Durian fruta ez da oso ezaguna gurean. Bidaiariek Asiako ekialdeko herrialdeetara bidaiatzen dutenean probatu nahi izaten duten jaki bat da. Gu ez gaude horrelako zaporeetara batere ohituak eta usain eta zapore txarra hartu ohi diogu, baina bertakoentzat gutizi bat da. Hala, Malasian benetan preziatua da. Garestia ere bai.
Orain, berriz, merkatuan gehiegi daude. Tokiko komunikabideek ‘durian tsunami’ bezala izendatu dute merkatuan ematen ari den fenomeno hau. Prezioek behera egin dute, fruta guzti hori ez galtzeko, ahalik eta azkarren saltzeko, baita premium barietateen prezioek ere; izan ere, %90eko deskontuarekin ari dira saltzen, 9 ringgitetan, 2,10 dolar ingurutan. Bezeroak erosteko irrikitan daude.
Cheah Kim Wai fruta saltzaileak azaldu du ekoizpena handitu egin dela, eta horrek ondorioak ditu prezioetan: «Iazkoarekin alderatuta, aurten %30-40 inguru igo da, eta hori igoera nabarmena da. Horren ondorioz, aurten durianak inoiz baino merkeago daude; duela 20 urte baino merkeago!»
Ekoizleentzat ez da albiste ona. Petrolioaren garestitzeak ongarrien prezioek gora egitea eragin du eta, beraz, heltzen diren durianak merke saltzean ez dute gastatutakoa konpentsatzen. «Lehen, tona batek mila ringgit baino apur bat gehiago balio zuen; orain, berriz, ongarri-tona batek sei mila baino gehiago balio du. Beraz, kostuak asko igo dira», dio.
Petrolioaren prezioek gora egitearen beste ondorio bat da kanpora, Txinara batez ere, gutxi esportatzen direla durianak, eta horrela Malasian gelditzen dira gehienak, gaineskaintza sortuz. Normalean kiloak 50-60 ringgit balio duen bitartean, orain 8-11 ringgit inguru balio ditu.

