
Miguel Jose Azantza Alegria (Agoitz, 1746ko abenduaren 20a – Bordele, 1826ko ekainaren 20a) Agoitzen jaio zen jatorri nobleko etxe batean. Aita Pedro de Azanza Nabarlaz zuen, Auritzekoa, eta Juana Maria de Alegria, Eguesibarkoa, ama. 1768an hasi zuen Miguel Jose azkarrak bere ibilbidea, osabaren laguntzaile bezala, Veracruzeko (Espainia Berria, gaur egungo Mexiko) errenten administratzaile orokorra legez.
Bere gomendioz, Jose de Galvezen erregeordearen zerbitzura jarri zen gaztea, baina Galvezek burua galdu zuela salatu zuenean, Kubara alde egin behar izan zuen. Han Errege Armadetan sartu eta kapitain titulua lortu zuen.
Zerbitzu diplomatikora pasatu zen: San Petersburgo, Berlin, Habana... Eta, ondoren, Frantziaren aurkako Konbentzio Gerran (1793-1795) nabarmendu zen: Rosellon Armadako intendentea, Estatu eta Gerra Bulegoko Idazkaria eta, gero, Espainia Berriko erregeorde izendatu zuten.
1793an Euskalerriaren Adiskideen Elkartean sartu zen merezimendu handiko bazkide gisa; Alexander von Humbold geografo eta humanista handiaren laguna zen ere.
52 urte betetzean hartu zuen Mexikoko agintea. San Blas portua gotortu eta armatu zen, 1799an Matxeteen Konspirazioa gelditu eta bere agintepean industria eta merkataritza bultzatu ziren.
1800ean Espainiara itzuli zen Estatuko kontseilari aritzeko, Godoyk erbesteratu zuen arte. Aranjuezko matxinadaren ondoren, Fernando VII.aren Ogasun ministro izendatu zuten (1808). Napoleonen aldekoa zenez, José Bonaparte aitortu zuen, eta leialtasunez aritu zen horren alde.
Jose I.ak Indietako ministro izendatu zuen, eta, hurrenez hurren, Justiziako, Eliza Gaietako eta Kanpo Arazoetako ministro, Granadako errege komisario, Santa Feko duke eta Toison ordenaren zaldun.
Baionako Konstituzioa idatzi zuen Notableen Batzarraren buru izan zen. 1810ean Parisa bidali zuten enbaxadore. Frantsesak Espainiatik kanporatuta, Azantzak erbestera jo zuen, heriotzara zigortu eta bere ondare guztiak konfiskatu eta gero.


