Lokaleko leihotik

Nahi izanda ere, zaila da etxebizitzaren inguruan dagoen harrabotsa ekiditea. Dela alokairu zein salmenta prezioek errekor berria gainditu dutela, dela gobernuak neurri berri bat aurkeztu duela, etxebizitza, etxebizitza eta etxebizitza dira agenda politikoaren lehen hiru puntuak azkenaldian. Egoera ez da gutxiagorako.
Egun hauetan Denis Itsaso Etxebizitza sailburuak bere departamentuaren azken estrategia aurkeztu du, eta, neurrien artean, lokal komertzial hutsak etxebizitza bihurtzea errazten duen neurria dago. Neurriak, hala sortutako etxebizitzek, etxe berri orok bete beharreko 80/2022 Bizigarritasun Dekretuaren hainbat betekizun saihestea ahalbidetzen du.
Erantzunak ez dira itxaronarazi, ohikoa den moduan, kritika gisa. Lokaletan bizitzea duintasunaren aurkakoa dela, Bizigarritasun Dekretua saihesteak azpietxebizitza sustatzen duela, edota neurri horrek lokalen jabeei espekulaziorako bide ematen diela esanez. Kritika zilegi izanik ere, neurria ikuspuntu tekniko batetik aztertzearen beharra garrantzitsua iruditzen zait, legearen letrak baino, haren aplikazio gaitasunak baitu garrantzia.
Arkitekturan jarduten duen edonork konfirma dezake 80/2022 Dekretua, printzipioz etxebizitzen bizigarritasun baldintzak bermatzea bilatzen duena, arkitekturaren kalitatea izugarri mugatzen duen kortsea dela. Hirigintzari dagokionez, hori are eta agerikoagoa da: gure hiri eta herrietako alde zahar edo zabalguneak, bizitza gehien duten eremuak, eraikitzea ezinezkoa izango litzateke dekretu hori jarraituz. Hortaz, dekretuaren zati batzuk salbuesteko aukera emateak, kasu askotan, zentzu osoa du. Bestalde, kritiketatik harago, lokaletan sortuko diren etxebizitzek, oraindik ere, eraikuntza arautzen duten gainerako araudi guztiek ezartzen dituzten bermeak bete beharko dituzte; hortaz, azpietxebizitzari bide ematen diola esatea esajerazioa da.
Behe solairuetan bizitzea duina ez dela esatea ere, ezagutza falta sakona iruditzen zait. Hasteko, jadanik milaka garelako behe solairuetan bizi garen euskal herritarrak, eta, bestetik, mundu osoan aurki ditzakegulako halako etxez beteriko auzo ederrak. Kontua da etxebizitzok non eta nola antolatu, egia baita ez dela egokia edonon lokalak etxe bihurtzeko aukera egotea, hiri egituran sortu ditzaketen disfuntzioengatik.
Hiria ez dira soilik etxeak, badira komertzio, bulego eta zerbitzuak ere, eta elementu horien guztien nahasketak osatzen du hiri konpaktu, jasangarri eta bizigarria. Hortaz, edozein lokal etxe bihurtzeko aukerak, arazo larri bat ekar dezake, gainbeheran dagoen komertzioa gero eta garestiagoa den etxebizitza merkatuaren presiopean desagertzea ekar baitezake. Eta soilik etxeak dituen hiria ez da hiria. Hori saihestea oso erreza da, eta bi neurri besterik ez dira behar. Lehena, sortutako etxebizitzek “babestu” izaera izatea, saltzekotan, prezioa mugatuta egonik. Bigarrena, udalez udal etxebizitzok non egin daitezkeen zehazteko ordenantzak egitea, kale komertzial, eremu sinboliko edo plaza biziak saihestuz. Bi puntu horiek jasotzen dituzten ordenantzak jada existitzen dira Arrasate bezalako herrietan, hortaz, gai hau ez da ez berria ezta arazotsua ere.
Etxebizitzaren arazoaren aurrean proposatutako neurria konponbidea dela esatea ere ez da erreala. Sailburuak berak esaten zuen EAEn 7.500 etxebizitza lortu ahal izango direla horrela, eta kopuru hori EAEko etxebizitza parkearen %0,01era ere ez da iristen. Konponbide modura, beraz, labur.
Hori bai, orain arte gauzatzen zailak ziren proiektuak errazten dituen neurria da, eta uste dut egokiagoa dela hala aurkeztea, mirarizko neurri modura saltzea baino. Bilbon eta Gasteizen, “Loft Study House” izenpean egin dira azken hamarkadan mota honetako hainbat proiektu, emaitza bikainekin. Acha Zaballa arkitektura taldeak La Mina del Morro auzo bilbotarrean eginiko proiektuak Bizigarritasun Dekretuak ahalbidetzen dituen etxebizitzen eredu paregabea ematen du, bertan sortu ziren bi etxetxoak edozein promozio berritan aurki daitezkeenak baino askoz ederragoak izanik.
Berriro ere, NOLA da ZER baino garrantzitsuagoa, eta neurri honek zenbait herritarri beren ametsetako etxebizitza egiteko aukera errazten die. Hori bai, hori egin nahi duenari kalera irekitzea eskatu behar diot, fatxada itxi bat, kale itsu bat baita. Lokaleko leihotik ikusi zaitut berriz… •



