
«Gizon arrunt bat espaziora joan daitekeela probatu nuen, betiere entrenatuta badago», adierazi zien hedabideei Dennis Titok (Queens, New York, 1940ko abuztuaren 8a) Lurrera itzuli zenean. Zortzi egunetako ‘oporraldi espazial’ haiekin hainbat ‘marka’ hautsi zituen milioidun honek: lehenengo espazio-turista izateaz aparte, espazioan egon den bigarren gizonik zaharrena izan zen, John Glenn astronauta estatubatuarraren atzetik, eta, 63 kilorekin eta metro bat eta hirurogei (1,64 m) pasatxoko garaierarekin, astronauten supergizonen irudia desmitifikatu zuen.
Horrek ez du esan nahi Tito ez zenik prestatu, teknikoki eta fisikoki hainbat hilabetez lanketa gogorra egin baitzuen Izarren Hirian, Moskutik gertu. Oso aberatsa izateaz gain, ingeniaritza astronautikoan eta aeronautikoan graduatua zen eta Nasan lan egindakoa.
Gaur 25 urte, beraz, Dennis Tito lehenengo espazio-turista bihurtu zen espaziora abiatu zenean Soyuz TM-32 ontzi errusiarrean, Nazioarteko Espazio Estaziorantz (ISS, ingelesezko siglengatik). 20 milioi dolar ordaindu zituen txangoagatik –200 milioi dolar zituen orduan; ez zitzaion horrenbeste diru irudituko–, eta joan eta itzuli sano eta salbu egin zituen. Are garrantzitsuagoa: bere bizitza arriskuan jarri gabe egin zuen, ez eta Talgat Musabayev eta Yuri Baturin kosmonauta errusiarrena ere, zortzi egun igaro baitzituzten enpresariarekin Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS).
AEBetako Nasa espazio agentziaren aginduak zorrotz betetzera behartu zuten: Ezin izan zuen ezer ukitu. Argazki safari batean balego bezala, argazkiak atera eta atera, pasa zuen denbora gehiena.
83 urte betetzean bi txartel erosi zituen, bata beretzat eta bestea emaztearentzat, oraingo honetan SpaceX konpainiarekin Ilargirako hegaldi orbitala egiteko.


