Juantxo Egaña
Argazkilaria

Korrikaren bigarren edizioa, 1982koa, Donostian amaierara iristen

(ARTURO DELGADO. KUTXATEKA)

1982an, maiatzaren 22tik 30era bitartean, Korrikaren bigarren edizioa ospatu zen, AEK-k euskararen alde antolatutako ekimena. Hasieran izan zituen oztopoen gainetik, oihartzun sozial handia lortu zuen ekimenak. Francisco Javier Ansuategi Nafarroako gobernadore zibilak hasiera batean ukatu egin zuen Korrikak Nafarroa zeharkatzeko baimena, baina azkenean eman egin zuen. Lasterketa Iruñean hasi zen eta Jose Maria Jimeno Jurio izan zen euskararen aldeko ekimenari hasiera emateko arduraduna. Edizio hartako omendua Rikardo Arregi izan zen. Karreraren lekukoan, Remigio Mendiburu eskultoreak sortutako pieza batean, Arregik 1966an idatzi eta Jose Maria Satrustegiri zuzendutako gutun bat sartu zuten. Euskal Herritik 1.822 kilometro egin eta lekukoa eskuz esku igaro ondoren, Korrikaren amaiera Donostian izan zen maiatzaren 30ean. Lekukoak zeraman gutunaren testua Julen Kaltzadak irakurri zuen. Kaltzada Korrikaren azken kilometroan korrika agertzen da argazkian, Donostiako Gipuzkoa plaza parean. Ondoan, Beni Agirre, AEK-ko arduraduna. Bigarren edizio honen leloa hau izan zen: “AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde”.