GAUR8

Robert Capak ‘Miliziano baten heriotza’ argazkia egin zuen gaur 90 urte

1936ko irailaren 5ean Espejoko frontean (Kordoba), Robert Capak bere argazki ospetsuenetako bat atera zuen: ‘Miliziano baten heriotza’ edo ‘Eroritako soldadu bat’ bezala ezagutzen dena. 90 urte geroago, misterio bat izaten jarraitzen du. Eta fotokazetaritzaren klasiko bat ere.

Hemen irudia. Madrilgo Reina Sofia museoaren bilduma iraunkorraren parte da.
Hemen irudia. Madrilgo Reina Sofia museoaren bilduma iraunkorraren parte da. (Robert CAPA / CORNELL CAPAREN DOHAINTZA, NEW YORK, 1988 | REINA SOFIA MUSEOA)

Robert Capa (Endre Ernő Friedmann jaiotzez, Budapest, 1913ko urriaren 22a - Thai Binh, 1954ko maiatzaren 25a) gerrako fotokazetaritzaren mito handia da. 1936ko Gerran, II. Mundu Gerran, Txina-Japonia artekoan edo Indotxinako gerran aritu zen lanean. Eta gerra batean galdu zuen bizia, Vietnamen mina bat zapaldu zuenean.

‘Life’ aldizkariaren arabera «munduko gerrako argazkilari onena» zenaren atzean hungariar judu bat zegoen, komunista eta antifaxista zena. Eta Robert Caparen atzean bi argazkilari zeuden: Friedmann bera eta Gerda Taro (Gerta Pohorylle jaiotzez, Stuttgart, 1910eko abuztuaren 1a - El Escorial, 1937ko uztailaren 26a). 

Elkarrekin sortu zuten Robert Capa pertsonaia; emakumea eta judua izanik, ezizen horrekin errazago salduko zituzten beraien erreportajeak. Gerda uztailean hil zen tanke batek harrapatuta, eta Capa, beraien izena gordetzeaz gain, historiako argazkilari ezagunena bihurtu zen.

Capak kontatu zuenez, 1936ko irailaren 5 hartan, Espejon (Kordoba) lubaki batean zegoen milizianoekin. Faxisten tiroetatik geldiarazten zuen objektu baten babesean, 35mm-ko Leica eta 50mm-ko objektibo bat atera zituen eta errepublikarrak matxinatuen metrailadore alemanen aurrean bata bestearen atzetik nola hiltzen zituzten ikusi zuen.

Argazki guztiak ‘Vu’ aldizkari frantsesean argitaratu ziren ‘Comment sont-ils tombés’ (‘Nola erori ziren’) izenburuarekin 1936ko irailaren 23an. Haietako batek, miliziano batek tiroa hartu eta hilda erortzen den une berean erakusten du. Eta 90 urte beranduago, oraindik ez dago argi argazki haiek non eta nork atera zituen ezta hildakoa nor zen.

Egun, Madrilgo Reina Sofia Museoaren bilduma iraunkorraren parte da.