GAUR8

Alejandra Pizarniken ahotsak bizirik jarraitzen du 90 urte geroago

90 urte beteko lituzke gaur Alejandra Pizarnikek (Avellaneda, 1936ko apirilaren 29 - Buenos Aires, 1972ko irailaren 25a). Argentinar poetak 36 urte zituen bere bizitzari amaiera ematea erabaki zuenean, baina bere ahots poetikoak bizirik dirau; horren adibide, bere lanaren inguruko hainbat liburu.

Alejandra Pizarnik, 1962an.
Alejandra Pizarnik, 1962an. (WIKIPEDIA COMMONS)

Flora Pizarnik Bromiquier –horrela bataiatu zuten, baina gero Alejandra izena hartu zuen–  XX. mendearen bigarren erdiko ahots garrantzitsuenetako bat izan zen; transgresorea izan zen, bai bizitzan, bai poesian. Argentinan errotutako jatorri errusiar-poloniarreko etorkin juduen alaba, 1954an Filosofia ikasten hasi zen Unibertsitatean, frantses kultura ezagutzeko nahiarekin eta ametsarekin.

Haurtzaroan lekuz kanpo sentitzen hasi zen, asmatikoa zelako eta totelka hitz egiten zuelako. Bere burua ‘izaki desberdin’ gisa aitortzean deserosoa, izaera kaotiko, subertsibo eta ezegonkorra garatu zuen. Proust, Joyce, Artaud, Rimbaud, Baudelaire, Rilke eta surrealistak irentsi zituen. Autopertzepzio fisikoko arazoak izan zituen, bere gorputz-pisuarekin obsesionatu zen eta botikekiko adikzioa garatzen hasi zen.

Oso gaztetatik hasi zen idazten, ezkutuan. Lehen liburua, ‘La tierra más ajena’, aitaren laguntzarekin argitaratu zuen. 18 urterekin jada letren munduan sartuta zegoen. 24 urte zituenean, Parisera joan zen, eta han aurkitu zuen aterpe literario eta emozionala. ‘Cuadernos’ aldizkarian eta Frantziako hainbat argitaletxetan egin zuen lan. Poemak eta kritikak argitaratu zituen hainbat egunkaritan eta Antonin Artaud eta Marguerite Duras itzuli zituen, besteak beste.

Julio Cortazarren ‘Rayuela’ argitaratu ondoren, Maga eta Alejandraren arteko antzekotasun handiari buruzko lehen iruzkinak sortu ziren, eta Julio Cortazarri nobela horretako pertsonaia bera zela esatera ere iritsi zen. Cortazarrek berak sartu zuen olerkaria Parisko zirkulu intelektualetan eta baita bere etxean ere. 

1970ean, bere buruaz beste egiten saiatu ondoren, Buenos Aireseko ospitale psikiatrikoan sartu zuten. Baina ez medikuaren laguntzak, ez bekek, ez gutunek ez zuten lortu 1972ko irailaren 25eko goizaldean bere buruaz beste egitea. 

Bere omenezko hainbat liburu, saiaketa eta biografia argitaratu dira urte hauetan. Euskaraz irakurri daitezke bere lanak; Susak, adibidez, bere Munduko Poesia Kaierak sailean euskarara ekarri baitu.