxibo bakarrak geuk geneuzkalako. Nolanahi ere, jarraitu genuen protestan, manifestazioak egiten eta herri batzordeak antolatzen. Ostean, eraso bortitzak hasi ziren beduinoen kontra. 2014an izan zen hori. Komunitate beduinoak jarri zituzten jomugan. Eta guk komunitate horiek ahalduntzera bideratu genituen indarrak. Ez zen kontu erraza izan; izan ere, beduinoak eremu urrunetan bizi dira, eta sakabanatuta. Beraz, hainbat kanpaina jarri genituen martxan, besteak beste, hezkuntza eskubidearen aldekoa, ur apartheidaren aurkakoa edota jaioterrian bizitzearen aldekoa. Jordan Ibarreko Batzordea ere antolatu genuen. Gure jarduna komunitate horiei babesa ematera bideratu dugu. Horixe izan da gure erronka nagusia. Harresiari dagokionez -horixe izan zen gure mugimenduaren sorrera bultzatu zuena-, esan dezakegu azpiegitura horren eraikuntzak proiektu baten amaieraren hasiera ekarri duela. Ghettoak sortu eta palestinarrak isolatzeko balio izan du. Eta prozesu hori punturik gorenean dago orain. Gazan egin zuten bezala, Zisjordanian ere garbiketa etniko bat proiektatu dute. Gazaren moduko hiru edo lau esparru sortu nahi dituzte, elkarren artean banatuta daudenak. Bidea zabaltzen ari dira aginte palestinarra kanporatzeko, eta Zisjordaniako gobernantza beren gain hartzeko.

Aipatu dituzu Israelgo erregimenaren hainbat estrategia, lurra anexionatzeko eta palestinarrak isolatzeko. Zer eragin daukate estrategia horietan azpiegiturek? Eta zehazki, Euskal Herriko CAF konpainia eraikitzen ari den trenbideak nola eragiten dio Palestinako populazioari?
Ezer baino lehen azaldu behar da 2001ean bilkura garrantzitsu bat antolatu zela, Herzliyako Bilkura, Tel Aviveko iparraldean. Herzliya hiriari Theodor Herzlen omenez jarri zioten izen hori. Bilkura hura bigarren gertaerarik handiena izan zen, eta estrategikoki inportanteena, 1897ko Basileako (Suitza) bilkuraren ondotik. Handik bi proiektu handi sortu ziren palestinarrei zuzenduta. Lehena, Jerusalem Handi Judua eratzea, Zisjordaniatik harresi batez banatuta. Bigarrena, Israelgo iparraldean zeuden gehiengo palestinarreko eskualdeak «judeizatzea», besteak beste, Galilea.
Jerusalemeko proiektuaren helburua da Israelgo hiriburua bertan ezartzea. Zisjordaniarekiko muga 181 kilometroko harresia da, eta, horren bidez, alde batetik, Zisjordanian kokatutako kolonien eremua anexionatzen dute. Beste aldetik, 22 herri palestinar eta Shuafat errefuxiatuen kanpamentua hirigunetik banandu egiten dituzte. Honako hau Jerusalemen sekula egin den garbiketa etnikorik handiena da. Harresiak markatzen du zer geratzen den hirigunearen barruan eta zer kanpoan.
Hura izan zen lehenengo fasea. Bigarrena jerusalemdarren garbiketa etniko masiboa egitea da, besteak beste, palestinarren etxeak suntsituz. 15.000 etxe daude Jerusalemen suntsitzeko mehatxupean. Eta horrela doaz, apurka-apurka, lurra bereganatzen eta okupatzen. Aldi berean, koloniak eraikitzen dituzte Jerusalemeko eremu palestinar populatuen erdian, besteak beste, Olibondoen Mendian, bertako jendea bortxaz mugiarazteko.
Gero, ekialdeko kolonien anexioa behin betiko egiteko, abiadura handiko azpiegitura bat eraikitzen ari dira; tunelak, errepideak eta trenbide sarea. Proiektu hori abian jarri zuen lehenengo enpresa Frantziako Veolia konpainia izan zen. Gogoan daukat Veoliaren aurkako nazioarteko boikot kanpaina Euskal Herrian abiatu genuela, Bilbon, 2008an. Geroztik, eta proiektua utzi zuten arte, 20 milioi dolarretik gorako galerak izan zituzten, mundu osoan boikota egin zitzaiolako. Eta, gauzak zer diren, Jerusalemeko proiektuan lekukoa hartu zion enpresa, CAF hain zuzen, Euskal Herrikoa da, nongoa eta Veoliaren aurkako kanpaina abian jarri zen herrikoa! Benetan onartezina da, eta oso tristea; izan ere, beti izan dugu Euskal Herria herri solidariotzat.
Azpiegitura horrek kolonoen mugikortasuna ahalbidetzen du, eta herri eta auzune palestinarrak banatu egiten ditu. Hori ilegala da nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, beraz, noizbait kontuak eskatu beharko zaizkie CAFeko arduradunei, nazioarteko legedia urratzeagatik. Eta ordaindu egin beharko dute.
Israelen helburua oso argia da, palestinarren garbiketa etnikoa; palestinarren bizimodua jasanezina eginez, herritarrak alde egitera behartzea; euren hizkera erabiliz, hiria «judeizatzea». Beraz, CAFeko zuzendaritzak estrategia horretan parte hartzen badu, badaki zertan ari den, garbiketa etnikorako tresna da. Horregatik, areagotu behar da presioa proiektu hau lehenbailehen gelditzeko. Israelek estatu palestinar baten bideragarritasun geografikoa ukatu egiten du, eta babesa ematen die kolonoen talde faxistei egunero palestinarrak akaba ditzaten, eta CAF kolonoak hornitzen ari da, krimen lazgarri horiek egiten jarrai dezaten.
Zein da nazioarteko komunitatearen erantzukizuna?
Argi eta garbi bereizi behar ditugu nazioarteko komunitateko estatu eta erregimenak batetik, eta herriak bestetik. Jendea gure aliatua da, gure laguna. Hori argi ikusi da Gazako genozidioaren ondotik. Genozidio horrek nor bere lekuan jarri du, eta Israelek erakutsi du ez dela Estatu demokratiko bat, erakutsi du entitate kriminal bat dela, eta holokausto bat egiten ari dela. Munduko jendeak badauka halako kontzientzia komun bat horren inguruan, eta horrela erakusten dute kalera protestan atera diren milaka eta milaka lagunek. Horrek eragina izan du belaunaldi berrietan. Itxaropena daukagu haiengan, haien esku dago-eta etorkizunean egoera hau aldatzea. Estatuei edo erregimenei buruz hitz egiten badugu, aldiz, porrot egin dutela esango nuke. Gazako genozidioaren ondoren, Nazioarteko Zuzenbidearenak egin du, eta orain oihanaren legeak gidatzen du mundua.
Beraz, honek herri guztion borroka izan beharko luke, giza eskubideak defendatzeko, borroka internazionalista bat; guregatik, herri moduan, baina baita inperialismoaren aurkakoa ere.

«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»
Waka-waka eta dai-dai

«Sanferminetako gauetan denetarik ikusten dugu... Aipatu nahi ez ditudan kontuak»
Norvegia izan nahi dugu, ez Espainiaren aurkaria
