GAUR8

Larriki mehatxatua dagoen musker espezie baten itxaropena

Guatemalako espezie endemikoa da «eskorpioi muskerra» bezala ezaguna den narrastia. Oso gutxi bizi dira askatasunean, eta La Aurora zoologikoa bezalako zentroetan horiei laguntzen saiatzen dira. Animaliak ugaltzeko programa baten baitan, hiru kume jaiotzea lortu dute. Iaz beste bat jaio zen. 

Heloderma Charlesbogerti, eskorpioi muskerra bezala ezaguna, munduko espezierik mehatxatuenen artean kokatzen da. Guatemalan endemikoa da narrasti hau.

«Espezie hau Guatemalan bakarrik existitzen da, eta Guatemalan Motaguako Ibarrean soilik», azaldu du Rowland Griffin La Aurora zoologikoko arduraduna. Askatasunean oso ale gutxi bizi dira: «espezie hau desagertzeko arriskuan dago, askatasunean 500 eta 700 ale heldu inguru besterik ez daude».

Duela egun batzuk animalien kontserbazioa eta haiekiko errespetua sustatzea xede duen La Aurora zoologikoak jakitera eman zuen eskorpioi muskerraren hiru kume jaio zaizkiela, legez kanpoko trafikotik jasotako ale helduetatik jaiotakoak. 

Iaz kume bat jaiotzea lortu zutenez, aurtengo jaiotzei esker zaintza-patroi bat ezarri dute aurrerantzean espeziearen populazioa hazten laguntzeko eta animalia horiek modu kontrolatuan askatasunean hezteko. Izan ere, orain badakite zein kondiziotan mantendu behar dituzten musker hauen arrautzak kumeak bizirik ateratzea lor dezaten. 

«Aurten garaipen gehiago izan ditugu hiru kume jaiotzean, eta pozik gaude txiki hauek bere habitatean hezi ahal izango ditugulako», dio Griffinek.