Euskaraz «ez du berdin sonatzen»? Idatzian euskara esanindartzeko gakoak

Jakinek UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolatutako Jardunaldien barruan, euskara idatzian adierazkortasuna lantzeko bideak jorratu dituzte Garazi Arrula, Gorka Bereziartua eta Danele Sarriugartek. Aurretik egindako lana aitortuz, «amalgama» aberats baterako bideak xehatu dituzte.

Ezkerretik eskuinera, Danele Sarriugarte, Gorka Bereziartua, Garazi Arrula eta Xabier Eizagirre, Jakineko kidea.
Ezkerretik eskuinera, Danele Sarriugarte, Gorka Bereziartua, Garazi Arrula eta Xabier Eizagirre, Jakineko kidea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Behin baino gehiagotan bizi izango zenuen: mitin politiko bat entzuten ari zara; olatua balitz bezala, hizlariaren tonua pixkanaka gorantz egiten ari da; argudioak banan-banan aletu ondoren, azken kolpea iragarri du –«argi esango dut:»–; arnasa sakon hartu, eskuin besoa altxatu, begirada ortzi-mugarantz pausatu eta... «No lo vamos a permitir!», eman dio errematea. Txalo zaparrada artean lehertu da olatua. Honek bai indarra!

Aparretan, gau horretan sare sozialetan zabiltza, scrolling-aren gurpil zoroan harrapatuta. Halako batean, eskola-lagun nutrizionista topatu duzu. Kuriositatez, bere azken posta ikusten hasi zara eta hara non galdetzen dizun, zuzen: «¿Tú también quieres perder unos cuantos kilos para el verano?». «Ño, influencer gisa ere a zer grazia duen honek!», pentsatu duzu.

Zuk ilustratua izan nahi duzu, ordea, eta udararako kiloak galtzea baino kezka larriagoa duzu: zure zalantza bakoitzeko bizpahiru liburu irakurtzea. “Teoría King Kong” erosi duzu azkena, gaztelerazko itzulpena; jakin badakizunez euskarara ere itzulita dago (“King Kong teoria”), baina, ai, «ez du berdin sonatzen».

Zer gertatu da? Mitinetan, sare sozialetan, itzulpenetan edota bestelako esparruetan, zergatik irudi du gazteleraz, frantsesez edo ingelesez esanak euskaraz esandakoak baino indar eta grazia handiagoa duela? Horren aurrean, nola esanindartu daiteke euskara? UEU eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean, Jakinek hori lantzeko jardunaldiak egin berri ditu Usurbilgo Artzabal egoitzan, ekainaren 18an eta 19an. Jardunaldien izenburuak dioen bezala, “Euskara esanindartzeko bidean, adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak” landu dituzte bertan.

GAUR8 ekainaren 19 goizeko mahai inguruetako batean izan zen: “Euskara idatzian adierazkortasuna lantzeko ereduak eta bideak” zen hizpidea eta, horretarako, esparru horretan esperientzia zabala duten hiru solaskide elkartu zituzten: Garazi Arrula, idazlea, itzultzailea eta Txalapartako editorea; Gorka Bereziartua, kazetaria, idazlea eta ikerlaria; eta Danele Sarriugarte, idazlea, itzultzailea, kazetaria eta literatur-kritikaria.

SONATZEAZ

Zer da euskararen esaindarra? Hori pentsatzerakoan, Sarriugarte definizio bat josten hasi zen: «Euskararen esanindarra litzateke euskararen giharra edo euskararen ahala esan behar duen hori edo adierazi nahi duen hori adierazteko: zakar bada zakar, gozo bada gozo... Hizkuntzaren tresneria litzateke». Argitu zuenez, hori idaztean autozuzenketa egin behar izan zuen. Ez baita hizkuntzaren tresneria soila; «kontua da euskal hiztunok zer-nolako giharra edo ahala dugun gure hizkuntzan esanindarrez jarduteko».

Bere iritziz, ñabardura garrantzitsua da hori. Izan ere, askotan euskara gauza edo objektu bat balitz bezala hitz egiten dugu, gihar falta berezko ezaugarria lukeelakoan. “Arazoa ez da euskara” testuko pasarte bat irakurri zuen hori okerra dela azaltzeko: «Kexak ikusten ditut sare sozialetan, euskaraz ezin dela esan certero, ezin dela esan lúcido. Edo, ok, esan daitekeela, adibidez honela, baina ez duela berdin sonatzen. Halakoak irakurrita, badirudi arazoa euskara dela, euskara ez dela nahikoa. Eta pentsatzen dut: ez dela nahikoa zer, nahikoa gaztelania?». «Izan gaitezen zintzoak, idazten ari garenean behintzat –jarraitu zuen–, eta ez diezaiogun euskarari leporatu euskararena ez dena. Euskara gu gara, guk egiten dugu».

Transfeminismoaren irakaspenak oinarri hartuta, Sarriugarterentzat, hizkuntzen balizko grazia edo naturaltasuna ere ez da da berezkoa, hizkuntz komunitateen eraikuntza politiko eta sozialen emaitza baizik: nolako sona, halako “sonatzea”. Hori kontuan izanik, naturaltzat jotako baieztapen horiek «desnaturalizatzeko» deia egin zuen, espazio transfeministetan euskara politizatzen eta transgresio modu batekin lotzen ari dela nabarmenduz.

EUSKARA EZ ADIERAZKORRA

Hiztunek, hizkuntza oro har baino, hizkuntza jakin bat egiten dute, hizkera eta jite konkretu batzuekin. Euskarara etorrita, Bereziartuak hor jarri zuen fokua: «Badaukagu premia hor. Jardunaldi honen existentziak berak inplikatzen du euskara ez adierazkor bat badaukagula, eta espresibitate horretara nola iritsi falta zaigula».

Adierazkortasuna testuinguruak asko baldintzatzen duela jakinik, adierazkortasun ezaren zenbait adibide eman zituen. Alde batetik, «ez-adierazkorra da bere horretan esanahia daukagun edozeri ihes egitea». Bestetik, mugimendu sozial, sindikal eta abarrek ekoitzitako testu ugari ere horren isla direla esan zuen: «Askotan gaztelaniazkoen kalkoak izaten dira, adierazkortasunik gabe». Automatismoak ere aipatu zituen: «Askotan aurrez kozinatutako formulekin aritzen gara». Argitu zuenez, batzuetan euskara batuari ere leporatzen zaio indar falta hori, baino kritika horiek «ez dira batuarenak, baizik eta batuari buruz dagoen irudiari dagozkionak».

Mahai-inguruko beste ikuspegi bat. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Beraz, euskara normalizatu eta estandarizatzeaz gain, adierazkorrago egin behar da. Zein metaforen bidez pentsatu halako erronkatzarra? Bereziartuarentzat, halakoetan basamortuko ibiltari bakartiaren irudia etortzen da maiz. Berak beste ertz batetik begiratzea proposatu zuen: «Deskubritu gabeko kontinenteak dauzkagu. Espazio, talde, estratu sozial guztietarako euskara adierazkorra egitea deskubrimendu asko egiteko aukera da». Hala, «amalgama polifoniko ahalik eta aberatsena» osatzeko apustua egin zuen: «desautomatizatu» eta «euskararen zoko guztiak miatu behar dira: ahozkotasuna, literarioak ez diren iturriak...».

TRESNAK BADAUDE

Sarriugartek eta Bereziartuak behin eta berriz azpimarratu zutenez, lan hori ez da hutsetik abiatzen, egindako lanari esker sekula baino tresna gehiago ditugu eskura. Arrula ere bat dator: «Ez zaigula lehenengoan etortzen? Ados. Ez dagoela erdaretako formula hau edo beste bezain errotua? Jakina. Edo pixka bat gehiago bilatu behar dugula? Baliteke. Baina egon badago». Arazoak askotan ez dira sortzen «baliabideak ez ditugulako, baizik eta non bilatu ez dakigulako».

«Aritu gisa», hain zuzen, esanindar hori bilatzeko bide, modu eta tresnak azaldu zituen, idatzizkoan zentratuta. Alde batetik, esanindar hori bilatzeko «aukera bat da albo-erdaretako makuluetara jotzea –en plan, rollo, tipo...–. Zilegi da, nire ustez, baina ez edonola; ondo egin behar da, euskararen logiketara ekarrita». Bestalde, euskararen beraren baliabideetara ere jo daitekeela azpimarratu zuen («eta ez ditut kontrajarri nahi, aldi berean egin daiteke»). Horretarako iturrien zerrenda luzea osatu zuen: corpusak, atsotitzak, irainen zerrendak, onomatopeiak (triki-traka, diz-diz...), aho korapiloak, errimak, hitz-jokoak, Biblia («behin baino gehiagotan kontsultatzea tokatu zait»), euskalkiak (beste hizkuntzetako dialektoak itzultzeko, erregistro oso informalerako...), fonetismoen erabilera (“dittun”, “etzen”, “atta” eta halakoak ahoskatzen diren bezala idatziz, bustidurarekin)... Idatzizko hizkuntzan esanindarra formak ere badakarrela azaldu zuen: adibidez, atalkatzeak, tipografiak edo paragrafoen saltoek ere asko adierazten dute.

Azkenik, ereduetako batzuk itzulpenetan topatu ditzakegula nabarmendu zuen, «nekez joko baitu itzultzaileak erdaretako makuluetara –ez lehenengoan, behintzat–». Bere hitzetan, «itzulpena sortzaileagoa izan daiteke batzuetan, halabeharrez. Bestela iritsiko ez ginatekeen lekuetara iristera behartuta gaude».

Badago, beraz, zer miatua. Hiru hizlariek praxi horretan sakontzeko deia egin zuten. Izan ere, Sarriugarteren hitzetan, euskararekiko harremanean «kezka eta beldurra oso presente daude –normala–, baina, aldi berean, plazera, jolasa eta esperimentazioa ere aldarrikatu behar dira».