Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Neurrira egindako jantziak

Herri honetako patronalari neurrira egindako jantziak gustatzen zaizkio. Horregatik, pasioz defendatzen dituzte Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmena. Horiei esker, primeran egokitzen zaizkien zerga sistemak dituzte EAEko eta Nafarroako enpresariek. Bada denbora bat Ignacio Zubirik maisuki definitu zuela egoera, esanez enpresariek «zerotik ezerezera bitartean» ordaintzen dutela zergetan. Eta zenbakiak adierazgarriak dira: 2025ean sozietateen gaineko zergak bilketa osoari egindako ekarpena %7 baino ez zen izan EAEn eta %9 Nafarroan; sortutako aberastasunean dauden enpresak, berriz, etengabe hazi dira -barne produktu gordinaren %42 inguru metatzen dute-. Hori bai traje ederra txitxiak ezkutatzeko.

Langile klasearentzat, hori bai, neurrira egindako arroparik ez; enpresaburuek nahiago dute langileak merkealdietara joatea. Eta horregatik blokeatu dute Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa adosteko negoziazioa. Posizio horren izaera klasista alde batera utzita, etxekalte da. Gutxieneko soldataren igoerak kontsumoaren bultzada ekarriko du berehala, igoerak batez ere baliabide gutxien dituzten pertsonei eragingo dielako, hau da, hilabete amaierara nekez iristen diren familiei. Eta kontsumo handiagoak negozio aukera berriak irekitzen dizkie enpresei, eta, beraz, gutxieneko soldata handiagoarekin mundu guztia ateratzen da garaile: langileek ongizatea hobetzen dute, eta enpresaburuek negozio aukerak.

Kontua da negozio aukera horiek borrokatu eta irabazi egin behar direla. Lehiari buruz hitz egitea asko gustatzen zaie enpresaburuei, baina praktikan gorrotatzen dute. Kontsumo erantsi horri lotutako aukerak beste batzuek eramango dituzten beldur dira, eta horregatik nahiago dute gauzak dauden bezala uztea. Ekonomiaren ikuspegi oso estua eta makala dute enpresaburu gehienek. Gainera, gaizki ohitu dira arriskurik gabeko negozioak egitera, lankidetza publiko-pribatuari esker; askoz ere interesgarriagoa da haientzat kontratu militar ilunak eskuratzeko aukera izatea, neurrira egin ezin dituztenentzat jantzi onen eskaintza hobetzea baino.

Lakuako Gobernuari ere gustatzen zaizkio neurrira egindako jantziak, eta mespretxatu egiten ditu merkealdietara arropa bila doazenak ez zaielako gehiagorako iristen. EAJk eta PSEk patronalaren jarrera babestu dute eztabaida honetan. Hala, EAJk eta PSEk bertan behera utzi zuten gutxieneko soldata propioa ezartzea eskatzen zuen Herri Ekimen Legegilea. Jende arruntaren bizi baldintzak hobetu, aberastasuna modu justuagoan banatu eta enpresariei negozio aukera berriak ematen dizkien proposamena baztertu zuten. Politika ekonomikoko neurri gutxik dute hain irismen zabala eta sakona. Baina hausnarketa hori oso urrun geratzen da EAEko Gobernutik. Izan ere, Lakuak patronalarekin jarrera klasista eta ikuspegi estua konpartitzen ditu.

Horiek horrela, sindikatuek datorren asteartean, hilak 17, greba orokorra deitzea erabaki dute. Ez neurrira egindako jantziak aldarrikatzeko, baizik eta herritar xumeen ongizatea hobetzeko eta herri honen ekonomia sendotzeko. Biak ala biak ezinbestekoak dira garai ilunotan. •