Estatu frantseseko mendebaldean dagoen Banc d'Anguin duna izugarri kaltetu da neguan zehar. Ekaitzen ondorioz, zazpi kilometroko luzeera izatetik bi izatera pasatu da. Zientzialariek diote gertatu denak ez duela aurreraririk.
Pilat-eko duna ospetsuaren ondoan kokatua, Banc d'Anguin natura erreserba izendatu zutenetik bertan habia egiten duten hegazti ugariren bizilekua da. Benoit Dumeau erreserba naturaleko arduradunak azadu duenez, «zaila da zehazki zein handia den esatea, baina bere luzeera bereziki esanguratsua da. 2020an, ia zazpi kilometroko luzera zuen. Beraz, hareazko barra La Teste herriko Lagune hondartzaraino hedatzen zen. Eta orain, bi kilometroko luzeera baino ez du. Luzeera asko galdu du, eta baita zabalera ere; gero eta estuagoa da».
Negu eta udazkenean ekaitz asko egon dira, eta horiek duna higatu dute. Hala ere, adituak itxaropentsu daude: «Higadura ziklo baten amaieran gaude, beraz, metaketa etortzea eta berriro haztea espero dugu. Baina oraintxe bertan atzerakada nabarmena ikusten ari gara dunan eta landaredian, inoiz ikusi ez den zerbait», dio Dumeauk.
Bere esanetan, duna eremu interesgarria zen lurrean habia egiten duten itsas hegaztientzat landarediz estalitako duna handia zegoelako. Horren ia %90a galdu da orain. Arrautzak jartzen jarraitzen dute hegaztiek, baina ia ez dago lekurik, eta marea igotzen denean arrautz horietako asko eraman egiten ditu, eta ez dago ezer egiterik, ezin dira lekuz aldatuz.
«Babestutako eremu hau da modu naturalean aurrera egitea nahi duguna. Natura bere lekua berreskuratzen ari da eta libreki eboluzionatzen ari da, eta horrek ematen digu, hain zuzen ere, hegaztien populazioen egoera ebaluatzeko aukera. Baina ez hori bakarrik, landare espezieak ere babesten ari gara, eta, noski, ozeanoan bizi diren espezieak», adierazi du Helene Chancel-Lesueur Eskualdeko Ingurumen Agentziako zuzendariak.

