GAUR8

Gaur 35 urte argitaratu zuen Nirvanak ‘Nevermind’ diskoa

Gaur 35 urte, musika-panorama hankaz gora jartzen hasi zen, 1991ko irailaren 24 hartan Nirvanaren bigarren iraupen luzeko ‘Nevermind’ izeneko diskoa argitaratu ondoren. Bere sortzaileak ospetsu bihurtu eta rock zaleen belaunaldi oso baten arreta Seattleko ‘grunge-an’ jarri zuen.

‘Nevermind’ diskoaren azala mitikoa.
‘Nevermind’ diskoaren azala mitikoa. (DGS RECORDS)

Nirvanaren musika taldeak ‘Nevermind’ lana kaleratu zuen gaur bezalako egun batean. Uretan amu batetik zintzilik dagoen dolar-billetea harrapatu nahian dabilen haurtxo baten azala ikonikoa zuen disko hark eta barnean gordetzen zuen kantu-sorta edukitzeagatik, «iraganeko, oraingo eta etorkizuneko talde gehien-gehienek hil egingo lukete», Mikel Jauregiren arabera.

Hala nola ‘Lithium’, ‘Come us you are’, ‘On a plain’ eta, nola ez, ‘Smells like teen spirit’ kanta ikonikoa bila zitezkeen ‘Nevermind’-en barnean. Disko honek izan zuen eragina hain handia izan zen, ezen 1991a historiara pasa zitekeen ‘Nevermind’en urtea’ bezala, gainerako ekoizpen diskografikoak bigarren mailan utzi zituelako.

Kurt Cobain taldearen aurpegirik ezagunena izan zen, baita Seattlen epizentroa izan zuen musika-mugimendu –eta estetiko– oso batena ere. 

Bertsio asko izan ditu disko honek –gurean, ‘Nevermind people’ lana, esaterako– eta zenbait istorio bitxi eragin ditu. Adibidez, portada hartan agertzen zen haurrak eragindako polemika.

Azken urteotan, Spencer Eldenek, umetan Nirvanaren ‘Nevermind’ diskoaren azalean agertu zenak, agerraldiak egin ditu prentsaren aurrean, irudi horri lotuta egoteagatik atsekabetuta. 2016an, argazkiaren berrargitalpenekin, auzitara eraman zuen kontua ‘haur pornografiagatik’ eta kalte-ordaina eskatu zuen.