Epaitegiak 58 urteko Thaci erruduntzat jo du «enpresa kriminal bateratu bati» egindako ekarpen erabakigarria aipatuta. Gizateriaren aurkako krimenen sei karguetatik absolbitu dute ordea.
Kosovoko lehen ministro eta presidente izandako Thacirekin batera, Kosovo Askatzeko Armadako beste bi buruzagi ohi 18 eta 13 urtera kondenatu dituzte hurrenez hurren. Epaileen arabera, ez zuten zalantzarik izan talde armatu horren helburuekiko «oztopotzat» jotzen ziren zibilak, batik bat serbiarrak, erasotzeko, atxilotzeko, tratu txarrak emateko, eta «beharrezkoa balitz, hiltzeko ere».
Zehazki, epaileek honako delituak egotzi dizkiote politikari albaniar-kosovarrari: gutxienez 385 pertsonaren atxiloketa arbitrarioa, 49ren tratu krudela, 303ren tortura eta 96 pertsonaren heriotza.
Thaci 2020tik dago preso Hagako espetxe batean eta bertan preso eman dituen urteak murriztuko zaizkio azken kondenatik.
Erabakia ezagutu eta berehala, istiluak izan dira Pristina Kosovoko hiriburuan, gerra krimen akusazioak gora-behera, Thaci heroitzat daukatelako albaniar-kosovar askok. Kosovok 2008an aldarrikatu zuen bere independentzia, galdeketarik gabe, baina EB eta AEBren babesarekin.

