GAUR8

45 urte ‘The Postman Always Rings Twice’ estreinatu zenetik

Jessica Lange eta Jack Nicholsonen arteko sukaldeko mahai gaineko sexu eszenagatik gogoratzen da, batez ere, ‘The Postman Always Rings Twice’ (euskaraz, ‘Postariak Beti Bi Aldiz Deitzen Du’) 1981eko martxoaren 20an estreinatu zen Bob Rafelson zuzendariaren filma. 

Jack Nicholson eta Jessica Lange, filmaketan.
Jack Nicholson eta Jessica Lange, filmaketan. (WIKIPEDIA COMMONS)

Gezurra dirudi, baina 45 urte pasa dira ‘The Postman Always Rings Twice (euskaraz Postariak Beti Bi Aldiz Deitzen Du) estreinatu zenetik. David Mameten gidoia James M. Cainek idatzitako 1934ko izen bereko eleberrian oinarrituta zegoen, eta 1946ko Tay Garreten klasikoaren remake bat zen.

Bob Rafelsonek (1933) zuzendu zuen eta Jack Nicholson eta Jessica Langek izan ziren protagonistak. Istorioa gehienok ezagutzen dugu: Estatu Batuetan, Depresio Handiaren garaian, Frank Chambers (Jack Nicholson) bizizale eta ibiltari bat bigarren mailako errepide batean dagoen ostatu eta zerbitzugune batera iritsi da. Nick Papadakisek (John Colicos) lana eskaini dio, baina berak ezetz, baina Cora Smith (Jessica Lange) jabearen emaztea ikusi duenean, geratzea erabaki du.

Filma bereziki gogoangarria da sukaldeko mahai gaineko sexu eszena ikonikoagatik, hain bizia, ezen askok esan baitzuten Lange eta Nicholsonen arteko sexua erreala izan zela. Gezurra zen, noski. Filmazioan parte hartu duten pertsona guztiek ukatu egin zuten. 

Filma beltza zen arren, publizitatearen kanpainak erotismo bero horrekin jokatu zuen. Erabili zuten eslogana, horren adibide: «Hamaikagarren mandamenturik balego, hori ere bete gabe izango lukete» (ingelesez, «If there were an 11th Commandment, They Would Have Broken That, Too.»).