GAUR8

Hanami sasoia ofizialki hasi da Tokion

Gereziondo lorearen garaia hasi da ofizialki Tokion. Naturaren ikuskizun eder honek mundu osoko turistak erakartzen ditu. Bertakoentzat ere sakura garaia berezia izaten da. "Hanami" deitzen diote loreen edertasuna ikustearen ohiturari.

Udaberriarekin batera, ipar hemisferioko gereziondoak loratzen hasi dira. Kolore arrosa argia duten lore dotoreak egun batetik bestera agertzen dira, eta egun batetik bestera ere erori eta desagertzen dira. Japonian kulturala da horiek ikustera joatea, zuhaitz polit baten azpian jarri eta naturaz gozatzea. Horri deitzen diote ‘hanami’, alegia, ‘sakura’ loreen edertasunaz lagun zein familiaz gozatzeari.

Tokiok sasoia hasi dela zabaldu du, eta horrek esan nahi du hemendik aurrera, datozen egunetan, gereziondo loratuen inguruan jendea pilatuko dela.

«Urtero gertatzen den zerbait da, baina Iranen oraintxe bertan dagoen egoerarekin eta denarekin, mundua nahastuta dago, eta udaberria iritsi denez, benetan espero dut bakea berriro etorriko dela», dio Taira Toru langile publikoak.

Francois-Xavier Weibel japonian bizi den jubilatu frantses bat da. Azken aldian telebistari adi egon da, eta horri esker jakin du noiz egongo ziren loreak ikusteko prest. «Bagenekien nola ari ziren loratzen gereziondoak. Atzo goizegi zela zioten, baina badirudi gaur egun aproposa dela. Hortaz, gaur goizeko 10etan etorri naiz hona eta jendetza txiki bat zegoen jada. Arratsaldean ederrago egongo da», aipatu du.

Bere ustez, hanamiak zerikusi handia du japoniar mentalitate eta kulturarekin. «Haien parte da gauza ederrak ikustea –bonsaiak, loreak– , eta uste dut badutela naturarekiko gustu fin bat», adierazi du.