
PPk eta Voxek kontrako bozka eman zuten arren, Estatu espainiarreko diputatuek gehiengo zabalez onartu zuten duela bost urte Eutanasia Arautzeko Lege Organikoa. Fase terminalean dagoen gaixotasun baten ondorioz edo autonomia fisikoa mugatua duen gaixotasun atzeraezin baten ondorioz sufrimendu jasanezina duten pertsonek (adinez nagusiak) eutanasia eskatu ahal izango diote medikuari.
Ordutik Nafarroa Garaiko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaldunek legedia hau duten bitartean, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdikoek «bizi-amaierari buruzko lege» baten zain jarraitzen dute, eta zalantza askoren ondoren, badirudi Emmanuel Macron, azkenean, agendan jartzeko prest dagoela. Iazko maiatzean eutanasia onartu eta arautzeko lehen urratsa eman zen Frantziako Asanbladan, lege proposamen bat onartu baitzen. Halere, behin betiko onartu arteko prozesu parlamentarioa bi urte arte atzeratu daiteke.
Eustaten datuen arabera, eskaerak %61,1 igo dira 2025ean Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Hala jakinarazi zuen otsailean Julia Barroso Niso, Euskadiko Eutanasiaren Berme eta Ebaluazio Batzordeko (CGyEE) presidenteak, Gasteizko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean. Bere agerraldian, Barrosok nabarmendu zuen eutanasia-eskaeren kopuruak gora egin duela; izan ere, Lakuako Osasun Sailak 120 eskaera jaso zituen iaz, eta 80 prozedura egin zituen.


