
Emakumeen Nazioarteko Egunean, Martxoaren 8an, Ingalaterra hegoaldeko eskualde nagusien mailan antolatzen den netball txapelketa bat ikustera joan nintzen. 11 urteko nesken liga bat da; nire alabak jokatzen du horietako talde batean. Netballa, Nazioen Mankomunitate Britainiarrean jolasten zen hasiera batean, baina azken urteetan munduko laurogei lurraldeetara zabaldu da. 2032ko Olinpiar Jokoetan onartua izan dadin eskaera ofizial bat bidean dago. Jokalarien %98 emakumeak dira.
Ingalaterran, eskoletan eta eskolaz kanpoko aktibitateetan emakumeen kirolari eta netballari batez ere bultzada izugarria ematen ari zaio. Gure etxe ondoan Londresko klub entzutetsuetako bat dago eta bertan jokatzen du nire alabak. Plataforma sendo bat daukate jokalari gazteen potentziala ustiatzeko; asteburuetako partidak grabatu egiten dituzte eta Youtuben eskuragai daude, entrenamenduetan analizatzeko; Instagramen partidako jokalari hoberenei buruzko publikazioa egiten da astero; saioetara jokalari profesionalak joaten dira, haien ibilbidea kontatzera eta inspirazioa sortzeko istorioak partekatzera; banakako saioak ematen dizkiete; 10 urte dituztenetik, nazio mailan jolasteko aukera daukate hoberenek.
11 urte nituenean, futbolean ibiltzen nintzen. Baita 21 urte nituenean ere. Ibilbide horretan, ez ziguten ikusgaitasunik eman. Ez geneukan plataformarik gure gaitasunak erakusteko edo hobetzeko. Emakumezkoen futbolari ez zitzaion garrantzirik ematen. Apenas daukagu orduko argazkirik; bideoak, bat bera ere ez.
Nire alabak dituen aukera berriei buruzko hausnarketak itxaropenari bidea ematen dio. Irakurketa optimista bat egiteko itxaropena da.
Aurtengo Emakumeen Nazioarteko aurtengo kanpainaren mezuak «Eman, irabazteko» dio. “Eman” dionean, dimentsio ezberdinez ari da: ikusgaitasuna emateaz, emakumeen lorpenak eta istorioak anplifikatzeaz; aukera ezberdinak emateaz, lantokian, kirolean, kontseiluetan, zuzendaritza postuetan; influentzia erabiltzeaz, ateak eta bide berriak irekitzeko, gelan dauden emakumeen presentzia handitzeaz; eta batez ere, erabakiak hartzen diren geletan emakumerik ez dagoenean, haiei buruz hitz egiteaz.
Bihar, Viv Groskop kazetari eta idazle entzutetsua elkarrizketatuko dut. Beste hainbat lanen artean, “How to own the room” liburuaren eta izen bereko podcastaren autorea da. “Eman, irabazteko” leloaren testuinguruan, emateko akzio hori intentzionala izan dadin teknika ezberdinak ematen ditu. Bere aholku konkretu bat: «Benetako anbizioa ez da bakarkako bidearen ondorioa. Bidelaguna zurekin batera gorantz eramatean lortzen da».
Borroka kolektiboarekin jarraituko dugu. •

«Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia»
Mendi buelta bat

«Noiz izaten da norbait bertakoa? Euskalduna naiz? Beti izango gara jaio ginen herrikoak?»

