GAUR8

‘Derioko baserriak. Izena eta izana’, arkitekturatik harago doan ondare baten memoria

Derioko baserrien inguruko informazioa bildu du Labayru Fundazioak katalogo moduko argitalpen batean. Herriko baserrien irudiak eta datuak bildu dituzte: izenak edo horien aldaerak, bereizgarriak..., eta ondare immaterialaren balioa azpimarratu dute.

Derioko baserrien informazioa bildu dute, kultur ondare hori kontserbatzeko.
Derioko baserrien informazioa bildu dute, kultur ondare hori kontserbatzeko. (Labayru Fundazioa)

Labayru Fundazioak ‘Derioko baserriak. Izena eta izana’ lana aurkeztu du gaur, herriko baserrien katalogo bat, ondarea arkitektonikoa eta kulturala kontserbatzeko. 

Udalaren eskariz egin dute lana, eta 60 etxe zerrendatu dira. Bakoitzaren argazkiarekin batera fitxa bat dago non baserriaren izen arautua zehazten den, «historikoki izan dituen izen ezberdinak edo aldaerak, ahoz zelan esaten zaion eta baserriaren bereizgarri edo jakingarri nagusiak».

Derioko baserrien liburua. (Labayru Fundazioa)

Azaldu dutenez, XVI. mendekoak dira Derioko baserririk zaharrenak, egurra nagusi dutenak. XVII. eta XVIII. mendeetan, harria dago presenteago, baina zehaztu dute badirela molde horietan sartzen ez direnak ere.    

Prentsa ohar batean. Fundazioko ordezkariek ekimenaren helburua azpimarratu dute:  «gure izana, gure izaera delako, eta ez dugulako galdu gura»., eta erantsi dute ikuspegi arkitektonikotik harago doan balioa dagoela, «baserriek eraikin modura daukaten balioa; baina bestetik, ondare ez materiala dago, ukitzen ez dena». «Baserrietan familia bizi izan da, beraien sentipenak, lanak, poz-negarrak, anekdotak... dira baserriari bizia ematen diotenak. Jakituria hori dena belaunaldi batetik bestera doa, eta horixe da hona ekarri gaituena. Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da geroa definitzeko orduan», adierazi dute.

Argitu dute, halaber, auzo izen edo abizen bihurtuta daudela baserrien jatorrizko izendapen asko. Horren harira, gogoratu dute hortik datorrela «‘Izena eta izana’ azpi deitura. Xalbador bertsolariak ‘Sortetxeari’ egindako bertsoetan esaten du: ‘Munduko leku maitena, zuri zor dautzut naizena: izana eta izena’».